UPNk arrazoi

UPNk arrazoi –

Aingeru Epaltzak, Noticias de Navarran.


UPNk arrazoi
Imágenes de la protesta del domingo contra la moción de censura / JAVIER BERGASA

UPNk arrazoia du: PSNk, lehengo maiatzean, hamaika aldiz eta hamabi modutara errepikatu zuen ez zuela Joseba Asiron Iruñeko alkate eginen. Ustekaberik ezean, fermuki eta solemneki eman zuen hitza janen du Chiviteren alderdiak, soil-soilik sei hilabete geroago, abenduaren 28an. Politikaren zirtzilkeriak. Uztaileko hauteskunde orokorretan PSOEk dozena bat diputatu gehiago lortu balitu, Cristina Ibarrolak lasai segituko luke hiri buruzagiko aginte-makilari eusten eta Javier Esparza bihotz-errerik gabe ailegatuko litzateke Eguberrietako bazkari-afarietara.

Lehengo udan, zenbait jende haserretu zitzaion EH Bilduri, bere 6 diputatuen botoak Sanchezi “musu truk” saltzeagatik. Izan zen, orobat, irri egin zionik, Otegiren zaku hutsa bere saski betearekin alderatuta. Kataluniako independentisten botoen prezioa procés dela eta jazarpen judiziala jasan dutenen amnistia izanen den gisa berean, Iruñeko alkatetza izanen dute euskal soberanistek beren sostenguaren saria.

Batarengatik zein bertzearengatik piztu den zalapartak ematen digu PSOEk bi neurri hauekin –tira, amnistiarekin gehiago, gu ez gara munduko zilborra– hartu duen arriskua. Bere boto-emaile aunitzengan sortu duen tripako minen jakitun, amore eman die Sanchezek berri-berriki arte Espainiako erresumak gaizkileen mailara ekarritako indar politikoen eskakizunei. Honek guztiak Estatuko iritzi publikoan ekartzen ahal dion higadura axola ez balitzaio bezala, edo hura zuzentzeko eta bere aldera berbideratzeko astia izanen duela sinetsita. EH Bilduk hiriburuko alkatetza berreskuratzeak politikoki –eta ez bakarrik politikoki– irekitzen dituen aukerak ukatu gabe ere, hainbertze emateko prestasuna agertu duenari nola ez zaion gehiago edo bertzerik eskatu, horra neure buruari egiten diodan galdera. Euskararen Legea ez dutela aldatuko ere frankotan erran dute Nafarroako sozialistek.

UPNk arrazoi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.