Urdaibaietz! Plataforma herritarra aurkeztu dute Bilbon

MTQ3OA==Urdaibaietz! herri Plataformak hausnarketa eta partaidetzaren Busturialdea eraki nahi du. Hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak orain arte Urdaibai Guggenheim Museoarekin agertu duen oso bestelako jarrera erakutsi nahi du. Xede honekin bada, gaur aurkeztu du bere burua Bilboko La Boltsa Zentro Zibikoan egin prentsaurrekoan. Urdaibairetz!-ek 10 puntuko dekalogoa landu du. 

“Urdaibaiko Guggenheim Museoaren proiektua hedabideen bidez ezagutu dugu, ez dakigularik, ez herritar modura ezta ere gizarte-erakundeak garen aldetik, proiektu hori zertan den. Haatik, horren sustatzailea den Bizkaiko Foru Aldundia, eta batik bat haren buru Ahaldun Nagusiak, Urdaibaiko EAJko alkateekin bateratsu, proiektuaren aldeko kanpaina sutsua egiten dihardute, delako proiektua zertan den lehenago jakin dutelarik New Yorken hemen berton baino. Horrela eginez, ezagutzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko dugun eskubidea lapurtzen ari zaigu”, adierazten dute aipatu dekalogoaren 4. puntuan.

“Museoari buruzko propaganda oldeak, jasaten ari garenari ez baitago informazio irizterik, eskualdearen egungo egoeraz eta etorkizunari buruzko eztabaida eta erabakien prozedura errotik aldarazi ditu. Eskualdeaz hitz egin beharrean museoaz hitz egin behar dugu, derrigorrez, antza. Ez da bidezko, iruzurra baita. Berriro ere azpimarratu behar dugu Biosfera Erreserbako garapenerako ildo nagusiak idatzita daudela, melodia eragile sozioekonomiko gehienen artean konposatu zela joan den hamarkadan PADAS izeneko planean alegia”, gaineratzen dute 5. puntuan.

Urdaibaietz! Plataformak mahai zabalerako deia egin du datorren astelehenerako Gernikako Elai-Alai aretoan, arratsaldeko 18.3oetatik aurrera, bertan eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoek parte hartu dezaten.

Honez gain, hiru eguneko hausnarketa jardunaldiak iragarri dituzte apirilaren 21tik 23ra bitartean. Arte sortzaileek, ekologistek, pentsalariek, idazleek eta herritarrek hartuko dute parte egitura horizontala eta partehartzailea bultzatu nahi duten jardunaldiotan.

Irudia | Urdaibai | Garaigoikoa | Creative Commons By SA

Kazetaria, yoga irakaslea, irakurlea, bilatzailea...