Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo

Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo –

Ez narama programa hauek aipatzera turismoa bultzatu nahiak bereziki, noiz eta koronabirusaren krisiak gogor kolpatu duenean turismoaren arloa, baina turismoarekin batera beste zera batzuk ere lantzen dira programa horietan axalkiago edo sakonxeago, kasu, nortasun jakin bateko giza-taldeen iritziak, zaletasunak edo herriminak, eta horretxegatik hartzen ditut artikulugai telebista publikoetako programa horiek.

Euskalonski Kataluniako TV3 kateko Katalonski saioan dago inspiratua -hala deitze diete poloniarrek eta hainbat eslaviarrek katalanei-. 2018ko apirilean hasi ziren ematen Katalunian, Halldór Már musikari islandiar katalan berriak aurkezturik -Bartzelonara duela 25 urte iristean, ez zekien katalanik bazenik ere-. Katalana ikasi duten 12.000 atzerritar inguru omen daude munduan, eta programaren xedea zen haiek elkarrizketatzea eta haiek katalana zergatik ikasi duten azaltzea, katalanen baitan katalan izatearen harrotasuna txertatze aldera.

Euskalonski programaren xedea ere antzekoa da: batzuetan, euskara ikasi duten atzerritarrak azaltzen dira, haiek izan duten motibazioa euskara ikasteko, eta beste batzuetan, aldiz, atzerrian bizi diren euskaldunak mintzo dira, lanagatik edo maitasun harremanak tarteko aberritik urrunduak bizi direnak eta gehienetan itzultzeko asmoa dutenak. Pello Reparaz arbizuar musikari-konpositore eta ekoizlea da aurkezlea, eta lortzen du erraz eta atseginez eta jakin-minez ikusten den programa burutzea. 

Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundoAudientzia-datuei dagokienez, Katalonskiren bigarren programa 390.000 katalanek ikusi omen zuten, pantaila-kuotaren 17,5ek, eta, oro har, 318.000 ikusle eta kuota 13,7koa izan omen du. Kataluniako hizkuntza-politikak sustatu du, besteak beste, eta katalan ikuspegitik programa egokia izan da katalanaren zabalkunderako.

Euskalonski programara etorriz, Bruselako euskaldunei eskainitako programan lortu zuen ikusle kopuru handiena eta pantaila-kuota gorena ETBn: 20.000 ikusle eta %3ko kuota (euskaldunen artean %10,7) hurrenez hurren. Eta, oro har, 12.000ko ikusle kopurua izan du, eta %1,8ko kuota. Audientzia-datuetan aldea nabaria da, katalan-hiztun eta euskal-hiztunen artean dagoen bezala, eta kontzientzia aldetik ere hortxe nonbait, euskal eta katalan hiztunen artean.

Esan bezala, ikusteko atsegina gertatzen da eta euskaldun izatearen harrotasuna sentiarazteko aproposa da. Pena da ikusle kopurua handiagoa ez izatea. Arrazoiak ugariak izango dira, baina, oker ez banago, ez du ikusle kuota kaskarra beste programa batzuekin alderaturik.

Vascos por el mundo ere, 2018an hasi zen. Segur aski Españoles en el mundo programan eta/edo Ces français du bout du monde-n (TV France) inspiratuko zen. Gaztelaniaz; xedea du agertzea euskal herritarrak -ematen du gehienetan euskaraz ez dakitenak agertzen direla; ez dago zertan jakinik ere programa horretarako!- zergatik joan diren atzerrira bizitzera eta ea herriminik baduten galdetzen zaie, zeren hutsunea nabaritzen duten…

Programa arina da, fribolo antza, kaskarin-txolina zenbaitetan, eta euskaltasun folklorikoa edo geografikoa edo gastronomikoa agertzen da gehienbat. Ahaide eta lagunen hutsunea nabaritzeaz gain, hemengo mendi, hondartza, eta janariak dituztela eskas adierazi ohi dute, eta beren lurralde historikoko futbol taldearen oso zaleak agertu ohi dira sarri askotan. Audientzia-datu txarrak ez ditu, kopuru altuena Miamiri eskainitako programak lortu zuen 229.000 ikuslerekin eta %10,9ko pantaila kuotarekin, baina, jakina, gazteleraz.

Euskal ikuspegitik mintzaturik, baliabide publikoak Euskalonski programara edo haren hurrengora bideratu behar dira, prime time ordutegian kokaturik, eta komeni da programa hori gero eta gehiago Euskaldunak munduan bilakatzen joatea bi xedeak nahasiz; batetik, euskara ikasi duten atzerritarrak elkarrizketatuz, eta, bestetik, atzerrian bizi diren euskaldunen berri emanez eta euskaldunon konplexuak uxatzen laguntzea; Españoles en el mundo-k edo  Ces français du bout du monde-k egin ohi duten bezala, eta era berean, euskaldunok leialtasuna agertzea programaren audientzia-datuak hobetuz.

Ez al litzateke horixe euskal telebista publiko baten ikuspegi eta jokabide koherenteena, audientzia-datuen mende ibili gabe beti?

Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo
Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

9 pentsamendu “Katalonski-Euskalonski eta Vascos por el mundo”-ri buruz

  • Arrazoia du egileak: Katalunian Katalanoskik izan duen arrakasta ez du lortu Euskalonskik. Egia da katalana ulertzen dutenen kopurua eta euskara ulertzen dutenena ez direla berdinak, baina horretaz gain iruditzen zait TV3n programa horren aldeko apostu garbia egin dutela, eta ETBn ez.
    ETBk programa beraren (edo oso antzekoaren) bi bertsio ematen ditu: Euskalonski, euskaraz, eta Vascos por el Mundo, erdaraz. Honi lehia desleiala esaten zaio. Eta lehia horretan, jakina, irabazle aterako da beti erdarazko bertsioa….
    ETBk TV3 bezalako politika jarraituko balu (hots, jatorrizko hizkuntzaren sustapena) formatu beraren bertsio bakarra emango luke, euskarazkoa. Vascos por el Mundo soberan legoke.
    Baina badakigu ETBk gero eta antza gehiago duela “Tele Norte”rekin, eta bere helburu nagusia, nahiz eta bere estatutuetan hau jarri, ez dela euskararen sustapena, baizik eta euskal herritar gehienetara iristea….Eta horrek esan nahi du erdarari emango diotela beti lehentasuna.
    Hori Katalunian ezinezkoa izango litzateke.
    Bide batez: TV3ko audientzia: %14,6. ETB1eko audientzia: %2 , eta Galiziako TVG-koa: %9,3 (2019ko datuak)

  • Eskerrik asko zure ekarpenagatik Josu

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-15 18:07

    Eskerrik asko, Pako, horiei erreparatzearren. Inork baino gehiagok ez die kasurik egingo, ezta telebistari ere, baina guk begiratu edo ez, programa hori eta beste batzuk hor daude, diru publikoz ordainduta, eta jendeak segitzen ditu.

    Txalotzekoa Katalunian lortu dutena, baina EAEko edo Nafarroako egoera soziolinguistikoa ezin da harekin parekatu. Mundu erdalduna hor dago, Lasarten egunerokoan % 85-90 inguru izango da erabat erdalduna (nire “kale neurketa”, zilegi bekit…). Erdal mundua guztiz hedabide pribatuentzat utzi eta bakarrik euskarazko hedabideei eutsi? Ulertzen dut ikuspegi hori, baina ez dut uste horrek gauzak hobetuko lituzkeenik.

    Gakoa, kasu honetan, da aipatu duzun Euskalonskin indarra (baliabideak) jartzea, Pello Reparazek lan txukuna egiten du nire ustez. Bertan gai sakonagoak eta arinagoak tartekatu, euskaldundu den jendea elkarrizketatuz, etab. “Vascos por el mundo” hori Telemadridetik sortu zen antza, latan sartu zuten, eta EAEra ekarri, eredu autonomiko kolonialari lotuz. Ez diot erdarazko programarik existitu behar ez denik, baina eredu autonomiko (departamental) koloniala bazter utzita (“¿Es tan difícil como se dice que es aprender euskera?”).

    Aurkezle batzuek euskaraz ere ez dakitela esango nuke; elkarrizketatua Ibaizabaleko bokaletik urrundu ahala (barka Gilen, ez zure kasua noski) aurkezlea deserosoago sentitzen da (nafarren bat aurkituz gero, adibidez) eta Pirinioez iparraldeko euskaldunak ez dira existitzen noski (frantsesak…).

