Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Joxe Azurmendi. Jakin. EHU

Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Joxe Azurmendi. Jakin. EHU –

Ez da euskal pentsamenduaren historia baizik eta izenburuak dioen bezala, pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Euskal Herriko Unibertsitatea Euskal Unibertsitatea ez den arrazoi beragatik. Interes puntu asko ditu, esaterako, Espainiako Inkisizio famatuaz dioena ondo gogoan hartzekoa da:

Inkisizioa estatuaren tresna politiko-poliziala da, Elizari maileguan hartua, eta, Euskal Herri foralean adibidez, erregeak bestela ezingo zituen moduetan Elizaren bidez interbenitzea zilegiztatzen zuen. Bera izan da gizartea kontzientzien barneraino kontrolatzeko eta eskulotzeko estatu modernoaren baliabide efikazena. Espainietan XIX. menderaino jardun da eginkor (68 or.).

Eta badakigu Joxe Azurmendi ez dela ondorio horretara iritsi, sofan gora begira egonda, edota bere buruarekin bakarrizketa aspertuan, baizik eta gaiari buruzko bibliografia serioa irakurri, aztertu eta ondo hausnartu ondotik.

Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Joxe Azurmendi. Jakin. EHUBigarren partean, besteak beste, deigarri gertatu zaizkit espainiar liberalismoaz adierazten dituen iritziak. Eskolan, unibertsitatean, prentsan, hedabideetan oro har, beti famatu izan digute liberalismoa, hura aurrerapenarekin lotuz, eta karlismoa eta tradizionalismoa atzerapenarekin eta dogmatismo atzerakoiarenarekin. Dogmatismoak Jainkoan eta lurrean haren ordezkari ziren Aita Santu eta erregean sinesten zuen, eta aurrerapen liberalak herriaren subiranotasunean. Baina, benetan, espainiar liberalismoak herriaren subiranotasunean sinesten al zuen?

Hasteko eta behin, frantsesen aurkako altxamendu nazionalean Elizak rol garrantzitsua jokatu zuen (hierarkiak bereziki, baina herrietako apaizen ere bai). Eta harrigarria badirudi ere, Cadizko Gorte Konstituziogilera Cadizko gotzain A. de Vera Delgadok deitu zuen, eta bera izan zen Batzorde Zentraleko presidente. 308 diputatutatik 97, kasik heren bat, talderik handiena, Elizako jendea zen (sei gotzain, 46 kalonje); militarrek eta funtzionarioek elkarturik, beste 97 osatzen zuten, juristak 60 ziren. Batzar konstituziogileak elizetan egiten ziren, eta mezarekin eta Espiritu Santuaren laguntza eskearekin hasten ziren beti.

Frantzia erlijiogabearekin gerran, Espainiak erlijio katolikoa patriotismoaren osagarri ezinbesteko bihurtu du. Betidanik ere katolizismo espainolak (mendez mende mahomatarren aurka, protestanteen aurka, orain frantsesen aurka) historia eta izaera partikularra zizun. Honek denak Konstituzioan bere marka utziko du (277 or.).

Cadizko Konstituzioaren atariko gisa, artikuluen aurretik, honela irakur daiteke: En el nombre de Dios todopoderoso, Padre, Hijo y Espiritu Santo autor y supremo legislador de la sociedad. 12. artikuluan: La religión de la nación española es y será perpetuamente la católica, apostólica, romana, única verdadera. La nación la protege por leyes sabias y justas, y prohibe el ejercicio de cualquier otra. 366. artikuluan: En todos los pueblos de la Monarquía se establecerán escuelas de primeras letras, en las que se enseñará a los niños (…) el catecismo de la religión católica, que comprenderá también una breve exposición de las obligaciones civiles.

Arrazoizkoa da hona aldatu ditugun adierazpen horiek irakurrita, honako konklusio hauetara heltzea:

Liberalismo espainolaren bitxikerietako batzuk biluz-biluzik ageri dira. Herriaren subiranotasuna adierazi behar zuen testuaren oinarrian «supremo legislador de la sociedad» Jainkoa aitortzen da. Konfesionala da: orain eta beti katoliko; are, teologiko dogmatikoa da («única verdadera»), betiko intolerantzia espainolaren deklarazioa da («prohibe el ejercicio»), katiximaren eta obligazio zibilen begizta tradizionalarekin (281-282).

Hala eta guztiz ere, Frai Casimiro Diaz Acevedo frantziskotarrarentzat, esaterako, Cadizeko Konstituzioko adierazpen katoliko dogmatiko horiek guztiak jende inozoa engainatzeko amarruak baino ez ziren: se ha disfrazado de católico (…) Este terrible monstruo no podía con su concepto presemtarse a la faz de nuestro Católico Reyno con toda la deformidad, fiereza y malignidad que le es esencial y era necesario que su política infernal la cubriese y hermosease con velo brillante (…) se trata de la persecución más terrible contra la Iglesia y el Trono de España de toda la historia (…) más que bajo los emperadores romanos y los mahometanos. Hau da: Konstituzioa deabruaren azken asmakuntza da kristautasuna deuseztatzeko.

Bai, XIX. mendeko kontuak, eta espainiar liberalismoaren hasierakoak, esango dute batzuek. Gero, denborarekin, gauzak bere onera etorri dira, hots, demokraziara eta zuzenbide estatura. Bai noski!, horixe adierazten digute berriki Katalunian izandako gertakariek. Luziferren asmazioa orain autodeterminazio eskubidea galdegitea da, Espainia zatiezina zatitzeko arriskuaren atea irekitzea, atea irekitzea bera soilk, hots, espainiar demokrazia katoliko dogmatikoa!

Batzuek gauza batzuk azpimarratuko dituzte liburu honetan, eta beste batzuek bestelakoak. Behin eta berriz irakurtzea merezi duen liburua, nolanahi ere!

Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Joxe Azurmendi. Jakin. EHU

Pako Sudupe

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude