Gure proposamenak defendatzeko unea da

Gure proposamenak defendatzeko unea da –

Ekainaren 19ko manifestazio amaierako hitzartzea

Ahaztu dena. Ahaztu pandemian zehar ikusitakoa, ahaztu ikasitakoa. Ahaztu itzazue gure ospitaletan eta erresidentzietan gertatu dena. Ahaztu ezazue nork egin dion aurre pandemiari. Ahaztu ere zeintzuk defendatzen genuen osasuna eta zuhurtzia eta nortzuk defendatzen zituzten interes enpresarialak osasunaren gainetik.

Hau da Patronalak eta gobernuek zabaldu nahi diguten mezua!

Gure proposamenak defendatzeko unea da

Amnesia kolektiboa bat behar dute orain ezer ez aldatzeko, ezer ez errebisatzeko. Ez ikusi / ez ikasi / ez aldatu.

Hemendik hasten da gure erronka. Gu eta gutarren memoria aldarrikatuz. Funtsezkoa dena gogoratuz.

Birusaren aurrez aurrez aritu direnen aitortza gogoratzen: erizain, mediku, zaintzaile, garbitzaile, supermerkatuetako langileak, anbulantzietako langileak… gehienak emakumeak, gehienetan ere prekarioak.

Ezin dugu ezer ahaztu, memoria horretatik abiatu behar da gure borroka.

Arratsaldeko zortzietako txalo hoien oihartzunari jarraipena eman behar zaiolako, txaloak bai, baina batez ere neurriak:

Sektore publikoa indartzeko, Osakidetzan dagoen 40%ko behin-behinekotasunarekin bukatzeko, erresidentziak publifikatzeko…. Pasa denaren ondoren egungo ereduarekin jarraitu nahi dute gure aldundiek?

Zaintza lanen aitortza eta garrantzia pendiente dagoen eztabaida dela nabarmenago ikusi dugu: enpresak gelditu daitezke, zaintza lanak ez.

Publikoa defendatzen dugu, denona, funtsezkoa.
Bizitza erdigunean jarri behar dela esaten dugunean gauza hauetaz hitz egiten dugu.

Funtsezkoa defendatzen, bizitzaren sostengarritasuna ahalbideratzen duelako.

Memoria beharko dugu bai, baina indarra ere bai.

Datorkiguna ez da xamurra, asko da hurrengo hilabeteetan jokuan jarriko dena. 3 krisi batera aurre egin beharko diegulako:

Osasun krisia, krisi soziala eta ekonomikoa.

Birusa ez da desagertu. Zuhurtzia eta batez ere baliabideak behar dira.

  • Krisi soziala: Gutxieneko babesa enplegua galdu dutenentzat, egoera zaurgarrienetan daudenek babesa behar dute jada, gutxieneko soldata eta etxebizitzarako eskubidea urgentea da.
  • Krisi ekonomikoa: Enpleguaren alde egin behar da eta egungo politikek ez dute ezer aldatu nahi. Non dago gobernu honen enplegu politika? Non dago politika industriala? Ba al da plangintzarik eredu produktiboa aldatzeko? Beste eredu sostengarriago, eraginkorrago batera trantsizioa egin beharra dago.

Zer egin? Bi bide daude. Ez dago irteera neutrorik.

  • 2008ko bideorria edo bestelako bat, bidezkoagoa (sostengarriagoa, sozialagoa, feministagoa, humanoagoa…)
  • 2008ko agenda horren ondorioak ezagutu ditugu: 3 lan erreforma, pentsio erreforma, sektore publikoko murrizketak

Ez hemen, ez inon, ezin da krisi batetik atera soldatak jaitsiz eta prekarietatea sustatuz. Arduratuta gaude seinale nahikotxo ditugulako:

  • Urkulluk edo Tapiak sektore publikoko langileei elkartasuna eskatzen dietenean zertaz ari dira, ba?
  • Azpiazuk esaten duenean 3.000 miloi galduko dira dirubilketan eta zorpetzeko prest daudela, zer esan nahi du? Hau da, zorra handituko da, baina zeinek ordainduko du? Hor dago koxka. Noren bizkarren gainean eroriko da?
  • Atzo bertan, Urkulluk zioen ez dela koherentea dirua eskatzea enpresei edo gehien dutenei. Etekinik dituzten enpresei edo ondare dutenei ez zaie molestatu behar.

Lotsagarria, onartezina da Bizkaiko Aldundiak egin duena enpresei zergak barkatzeko eta atzeratzeko. Justo, egin behar denaren kontrakoa.

Ez dute egin nahi orain arte egin ez dutena. Hau da, dirua dutenei eskatu. Langile klasearen historian, aberastasunaren banaketaren eztabaidara iristen gara behin eta berriro.

  • Europan, Bruselasen dago bilera bat gaur. Eztabaidatzen ari dira Koronabirusaren aurkako funtsak. Ez dira laguntzak izango; zati handi bat baldintzatuta etorriko da.
  • Europatik ere beste albiste bat etorri da. AHTaren behar sozial eta ekonomikoa ez zela behar bezala aztertu esan diote. 6.000 miloi kostako den obra bat ez zen behar bezala aztertu. Zer da hau? 2.000 miloi euroko gainkostua, ingurumeneko txikizioa… Ez al dago inoren dimisiorik? Autokritikarik?

Dirua xahutzea da hau. Noiz eta orain, krisi bati aurre egin behar zaionean. Trenak ihes egin die: zentzuaren trenak.

Aldaketa fiskalik ez badago langileok ordainduko dugu zor hori. Aldaketa fiskalik ez badago murrizketak etorriko direlako.

Hau da, beraz,egungo eztabaida nagusia: Nora bidali behar den dirua eta nork ordainduko duen.

Gaur hemen gaudenok ahalegin bat egin dugu bide-orri bat adosteko. Hori da gure iparrorratza, eta 7 aldarrakipenetan laburtu dugu.

Ez dago bide bakarra krisitik ateratzeko. Hori gezurra da.

  • Garai zailak aurreikusi behar ditugu, baina aukerak ere izango dira, benetako eztabaidak planteatzeko; funtsezkoa dena defendatzeko.Lortu dugun aitortza sozial hori gauzatzera goaz, publikoa eta funtsezkoa defendatzeko.
  • Hauteskunde batzuen aurrean gaude eta aurkezten diren alderdiei gure proposamenak luzatu nahi dizkiegu. Gure programarekiko konpromezu bat lortu nahiko genuke. Hitzetan eta praktikan.
    Memoria beharko dugu bai, baina elkarlana eta indarra ere.
  • Elkarlana ahalik eta indar gehien behar dugulako, gure gobernuek eta patronalak talka egitera eramaten gaituztelako.
  • U30eko greban esan bagenuen antolatzeko eta mobilizatzeko beharra genuela, orain are gehiago.

Ez dadila inor lokartu, esna egoteko garaia da. Kaleetara bueltatzeko.

Esan dugu bi irteera daudela krisi honetatik ateratzeko; bat ezagutzen dugu, orain arte egindakoa. Ez dugu normaltasun horretara bueltatu nahi; bila dezagun beste bidea, bidezko irteera, denontzako irteera.

Herri honetako abeslari batek dioen bezala, zaindu maite duzun hori. Hori egitera goaz, maite duguna defendatzera.

Gure proposamenak defendatzeko unea da
Gure proposamenak defendatzeko unea da
Gure proposamenak defendatzeko unea da

ELA sindikatuko idazkari nagusia