Urkullu zaporeko denbora hauetan

Urkullu zaporeko denbora hauetan –

Garai ilunak datoz autonomia, subiranotasuna edo independentzia osoa aldarrikatu nahi duen ororentzat. Legebiltzarrean erabakitze eskibidearen aldeko inoizko indar metaketa handiena dagoen aldia, kurioski, aldirik antzuena izaten ari da. Kataluniako saiakerak porrot egin du, eta ikusteko da zer gertatuko den, Merkelen haritik dilindan dabiltzan, Puigdemont eta enparauekin. Bitartean, Albert Riveraren bedeinkapena duten 2018ko aurrekontuak onartzeko asmoz Espainiar Gobernuak beita jarri dio EAJri. Joko taula narrastuta, etorkizunaren lehen zantzuak ikus daitezke. Nora ote goaz?

Urkullu zaporeko denbora hauetan

Mariano Rajoy eta Albert Riverak %32 igo dute EAEri egindako diru ekarpena (Nafarroari ez bezala). Egunkari gehienek EAJri egindako keinu gisa hartu dute erabaki hau. Zaila jarri nahi dute jeltzaleek aurrekontuoi ezezkoa esatea. Dena dela -oraingoan badirudi baietz- Ortuzarrek 155. artikulua marra gorri gisa jarri du. Inoiz ez omen da berandu.

Aurrekontuen letra txikiari erreparatuz gero, erkidegoari egiten zaion aurrekontu partiden igoera handiena AHTari dagokiona dela ikusi daiteke. Eta baita, trenaren obren amaiera data berriz atzeratu dela: 2023an baino, 2024ean amaitzea aurreikusten da orain.

Gauzak horrela, sartzen ari garen aro berriaren ertz eta xerka geroz eta gehiago ari gara ezagutzen. Aro berri honetan pragmatismoak du indarra. Subiranotasun errealak, ala subiranotasun ezak. Poltsikoak, batez ere, baina baita eskumenek eta kudeatzeko gaitasunak ere. Inkesta guztien arabera Espainiaren etorkizuna laranja kolorekoa da. Eta horrek izugarri eragin diezaguke, onerako baino txarrerako. EAJk eta Rajoyk onartu Kuponazoaren urtean, Kontzertuak inoizko arriskurik handiena bizi du.

20. mendea amaitu zen, eta haren kondarrak desegiten ari dira. 78ko trantsizioaren egileek galdu egingo dute, baina dirudienez, ez Podemosen iraultza morearen mesedetan. Lerrouxismoaren antza beldurgarria duen Ciudadanosen alde baino. Horrek supituki amaitu lezake EAEk (eta Nafarroak) urte luzetan izan duten bereizgarri politikoa.

EHBildu?

Ez dut aipatu orain arte artikuluan. Ez dut aipatu zeharo jokoz kanpo dagoelako. Ez dagoelako erabakiguneetan eta apenas duelako eragiteko gaitasunik euskal politikan, eta espainiakoan. Euskaldunon kontzientzia, noizean behin, apaltzeaz gainera zer egiten du ezker abertzaleak? Zein da bere agenda? Ba ote du? Eta proiekturik? Aro berrian Arnaldo Otegi buruzagi duen mugimendu politikoak izango duen papera, kuota eta zer esana inkognita erabatekoa da. Inkesta (askotan gezurtien) arabera, lehengo berean geratuko da, jeltzaleak igotzen diren bitartean.

Akaso oker izango naiz, eta hala bada hobe denontzako. Baina zuk ere ez al duzu sentsazio berdin antzekoa politikak batere kitzikatzen ez gaituen une gris hontan? Urkullu zaporeko denbora hauetan.

Urkullu zaporeko denbora hauetan

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.