[Uztaritze iraultza garaian III] Uztaritzeko parropiaren Eskakizunen Kahierra

Uztaritzeko parropiaren Eskakizunen Kahierra –

.

Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena

.

Kahier hura horrela egina dago :

ZERGAK

«Lapurdiko biztanleak, Frantziako Erreinuaren mugan dagoen eskualde menditsuan, Erreinuko eskualde agorrenean eta babesgabetuenean bizi dira. Ez dute hiru hilabeteko bihia baizik ekoizten. Horrengatik, arraintzan aritzera derrigortuak dira. Beren behar premiazkoak betetzeko, beti bortxatuak dira Espainiara joaitera ofizio peningarrienak egiteko. Hala ta guziz bi erreinuren arteko pasaian direnez, etengabe derrigorrezko zerbitzuak bete behar dituzte.

Aspaldiko denboretatik, ohizko eta ezohizko zergetarik dispentsatuak ziren. Zerga dispentsa hori, erreinu guzietan 1724 urteraino berretsia, ez eiki zen dohakoa. Izan ere, oinarritua zegoen biztanleen gain utzitako Herriaren zaintzaren gainean. Hauek beren gostuz mantentzen zuten eta oraindik mantentzen dute mila gizoneko militzia talde bat, gerla garaian edo bake garaian. Beren lurren agortasunak ere badu zerikus dispentsa horrekin, zeina kontestatua izan zen guzietan berritz konfirmatua izan baitzen. Erregearen dekretuek, [1] militziaren mantenketa lapurtarren gain ezartzen zutenek, 253 liberako kontribuzio bat urtero finkatu zuten horretarako, kondatu gabe Justiziaren kargua, eta, Bere Majestateak Lapurdin dauzkan  grefiertegietarikako irabaziak [2]. Uler daiteke horrelako militziaren gastua edo kargua oso pizua zela. Gauza jakina da ere, erregimentu horrek, urtean zehar egiten zuen zaintzeaz gain, zerbitzu haundiak egin dizkiola Erreinuari. Ez gara igoko La Rochelleko edo Bordeleko setiamenduen garairaino nun haren adoreak lortu baitzuen bi hiri horien kapitulazioa. Eta zer adorea, zer ekimengogo ez du erakutsi 1710 urtean, Jakako aldean de Rozel jaunaren agindupean ? Lagundu zuen Espainiako Erregea bere tronuaren gainean berjartzen. Zer ez du bada egin Hondarrabiko eta Donostiako setiamenduetan ?

Horiek hola izanki, gure asmoa da Erregearen bihotzonari galdegitea gure oraiko kontribuzioa lehenagoko 253 liberako kontribuziora itzul dakigun. Ezinezkoa baldinbada fabore hori lortzea, Erreinuko lurren sailkapenean, Lapurdiko lurrak lur txarrenen klasean sailkatuak izan daitezen, eta sailkapen horretako beste eskualdeko lurrek baino zerga are gutiago ordain dezaten Lapurdi probintziaren pribilegioen gatik. Galdegin behar zaio ere oihan eta larre amankomunak zergarik gabe egon daitezen egin behar ditugun berlandatzeak eta laborantzako ontasunen [3] hobetzeak laguntzeko. Nobleek eta Apaizeriak, haiek, ere parte hartu behar dute Herriko karguei aurre egin beharrean, Heren Estatuak bezala.

Uztaritzeko parropiaren Eskakizunen Kahierra
Uztaritzeko eliza

JUSTIZIAREN ADMINISTRAZIOA

Baliabide gabeko Lapurdi probintzia pobre honek merezi du Konstituzio berezi bat eta bailegoa gordetzea. Merezi du Erreinuko auzitegi zaharrenetarik bat den bere Auzitegia atxikitzea. Gehiago dena, Auzitegi horrek, 1500 urtearen aurrekoan bezala, jujatu behar lituzke zibilari buruzko deiak, adibidez, kriminal batek goragoko auzitegi bat deitzen duenean. Izan ere, behin behinekoa da Baionako Seneskalak Lapurdiko Baileari buruzko deiak jasotzen dituela. Hala ta guziz, bere egoitza Uztaritzen mantentzea exigituz eta gorte soberano bati buruzko mota guziko deiak jujatzeko eskubidearen itzultzea exigituz, Herriko Juztiziaren Gortea euskualdunen eskualdean atxikitzea ahaleginen da. Ondoren, ahaleginduko da deirik gabe eta behinbetikotz 300 liberaz beheitikako afera guziak bere egoitzan jujatzeko eskubidea atxikitzen. Ahaleginduko da auzi guzien jakinean egoiten, probintzien intendanteen aurrean epaiten direlarik ere, eta ahantzi gabe ahaleginduko da paperaren enregistramenduaren zigilatzea lortzen[4].

KOMUNITATEEN ADMINISTRAZIOA :

Lapurdiko komunitateek [5] beraiek izendatzen zituzten haien Herriko ofiziariak [6]. Ohitura hau betidanik indarrean zegoen. Gaur ere komunitateetarik hiru laurdenek horrela jarraitzen dute. Nahikoa justu da komunitateek ontasun amankomunak dituztelako, zeinak, agorrak izan arren, biztanleek hautatutako pertsonek kudeatuak izan behar diren. Hala ta guziz ere, duela zenbait urtetik, Herrian badira batzu Erregeak izendatuak eta beste batzu Herriko Kontseiluak izendatuak. [7] Pentsa zein egokiagoa litzatekeen probintziarentzat berriz itzultzea biztanleek bozen gehiengotasunez osaturiko administrazio batera, denetan iguala. Horrela biztanleek kudeatzaileak izendatuko lituzkete ordain-ahalmena izango lukeen sindiku diruzainarekin batera, zeinaren diru kutxan sar litekeen diru amankomun guzia.

HEREN ESTATUAREN SINDIKU OROKORRAREN HAUTAKETA

Lapurdin, Nafarroa beherean bezala, Sindiku bakar batek lan egiten du Nobleziarentzat eta Heren Estaturarentzat, nahiz bi Estatu horien interesak erabat kontrakoak izan litezkeen. Zintzoagoa litzateke gaurtik goiti bi Estatu horietarik bakoitzak bere sindikua propioa edukitzea.

Uztaritzeko parropiaren Eskakizunen Kahierra

PORTUAREN ZERGA DISPENTSA

Lapurdiren bakearentzat zinezko malurra da dispentsa hura orokor ez izaitea. Dispentsatua ez den eskualdeak zer nahi kiskilkeria pairatu beharko du zerga biltzaleen [8] ganik. Sobera adibide ikusten dugu egunero [9]. Galdegin dezagun  beraz dispentsa hura Herri guzira hedatua izan dadien.

Ororen gainetik, Estatu orokorren asanbladan, Erregeari otoitz biziki umilak eginak izanen zaizkio, bere bihotzonarekin eta probintziaren egoerakin egokia izanen den justizia bat lortzeko.

1789eko martxoaren 21an, Uztaritzeko etxe amankomunean, Herriko axuantek eta kontselariek, auzoetako notableek lagunduta, erabakia.

                                                                                  Sorhaitz, Munduteguy, Detchart.

Lapurdiko kahierrak ohar batzu egin zituen, hau da, erregularki deituriko Asanblada erabakitzaile batek beharko zituela zergak ere onartu. Horretaz aparte bere kontu hartu zituzten Uztaritzeko testuan zeuden eskakizunak, salbu dispentsarena zeinarentzat Hazparne bezalako parropia batzu ez ziren ados.

1789eko apirilaren 18an, larunbatarekin, «usaian bezala ezkilaren soinuan» 25 urtez goitiko zergaemaileak Kapito Harrira deituak izan ziren Dolumen Kahierrari buruzko beren iritziak emaitera eta parropiak Biltzarrera igorriko zituen deputatuak hautatzera. Izan ere, Lapurdiko Biltzarra biharamunean eginen zen. Ondoko hauek  hautatuak izan ziren:

  • Dominique eta Dominique Joseph Garat bi anaiak.
  • Dominique Sorhaitz.
  • Martin Dibarrart.
  • Jean-Martin Munduteguy.
  • Pierre Dithurbide.
  • Jean-baptiste Gestas

[1]BC : «lettres de patentes» testuan.

[2]BC: Zer diren irabazi horiek ez da argi, aldiz grefier horiek sindiku orokorrak, beraz Lapurdik, ordainduak ziratezkeen.

[3]BC : «fonds de culture».testuan

[4]BC : « l’affranchissement de l’etablissement du papier timbré » testuan. Ez da erraz untsa ulertzea zer erran      nahi den hemen : epaiketa enregistramenduen edo artxibotzeen kostua kentzea edo herriak errekuperatzea

[5]BC : parropiak dira hain segur.

[6]BC : «officiers municipaux» testuan. Emaiten du direla auzpezaren axuantak edo ordezkariak.

[7]BC : «en arrêt d’execution du conseil» testuan.

[8]BC : «préposés de la ferme» testuan.

[9]BC : Michel Duhartek erranik, Kontrabanda ere hasi zen errobiaren bi aldeen artean. 2020/02/18

Uztaritzeko parropiaren Eskakizunen Kahierra
Uztaritzeko parropiaren Eskakizunen Kahierra
Uztaritzeko parropiaren Eskakizunen Kahierra

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua