[Uztaritze iraultza garaian XIV] Apezeria eta Estatutu Zibila
Apezeria eta Estatutu Zibila –
Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena
Asanblada berriak beti bultzaturik, Elizaren kontrako erasoa areagotu zen. 1792ko azaroaren 2an, auzapezari galdegina izan zitzaion inbentario bat egitea parropiako Elizan eta Arruntzakoan aurkitzen ziren altzari, puska, urrezko edo zilarrezko tresna guziekin.
Garai horretan, [1]ordura arte Erretoreak atxikia zen gertakari zibilen liburua Herriko etxearen eskuetarat pasatu zen. Lehen ezkontza inskripzioak, alegia, Marie Duhalde Etchehandyko premuaren eta Makeako Martin Dinsaurgaraten artekoa, ukan zuen Deliberamenduen Erregistroan[2] idatzia izaiteko ohorea.
Azken denbora haietan, berriro Bernard Duhalde ez zen agertzen Udaletxeko bileretan. 1792ko abendoan, demisioa eman zuen eta Arruntza Ostaleriako Mathieu Duhaldekauzapezaren funtzioan ordeztuzuen. Jean Larre Prokuradoreak erabaki bera hartu zuen eta Martin Dihabe[3]presondegizain ohiak ordeztu zuen Udalerriko Prokuradorearen funtzioan..
Garda Nazionala
Louis XVI Erregearen auziak eta hiltzeak askoz areagotu zuten Espainarekiko gerla eta Departamenduko autoritateek Garda Nazionalaz serioski arduratzea erabaki zuten. 1793ko urtarrilaren 20an Garda Nazionalaren kideak parropiako Elizara deituak izan ziren. Udal ofiziariak luzaz beha egon ziren parte hartzaile kopuru nahiko batera iritsi arte, aro txarraren gainean emaiten zutela herritarren deiari erantzuteko presa falta. Bilera otsailaren 9ra arte atzeratua izan zen. Finkaturiko egunean, Uztaritzeko Direktorioaren gutun bat irakurria izan zen zeinak kantoinamenduari egozten baitzizkion gardia nazional bat osatzeko uzkurtasuna eta axolgabekeria. Asanbladaren kide batek irmoki protestatu zuen akusazio umilgarriaren eta ez merezituaren kontra :
«Lehenbizikoetarik izan ginen Gardia Nazionleko konpainiak eratzeko, Uztaritzeko udalerri bakarrean gizon adin guzietakoz osaturiko bost eratu ziren, hainbestekoa baitzen suhartasuna. Konpainia horiek hautatu zituzten zuzendari izaiteko pertsona duinak, haien gaitasun militar eta Iraultzarako atxikimendu aitortuen gatik. Hasi ziren diziplinatzen ere nahikoa ongi. Haien deputatuak igorri zituzten uztaileko 14eko Federazio pesta famatura. Konpainia horiek oraindik existituko ziren mantendu ahal izan balira armarik gabe. Oraindik existituko ziren, armak galdatzen zitzaielarik, Distrikteko orduko zuzendariek ez baligute beti erantzun Baionako arsenaletan armarik ez zela, beste nunbaitetik haien etorrarazteaz arduratu gabe. Konpainia horiek oraindik existituko ziren armarik gabeko konpainiak ez balira desegitera kondenatuak izan, zuzendari berek segitzen baitute gu armarik gabe uzten. Azken garai hauetan beretan Lapurdiko distriktetarik pasa araziz beste eskualdeko garda nazionalak edo frenteko tropak eta baliabideak haiei emanez, euskaldunak berak tropa militarretan antola arazi beharrean, iduriz pentsamolde iraingarri batek jujatu du eskualdunak ez zirela kapaz edo duin beren burua defendiatzeko barneko eta kanpoko etsaien kontra [4]»
Protestako mozio bat igorria izan zen Distrikeko Zuzendaritzari.
Udalerriko problemak: oihana
Herriko etxearen etekin iturri handiena zen Uztaritzeko oihana arta handirik gabe utzia izan zen boterearen goiti beheitiak zirela eta. Horrengatik 1793ko martxoan, Herriko kontseiluak erabaki zuen oihan hura berriztatu behar zela haitzondo gazte andana handi bat landatuz. Herritar guziak lanera deituak izan ziren «Ohitura zaharrari jarraikiz»emaiten zela 40 sol[5]gizonezkoentzat eta 20 sol emaztekientzat. Purgu eta Hiribehere auzoetakoak elgarretaratu behar ziren Harrizko kurutzean, orai Inglesen kurutzea deitzen den leku hartan, XVIII.mendean preso inglesak bertan ehortziak izan baitziren. Aldiz, Heraitze eta Arruntza auzoetakoak burdinezko kurutzean elgarretaratu behar zuten, seguraz ere Apalagako oihanean, Senperetik Arrangoitzerako bidearen mendebaldera.
