[Uztaritze iraultza garaian XV] “Terrorearen” garaia
“Terrorearen” garaia –
Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena
1793ko udan, Girondinen[1] baztertzearekin batera, Konbentzioko galtzagabeek[2]boterea hartu zuten, ordezkari berri uhin bat agertu zen Baionara. Batez ere:
Monestier (Puy de Domekoa) apaiz ohia, mozkorzalea eta hasarrekorra, errabiatua erligioaren kontra.
Pinet hotzago bainan beldurgarriagoa zena. Euskaldunen deportazio ikaragarriaren erantzule nausia. Bere emaztea eroxka zen eta haren kapritxo guziei obeditzen zuen. Guillotina nazionalarekin ohitzeko, bere semeari eskaini zion gillotina tipi bat. Hobearen esperoan, puttiko xarmanta entrenatzen zen korraleko oiloei lepoak moztuz.[3]
Cavaignac tirano tipi baten bizitza eremaiten zuena.
«Asko gustatzen zitzaion lau zaldi xurik tiraturiko kotxe batean ibiltzea. Bere mentskeriak Donibane Lohitzuneraino egiten zituen eta handik itzultzen zelarik, nonbrean joan behar ziren haren gana, 3 kilometrora, erramu adarrekin eskuan eta hurbiltzen zelarik oihu egin behar zioten:Vive Cavaignac, ses collegues, La Montagne eta la Convention![4]»
Haitze hiru anaiak laster preso detenituak izan ziren, Pierren emaztea Gazteluan bakarrik uzten zutela. 1794ko urtarrilaren 21an, Pierren emaztea bera ere Pineten erabaki baten biktima izan zen :
«Errepublika frantsesaren izenean, Populu herritarraren ordezkarien idazkari den Martin herritarrari agindua zaio Uztaritzera joaiteko eta delako herriko Haitze-Roll herritarra arrastatzeko eta eremaiteko Baionako presondegira. Delako Haitze-Rollen dokumentuak inbentariotuak izanen dira, interesa dutenak bereziak, eta, Martin herritarrak emanen dizkio populuaren ordezkariari. Bere misioa bururaino eremaiteko behar baldin badu, Martin herritarrak jandarmeria edo indar armatua galdatzeko baimena badu»[5]
Garbiketa[6]
Berandu gabe, Populuaren ordezkari berriak hasi ziren epelegiak edo Iraultzaren etsaiak jujatuak ziren lekuko zuzendariak baztertzen, Daguerressar Mugerreko notariak lagundu zituela. Reynonek[7]horrela deskribatzen zuen Distrikteko Zuzendaritzaren kudeatzaile zen Daguerressar hura :
«Lapurdiko herritar salatari ezin akituzkoena»
Ekainean jadanik Kanbo Herriko kontseilua garbitua izan zen. Uztailaren 31an, Uztaritzekoarenaren txanda izan zen. Ez zuen gehiago balio biztanleen iritzia galdatzea : Uztaritzeko Zuzendaritzaren erabaki sinple batek Hiribehere Arantzetako[8] Jean Baptiste Saint Jean auzapez izendatu zuen eta Udal ofiziari :
Charles Daguerre, Heraitze Dorriakoa
Jean Darrambide, Arruntza Perulenekoa
Laurent Jauretche, Hiribehere Naguilakoa
Prokuradore berria zen Ferrondoko Jean Marithurri. Ferrondoa etxea oraiko zergategi horren orubean eraikia zen.
Jean Marithurri, Uztaritzeko zurgin eta obralari inportanteena, Udaletxeak oso preziaturiko aditua zen oihanak estimatzeko orduan. Iraultzalari suharra zen eta oso ona berak bezala pentsatzen ez zuten herritarrak gupidarik gabe salatzeko.
Denbora berean, Dominique Joseph Garat, gehiago kontrolatzen ez zuen engrenaje batean harrapatua zen, utzi zuen Justiziako Ministerioa Roland ordezteko Barne Ministerioan. Bazuen estatistiken burukeria eta bere ofizinak hasi ziren probintzietara igortzen jendetzari buruzko informazio galdera elemenia bat. Galdeketa batzuen bitxikeriek Konbentzioko Menditar ikaragarriei karkailaka irri egin arazten zieten. Erridikultasun horrek zion beharbada bizia salbatu Don Cosheri Collot D’Herboisek akusatu zuelarik. Bizkitartean, ikerketa horien artean, bazen biztanle kontaketa orokor bat eta horrela jakiten da 1793ko abuztuan Uztaritzen bazela :
- 21 urte baino gehiagoko gizonak: 544
- 21 urte baino gutiagoko gizon: 263
- 1064 emazteki eta neskato (hauentzat, iduriz, adin diferentziak ez zuen inportantziarik)
Gure Udalerriak 1871 biztanle zeuzkan, duela mende bat lehenago zaukana baino gutiago samar, sortze erregistratuen kopuruaren araberan. Gizonen eta emaztekien arteko desoreka eman zitekeen armadan sartzeen gain edo segurkiago desterratzeen gain.
Biztanlegoak pairatu behar izan zuen zernahi motako kiskilkeria: errekisizio, perkisizio, isun, eta arrastatze…
Ezin zuen kontatu Udaletxearen laguntzaren baitan Populuaren komisarioen bidegabekotasunaren kontra erresistitzeko.
1793ko irailaren 21an, Pierre de Haitze eta Antoine Scholtus bi obizier ohiek, Auzapezaren eskuetan eman zituzten beren Saint Louisen kurutzeak, agindua izan zitzaien bezala.
Errekisizioak
Irailaren 21an, kridari bat interpelatua izan zen iragartzen ari zela Naguilan idikia salduko zela 15 metalezko soleko prezioan edo 50 assignateko[9] prezioan. Hau zen bi diru moten berdintasunaren printzipio sainduaren kontrako atentatu bat. Gobernuak agindu zorrotzenak eman zituen fikzio hori errespetatua izan dadien, edozein izan daitezen ondorio ekonomikoak. Kasu honetan, aferak ez zuen ondoriorik izan kridariak erran zuelarik Laurent Jauretche Udal Kontseilariaren agindupean ari zela.
Urriaren 20an eta 22an, Baionatik jinikako jandarmak, Saint Jeanen amaginarrebaren Hiribehere Chiskitoene etxeko selauruan aurkituriko ogia bahitu zuten. Saint jeanek ez zuen deus egin ahal izan egitate horren kontra, nahiz komisarioak ez zuen misio agiri ofizialik agertu ahal izan. Ibarburuyan, Francois Marteten etxean, 4 zaku irin deskubrituak izan ziren, ez zen deus harritzekorik, okina zen eta. Hobenduna Baionara eremana izan zen arrastatze mandatu pean[10]
Urriko 23an, jabe guziei galdegina izan zitzaien Hiribereko plazara beren zela zaldi guziak eremaitea. Zaldiak errekisizionatuak izan ziren sekulan ordainduak izanen ez ziren errezebitze agiri batzuen kontra. Bernard Duhard, Arbonako Osasun zerbitzuko ofiziari bat, komisarioa sobera luzaz beha egoiteaz akitu zena eta etxera itzuli bere zaldiarekin, arrastatua izan zen ekintza ez zibikoa egin zuelakoan.
Urriaren 29an, Herriko etxeak 30 garda nazional armatu eta, atabala tronpeta eta guzi bildu zituen parropiako elizara joaiteko. Han bahitu behar zituzten Erregetzaren ikurak zeuzkaten altzari guziak, gero Purguko eta Hiribehereko plazetan eraikitako Libertatearen arbolen oinetan erretzeko. Ekintza horren karietara, pesta bat antolatua izan zen Errepublikak Vendean lortutako garaipena ospatzeko.
Nola ulertu zuten Choletko vendearren kontrako biktoria ez zela nahikoa jendaldea gogoberotzeko, Udalkontseilariek aurkitu zuten soluzio ziurrago bat jendea bertara erakartzeko. Taulada baten gainean eskaini zuten ogi ta gasna ausarki, bai ta ere barrika bat arno.
Kristautasunaren erradikazioa
1793ko azaroan, Marithurri Prokuradoreak Udaletxeari inposatu zion fanatismoaren[11]aztarna guziak ken zitzala, bere aburuz fanatismoa baitzen «distrikt hunen herritar galduak suntsitu dituen kalamitate bakarra»
Parropiako Elizako ezkila jautsia izan zen eta Baionara igorria han urtua izaiteko, kurutze guziak lurrera botaiak izan ziren. Seguraz ere, inglesen kurutze deitutako harrizko kurutze hura orduan izan zen hautsia. Berreraikia izan zen Konkordataren [12] ondotik.
[1] BC : Girondin eta Montagnard Iraultzalarien 2 talde etsai amorrotu.
[2] BC : «sans culottes » testuan. Duela guti « xankilot» familia izengoitia bazen oraindik.
[3] MD :Baionako elkarte herrikoiaren salaketa. Pyrenees Atlantikoko departamenduaren artxiboak. I i 13
[4]MD : Baiona, lekuko ikusle baten esku idatzi ez publikatua
[5] MD :Artxibo nazionala AF II 1021
[6] BC : « epuration » testuan
[7] MD:ikusle baten lekukotasuna ez publikatua
[8] BC : orube berean, Hiribeheren, etxe moderno batek izen bera dauka.
[9] BC Estatuak berriki sortutako paperezko dirua estimatua ez zena.
[10] BC «sous mandat d’arrêt» testuan
[11] BC ; iraultzalarientzat « fanatismoa » zen erligioaren izen beste bat.
[12] BC « concordat « testuan