Abortatzeak ez du zertan tragikoa izan (eta beste bi aldarrikapen)

Abortatzeak ez du zertan tragikoa izan (eta beste bi aldarrikapen)

Alferkeriak gainditu ez zaituztenontzat behintzat -eguraldia ez da aitzakia izan-, aldarrikapen asteburua izan da honakoa. Iruñean, Bilbon zein Gasteizen; festa giroan, haserre edo minez, oihuek kaleak bete dituzte. Baita ZuZeuko Salabardoa ere.

Gallardonek sustatutako abortuaren lege berriak suminduta, Iruñeako kaleak bete zituzten larunbatean Euskal Herri osoko milaka lagunek, abortatzea eskubidea dela aldarrikatuz. Baina Saioa Alkaizak Argiako kronikan dioenez, hori baino askoz gehiago izan da: “gorputzak territorio libreak direla aldarrikatzeko gunea”. Azpimarratzekoak dira, Maite Asensio Berriako kazetariak bildutako testigantzak ere. Hamar emakumek abortatu zutela kontatu dute, tabuak zalantzan jarri asmoz. “Niretzat ez zen traumatikoa izan, liberazioa baizik” azaldu dio Monika Sojo Plazaolak.

 Jon Intxaurraga berak ZuZeun gogoratu digun moduan, bi urte igaro dira jada ertzain batek jaurtitako pilotakadak Iñigo Cabacas hil zuenetik. Eta oraindik ez dakigu pelota nork jaurti zuen. Manifestazioa eta elkarretaratzea eginez, eta ehunka lagunen babesarekin,  Cabacasen hilketaren erantzuleek zigorrik jaso ez dutela gogorarazi zuten haren lagun eta senideek.

Abortatzeak ez du zertan tragikoa izan (eta beste bi aldarrikapen)

Larunbatean Euzkaraz Bizi eguna ospatu zuten Gasteizen. Goizean, pailazo eta trikitilariek alaitu zuten giroa, eta 400 laguneko bazkariaren ostean Jon Basagurenek kantaldia eskaini zuen. Arratsaldean aldiz, Nazio Manifestazioa egin zuten “Euskal Herrian euskaraz” eta “Maroto entzun, Gasteiz euskaldun” oihu artean.

Euskara

Abortatzeak ez du zertan tragikoa izan (eta beste bi aldarrikapen)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.