Espainarekiko gerla, 1793ko martxoan
Denbora berean, Konbentzioak Espainiari gerla deklaratu zion. Lehen operazioak ez ziren onuragarriak izan Frantziarentzat : espainiolek territorioa inbadiatu zuten, Urdazuri hegoaldeko bazterra zeharkatu gabe ez eta ere maiatzaren Sarako kanpamenduko garaipenaren ondotik. Arrangura ezpiritu guzietan zegoen, islatzen zen Herriko Kontseilarien baitan. 1793ko martxoaren 24an, goizeko 5etan Herriko etxean bildu ziren Senpere Herriko Prokudorearen egiazko sokorri deia entzuteko :
«Konseilari herritarrak, etsaia Errepublikako lurretan sartua da, mugan gerla ezkila jotzen ari da, eta, istantean Sara Herriko kontseilariek sokorri galdegin digute, segur baitira atakatuak izanen direla bihar edo gau honetan. Guk 100 gizon Sarara igortzen ditugu. Emaiten dizuegu abisu hau zure garda nazionala armetan jar dezazuen eta gu sokorritzera jin zaitezten, espainiolak Saran geldituak ez liratekeen kasurako»
Herriko kontseiluak erabaki zuen biztanleak biltzea gerla ezkila eta atabalak joz. Gizonak armatu ziren sardeak, aizkorak eta dailuak hartuz, bainan nola ez zekiten danjerra nun zen larriena erabaki zuten hobe zela autoritate politikoaren aginduak goaitatzea. Honek pentsatu zukeen laborari talde bat laborantzako herramientez armatuak ez zeukala utilitate militar askorik. Nahiago izan zuen Garda Nazionalean bolontarioak hartu eta behar bezala armatu. 1793ko urtarrilaren 2an, Herritarrak Parropiako Elizarat deituak izan ziren 12 bolontario izendatzeko, hori baitzen Udalerriak eman behar zuen kopurua. Borondate onak suspertzeko Herriko Etxeak 135 libera eskaintzen zizkion bolontario bakoitzari eta 12 bolontario kopurua ez bazen lortua, berak hautatuko beharko zituen falta zirenak, bainan orduan 90 libera baizik ez zizkien eskainiko.
Behin urrats hura egin eta, Auzapezak iragarri zuen autoritateek erabaki zutela armak kentzea noble, apez eta jende susmagarri guziei. Horrela, Haitze anaiek eta beren sehiek eman zituzten beren armak, Herriko Etxean bahituta egon zirenak :
«Nola ez zen apezik Udalerrian, apezei dagokienez Legea ez zen aplikatua ahal izan pundu horretan. Azkenean, jende susmagarri eta ez deklaratu guziei buruz, Udal kontseilari guziak galdezkatuak izan ziren eta denek erantzun zuten ez zutela horrelakorik ezagutzen beren auzoetan. Hala ere, kontseilatua izan zitzaien kasu egiteko nehor sar ez dadien, edo, horrelako norbait bat sar baledi ere, segituan desarmatu behar zituztela, herri honek Iraultza denbora guzian erakutsi zuen trankilitatea arriskuan ez emaiteko»
Noble guziak susmatuak izan ziren Iraultzaren kontra konspiratzea gatik eta Nazioaren kanpoko etsaiak laguntzea gatik. Basses Pyrenees departamenduak erabaki zuen haiek botazea bere mugatik urrutira, Paueko errekaz haraindira. Pierre de Haitzen emazteak, Roll-Montpellier sortuak, jakin zuen Konbentzioko hiru komisariak Uztaritzetik pasatuko zirela. Bere gaztelura gomitatu zituen etortzera, bai ta egonaldi bat bertan egitera, urruntze neurri horretarako dispentsa bat nahi baitzuen lortu bere senarra eta bi koinatuentzat. Projean, Chaudron Rousseau eta Baudot hiru komisarioak andere gomit egileak seduzituak izan ziren eta bere otoitza onartu zuten. Uztariztar guziek erabakia txalotu zuten 1793ko maiatzaren 19eko bilaldiak erakusten duen bezala :
«Inportantea da Herrian atxikikitzea leialtasunaren eta patriotismoaren gatik Udalerrian denek ezagutzen duten jendea … Uztaritzeko herritar guziek aitortzen dute Haitze hiru anaiek beti portaera zibikoa izan dutela, denak haien patriotismoz lekuko izaiteko prest dira».
Bernard Duhaldek eta Dominique Dibarrartek ez zuten suerte bera izan. Hauek Sortha eta Hirigoina etxe nobleen jabeak zirenez, Estatu Orokorreko deputatuen hauteskundeetan beren burua nobleziaren ordenean erregistratzeko ideia txarra ukan zuten. Duhaldek bere kasua larriagotu zuen, zeren eta, armarriak berrikitan ezabatuak zeuzkan toki honorifikoa baitzuen Elizan. Urruntze neurriari ezin zioten eskapatu ahal izan[6].
[1] BC ; «Registre d’Etat Civil» testuan
[2] BC : «Registre des Deliberations» testuan
[3]MD : Ohargarria da ekipa berria ez zela aurrekoa baino erakarriagoa ideia berrien aldera.
[4]BC : horrek zioenez, Iduri luke iraultzalariak ez zirela sobera fida euskaldunen konpainien baitan.
[5] BC : «sol» testuan
[6] MD :Baionako udaletxeko artxiboak. Uztaritzeko Distrikteko Deliberamenduen liburua MSS 173