    Programatik suzedaneo bat ateratzen da: latako eaetar identitate bat (edo Gilenek esan izan duen bezala, kaftar bat), nafar-hauts pixka batez gozatua. Euskaldunetatik “Euskadira”, eta metamorfosi kaftarraren amaieran ez gara berdinak izango.

  • Joaten zara Bretainiara edo Xiloé ikusten duzu, eta Ostren Kofradia daukazu begien bistan. Bretainiako jantzi tradizionalez jantzitako adineko bretainiarrak, dantza tradizionalak dantzatzen. Bazkaria eta diskurtsoa frantsesez, noski. Bai folklorikoa, diozu zeure artean!
    Berez, bretainiar dantzek, gastronomiak, jantziek; Extremadurako edo Gaztelako edo Aragoiko edo Andaluziako dantzek, edo Katalunia eta Galiziakoek edota euskal dantzek ez dute ezer txarrik, noski. Adierazten dute hein bateko nazio-atxikimendua. Baina apala.
    Hortik gora dago hizkuntzaren balioa. Atxikimendu askoz handiagoa adierazten du euskal hizkuntza koherentzia gutxieneko batekin darabilenak…
    Eta hizkuntzak berak bakarrik ere, lurralde baten burujabetza osoa edo handia izan gabe, jai du; gure kasuan, behintzat.
    Eusko atxikimendu ttipi hori agertzen du Vascos por el mundok: gastronomia, hemengo geografia, ohiturak, kirol taldeenganako zaletasunak…; eta okerrena, Josuk dioen bezala, baliabideak jaten dizkio Euskalonskiri.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-16 22:57

    Beste kasu latz bat eguerdian eta beste orduren batean jartzen duten galdera-erantzunen programa da, guztia ere Conquisen estetika berean, parte-hartzaileak ez direnean: Atrápame si puedes, Date el bote… Batek ez du luzaro ikusi behar ohartzeko bertan EUSKAL(DUN) KULTURAK BETO argia duela, kultur apartheid bat, non eta ez den:

    a) Kepa Junkera
    b) Izaro
    c) Bernardo Atxaga
    d) Sukaldaritza
    d) Ocho apellidos vascoseko aktore euskaldun bat
    e) Euskal-espainiar nahasketa erakusten duen beste edonor/edozer

    Eta ez dut artista horien kontra ezer; are, esango nuke berea egiten onak edo oso onak direla, baina eredu jakin bati erantzuten diote, espainiar show businesseko korporazioak/botere publiko autonomikoak ordaintzeko prest dauden eredu bat.

    Esaten duzuna, bai, argi ikusten da bi maila bereizten (transmititzen) direla: batetik, kultura osoa, NAZIOArena (“la Nation”), mediatikoa, eta, bestetik, “la patria chica”, sentimentala, nostalgikoa, etab. Bigarrena, noski, lehendabizikoaren azpikategoria gisa aurkezten da, indigena eta folklorikoa. Bat nator euskarazkoa indartzearekin, guztiz ere, baina ez gara urrun helduko beste katean, gaztelaniazkoan, eredu irlandes-diglosikoa proiektatzen bada, horrek finkatuko baitu nahi ala ez gizarte kontratua.

  • Ados Iñaki.

  • juan inazio hartsuaga 2020-04-20 18:30

    Euskalonski guztiak ikusi ditut eta bakarren batzuk bikainak izan diren arren (pakistandar familiako senideena kasu), orokorrean erdara gehiegi entzun dut eta erdararekiko sumisio gehiegi antzeman dut. Nahi baino gehiagotan egin diot zapping hori dela-eta.

  • Ongi da Euskalonskiren inguruko eztabaida hau. Begiak irekitzeko balioko ahal du!

    Halaz ere, zalantza da ETBren filosofia planteatzera iritsiko ote garen inoiz, zeren eta hurbilago dugu telebista mota hori sustatzen duen hizkuntz plangintza madarikatu hau eta inor gutxi asaldatzen da arduradun politikoek egiten digutenarekin.

