Urte bi
“Zelan pasatzen den denbora, txo” lasai askoan esan dezakegu edozein tabernako kalakalditan. Baina halaxe da, hala iraganari itsatsita zaudelarik, nola ustekabean orainaldiak irensten zaituelarik, denbora aurrera doalako. Etengabe.
Urte bi pasa dira Athleticek Manchester United mendean hartu zuenetik, baita Schalke 04 UEFAtik kanporatu zuenetik eta, gauzak zer diren, ertzain batek Iñigo Cabacasi bizitza pilotakada batez kendu zionetik ere. Justizia astiro dabil eta oraindik ez dakigu nor izan zen pilota madarikatu hura jaurti zuen ertzaina ezta kontrolpean omen zegoen kale horren kontra oldartzeko agindu zuen “Ugarteko” zuzterbako hori. Jakin badakigu, ordea, Aresek ez zuela dimititu, ez eta bere hitzetan damu zantzurik agertu ere. Gainera, orduko Bilboko komisaldegiaren nagusi zena, Jorge Aldekoa jauna, Ertzaintzaren buru berria da, alajaina!
Urte bi oso luze pasa dira Iñigo Cabacasen lagun eta senideentzat. Oso gogorra behar baitu izan seme edo lagun baten heriotzak lagatako hutsunea pairatzeak. Nik ez dakit hilketa “ezbeharra” izan zenetz, baina kontu jakina da Kirruliren kontra oldartzeak ezbeharrak gertatzeko aukerak biderkatzen dituela, areago Athleticen partidu baten ostean. María Díaz de Haron zeuden ertzaineek Kirruliren kontra ez oldartzeko ohartarazi bazuten ere, Ugarteko horrek mandatua eman zuen eta kartzelan ordaintzea dagokio zale zurigorriaren heriotza eragin izana. Bada, zuzterbako horren erruz gau hartan edonor izan gintezkeen Iñigo Cabacas, baita bertan zeuden ertzainak ere.
Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea