[Venezuela 1] Blokeo ekonomikoa
Venezuela –
[Venezuela 1]
Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
…
Venezuelaren kontrako blokeoa aipatzen denean alderdi makroak erabiltzen dira askotan: trantsazio finantzieroak egiteko ezintasuna, atzerrian dauden aktibo ekonomikoen blokeoa, kanpoko inbertsioak zailduta edo ezinduta izatea, EEBBetan dauden enpresa venezolarren interbentzioa (PDVSAren Sitgo filiala kasu)… Izan ere, Estatu Batuetatik ezarritako blokeoak eragin oso nabaria izan du Venezuelako ekonomian. Centro Estratégico Latinoamericano de Geopolitica-k (CELAG) egindako kalkuluaren arabera, blokeo ekonomikoak 245.000 eta 350.000 milioi dolarreko galerak suposatu zuen 2013 eta 2017 urteen artean; batez bestekoan, venezolar bakoitzari 8.400 eta 12.100 dolarren artean (www.celag.org/las-consecuencias-economicas-del-boicot-venezuela). Kalkulatzen da 2013tik aurrera Venezuelako sektore publikoak ez duela jaso 19.000 milioi dolar urtean eta, aldi berean, 3.300 milioiko gain-kostua izan duela kanpoko-zorrari dagokionez, nagusiki arrisku-primagatik. Azken urteetan galerak areagotu dira, Trumpen Gobernuaren zigor ekonomikoak asko intentsifikatu baitira. Izan ere, 2017tik aurrera EEBBetako gobernuak 150 neurri hertsatzaile hartu ditu Venezuelaren kontra (resumenlatinoamericano.org/bloqueo-economico-contra-venezuela).
Edozelan ere, alderdi ekonomikoa gerra hibrido baten osagaia da. Gerra bat, bai; mota ezberdinetako neurriez osatutako gerra bat, non blokeo ekonomiko eta finantzieroa beste eraso mota batzuekin konbinatzen den: gerra diplomatikoa Venezuela nazioartean isolatzeko, gerra mediatikoa chavismoa eta Venezuelako errealitatea desitxuratzeko eta interbentzio bat justifikatzeko, gerra psikologikoa herri venezolarra etsipenera eramateko eta kalea desengonkortzeko, sabotajeak eguneroko bizitza gehiago zailtzeko, eraso paramilitarrak oinarri chavistei lurraldearen kontrola kentzeko…
Venezuelan ez dago hondamendi humanitario bat, sistemaren komunikabideetatik ikustarazi nahi diguten bezala. Izan ere, 2019ko otsailean “laguntza humanitarioa” omen zituzten kamioiak Kolonbiatik igarotzen saiatzearena propaganda kanpaina baino ez zen izan. Haiek beraiek sortutako gaixotasunerako aspirina, hain zuzen ere. Alabaina, blokeoak krisi humanitarioa eragin ez badu ere, herrian min eta sufrimendu handia sortzen ari da. Eta esan behar da, krisia ez bada handiagoa, chavismoari esker dela. Gobernuari aitortu behar zaio jendearen oinarrizko beharrak asetzeko ahalegin handia egin izana. CLAPak (Comités Locales de Abastecimiento y Producción) adibide onena dira. CLAP kutxak leku batzuetara maiztasun erregularrarekin heltzeko arazo handiak badaude ere, familia guztietara janari kopurua helarazten zaio (olioa, arroza, arto-irina, lekaleak, batzuetan hega-laburreko latak…), gutxieneko bat bermatze aldera. Edozein kasutan, ekimen hau ez da libratu EEBBetako gobernuaren jazarpenetik. CLAPeko idazkari nagusiak, Freddy Bernal-ek, 2019ko maiatzean jakitera eman zuen CLAPetarako elikagaiak Venezuelara eramaten zituzten 12 ontzi-enpresetatik 10rek zigorrak jaso zituztela. Horrez gain, ordainketak egiteko zailtasunek atzeratzen dute asko elikagaiak erosteko prozesua.
Oztopo hauen gainetik, gobernuak elikagaiak ziurtatzeko ahaleginari gehitu behar zaio herri antolatuaren egiturek ekimen hauek bideratzeko eskaintzen duten logistika. Herri eta auzoetan antolaketa maila honek erraztu du salbuezpenezko egoera honi aurre egitea, herri eta auzoetan bertan egoera aztertuz, prebentzio-lana eginez eta programa sozialak bideratuz. Kritikez haratago Maduroren gobernuak mantentzen duen herri-sostenguak, sektore chavisten antolaketak eta populazioaren zati handi batek duen kontzientzia mailak ekidin dute beste herri batean aspaldi matxinada bat izango zena. Herri venezolarraren sektore zabal bat prest dago erresistitzeko, eta erakusten ari dira. Populazioaren zati handi bat argi dauka defendatzen ari direna prozesu eraldatzailea edo chavismoa baino gehiago dela, beren herriaren subirautza bera dela.
…
[Venezuela]
0. “Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan”. Utzidazu labur-labur azaltzen
- Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
- Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?
- Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
- Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
- Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
- Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
- Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean
- Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen
Berriro ere beste froga bat; zenbat gehiago nahi dituzue? Sozialismoak, komunismoak… gosea, miseria, pobrezia eta diktadura baino ekarri ez duten ideologiak dira. Hurrengoan hobeto aterako dela? Egin ezazue esperimentua zuen etxean, nirean ez.
Motiborik gabe ikusten zaitut ezkor, Astaputz.
Hurrengoan ongi aterako da esperimentua, zeren gurea Euskal Herri sozialista, feminista, animalista eta txupiguaia izango baita.
Izan ditzagun horrelako sistema ekonomikoak gure herritik ahalik eta urrutien. Sozialismoak soilik miseria eta parasitismoa ekartzen du.
Ba al dakizue nola zen bizitza XIX mendean Europan, kapitalismo garbian? Ahaztu al dute bizi esperantza (langileena, ez gero Negurikoena) 35 urtekoa zela Bilbon 1905ean? Eta hori dena liberalismoaren fruitua izan zela?
Merkatu arautu gabea ezagutu dugu Europan, eta langileentzat miseria, gosetea eta probezia besterik ez zuen ekarri. Duela 100 urte porrot egin zuten errezetak aplikatzearen alde azaltzea ere! hara labur esanda zer den liberalismoa. Ume esklabotza, 16 orduko lan egunak, miseria soldatak, gosetea, langile klasearen subsistentzia hutsa…
Venezuelak sozialismoarekin gaizki dagoen guztia irudikatzen badu, zergatik ez dugu Uganda edo Bangladeshera begiratzen kapitalismoaren miseriak irudikatzeko? Bangladesheko ume esklabuek eta Keniako goseteek ez al dute kapitalismoarekin zer ikusirik?
Fagor erori zenean, denak atera ziren koperatibismoaren azkena iragartzera. Baina Lehman brothers erori zenean, inrok ez zuen esan kapitalismoaren amaiera zenik.
Antikapitalista batek beteen begiko lastoa eta norberaren begiko hagarekin esandakoak datorzkit burura.