    Iraina eta iseka besterik ez ETB1eko ikusleekiko. Euskaldunokiko, alegia.

    Adibide konkretuak begien aurrean.
    Koronabirusa dela eta, hilabete luzea daramagu inolako interesik sorrarazten ez duten saioak jasaten. Betikoa da ETB baskoaren eskema: duela hogei urteko txirrindularitza, futbol, saskibaloi eta pilota partidekin arratsalde eta goizalde guztia bete, eta gainontzeko tarteak programa zaharren errepikapenarekin. Film interesgarri bat bera ere ez. A, bai! barkatu! faxisten suntsitutako Gernikarekin inolako zerikusirik ez duen “Guernica” milinga bat gaurkoan.

    Eta albistegiak? Bi gaitara (bi gaita-ra, bai) mugatuak:
    Lehena, Urkulluk eta haren konsorte diren Erkoreka-Tapia-Uriartek eta foru-mariatxiek arazo guztien aurrean egiten duten kudeaketa perfektoa. Etengabeko hauteskunde-kanpainan egongo ez bagina bezala.
    Bigarren gaia, koronabirusa bi bertsiotan: bertsio hispanoan, Simon, Illa y sus chaperos, eta bertsio baskoespainolean EAEko egoera, inoiz euskaraz irakurtzen ikasiko duen sailburu bat protagonista; geroxeago, Nafarroa la Nuevako egoera.
    Eta ETB1 horretan larriagoa dena: albistegietako hizkuntza, hispanobilinguea, porsupuesto (les basques du sud ne parlent pas frantxute); hispanobilingue garbia.

    Arrazoi ezezagunen bat dela medio, ez dago modurik euskaldunok albistegietan euskararen soinua bakarrik, bakar-bakarrik, gaztelaniaren interferentziarik gabe, entzun dezagun.
    Antza denez, euskaldunok gure diruarekin ordaintzen dugun telebistan ere ez dugu euskara hutsezko albistegirik ikusteko eskubiderik. Bistan da bikoizketak asmatu gabe daudela ETB1ean.
    Nonbait hizkuntz politikaz eta ETBz arduratzen diren kudeatzaile horiek ez dute ulertu nahi altxorra ikaragarria dutela eskuen artean.
    Ikusitakoa ikusita, ez dute ulartu nahi arnasgune birtual ezin eraginkorragoa litzatekeela euskaldunentzat eta euskaldun izan nahi dutenentzat sukalderaino sartzen den telebista arras euskalduna izatea.

    Oso kezkatuta omen daude euskal munduko Zupiria eta Dobaran guztiak Euskaraldiarekin; ezer gutxi, ordea, etxe euskaldunetara sartzen digzkiguten “euskal” telesaioen hizkuntzarekin.

    Datorren larunbatean, orain arte esandakoaren adibide xinple bat gaueko programazioan: “Los cinco bilbainos Donostian” programa.
    Etzazue galdu! Haluzinatzeko modukoa izango da eta.
    Hispanototalean haluzinatzekoa, aizue!

  • Ia goitik behera ados, Meredith.
    Ñabardura bat soilik: “Nonbait hizkuntz politikaz eta ETBz arduratzen diren kudeatzaile horiek ez dute ulertu nahi altxorra ikaragarria dutela eskuen artean” diozu. ETBz arduratzen direnen mugak ez dakit zein eratakoak diren. Ez dakit borondatea ba ote duten, baina (ia ezertan) ekiten ez dieten uzten, ala euskarazko katea bost axola zaien.
    Hizkuntza politikaz arduratzen direnen arazo nagusia, ahalmenik eza da, nik uste, borondate arazoa baino. Hizkuntza politika hirugarren lerroko auzia da Eusko Jaurlaritzan. Lehen mailan Lehendakaria badago, bigarren maila batean sailburuak (horietan ere mailak eta mailak daude) eta hirugarrenean sailburuordeak. Bada, maila hori eman diote hizkuntza politikari. Nolabait esateko, futbolean Amorebietak edo Tudelanok daukan pisua eta aurrekontua.
    Hor (ere) ikusten da oso garbi JELtzaleentzat (edo EAJn agintzen dutenentzat behintzat) euskaldunok non gauden: bigarren (B) mailan.