Euskaldunen zaintza

Euskaldunen zaintza-

Josu Amezaga EHUko irakasleak Euskadi Irratian.

Euskaldunen zaintza Bolada gogorra bizi izan du eta bizi du euskarak asteotan. Edaradan RO birsortze tasa asko igo da, euskararenak behera egiten zuen neurri berean. Gaur ez ditut ordea arazoak aipatu nahi, txaloak jo nahi ditut, eta pandemiaren garai gogor honetan euskaldunak zaintzen egon direnak ekarri nahi diutt mikrofonora. Bi minututan denentzako lekurik ez, eta adibide soil batzuk botako ditut: euskara eskolan baino ukitzen ez duten haur eta gazteekin mintzapraktika saioak burutu dituzten bolondresak, epidemiologiaren oinarriak euskaraz azaldu dizkiguten zientzialariak, gertatzen ari diren aldaketa sozialen inguruko gogoeta euskaraz burutu dutenak, instituzioen irizpideen zain egon gabe haurrak euskaraz formatzen jarrai zezaten ekin eta ekin aritu diren irakasle konprometituak, UCI barik ZIU esan behar dela irakatsi diguten hizkuntzalariak, euskararen egoerari egunero termometroa jarri dioten ikerlari zein militatenteak, euren sormen lanak, kultur produktuak, istorioak, gurekin partekatu dituzten egile, elkarte eta enpresak, gaixoen tratamendua euskararen dosi egoki batekin indartu duten osasun langileak, bideo-deia oholtza bihurtu duten gai-jartzaile zein bertsolariak, euskaltegiko gelako giro ezin hobea espazio birtualera eraman duten irakasle eta ikasleak, birusak mugarik ezagutzen ez duelako, euskal herri osoko berri emateko iturri sakabanatuak arakatzeko lana hartu dutenak, lan baldintza eskasetan zailduak egonik orangoan ere lan baldintza eskasetan informazioa euskaraz eman digutenak, telebistako parrilaren ertzeko bazterretik aritzera behartuta egon diren euskarazko esateri eta aurkezleak, behin eta berriz erdaraz emandako informazioa itzultzeko eta guri euskararen goxotasunez emateko lana hartu duten kazetariak.

Zuek ere plastikozko zakar poltsekin aurre egin behar izan diozue pandemiari, euskaldunak zaindu nahian. Ez duzue agintarien bisitarik jaso, zuen lanaren ezinbestekotasuna ez da hain goraipatua izan; baina gaur goizeko 8.00etako txaloak zuentzat izango dira. Alabaina jakizue ezer ez dela bukatu, bihar eta etzi ere lanean jarraitu, mesedez, oraingoan baino are kementsuago. Eskerrik asko.

Euskaldunen zaintza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.