Umorearen mugak eta kakalarrirako zilegitasuna

Umorearen mugak eta kakalarrirako zilegitasuna

Umorearen mugak eta kakalarrirako zilegitasunaInternetek sua hartu zuen asteburuan El País egunkariak albiste bihurtu zuen bideo muntaia baten karietara. Bertan, ‘Euskaldunan naiz, eta zu? Espainia’ izeneko saioko pasarteak ageri ziren, elkar berariaz lotuak, EiTBk Espainiarekiko mespretxua sustatzen duela frogatzeko bezala. Estereotipoak oinarri dituen umorea ez zait batere gustatzen, eta beraz saio konkretu hau ere ez. Vaya Semanita edo 8 apellidos vascos gustatzen ez zitzaizkidan arrazoi bertsuengatik hain zuzen ere. Tira, gustu txarrekoa iruditzen zait egun telebistan dagoen ia dena. Baina hortik gidoilari, ekoizle eta zuzendarien aurka harrika hastera, badago tarte bat.

Ziur naiz, ‘8 apellidos vascos’ filmarekin hemen gertatu bezala, espainiar dezente mindu dela ikuspegi sinplista hori pantailan ikustean. Dena dela, matizatu behar dira zenbait kontu, honek ez dezan amaitu, lehenxeago esan bezala, ‘Euskalduna naiz, eta zu?’ programako gidoilari onberen lapidazioarekin.

.

1 . Gibeleko asmoak

Aspaldidanik ziren zelatan espainiar eskuineko hainbat politikari, aukerarik txikiena ere EiTBren aurka baliatzeko. Eta zoritxarreko bideo muntaia erabili dute harrika hasteko. EiTB baita, euskaldunon, hedabide bakarra, beren kontroletik kanpo dagoena. Argi ilun guztiak, direnak direla, sekulako mesede egiten diona Euskal Herriari, euskarari. EiTBrik gabe, ezingo baikenuke amestu ere egin euskal esparru komunikatibo batekin. EiTBrik gabe euskal kultura hankamotz bailegoke, eta abar luzea.

.

2 . Minak eta minak

Minduta sentitu da jende asko. Baina, ez dezagula ahantzi, egunero mintzen dela jendea. Egunero mintzen gara, adierazpen askatasunaren aterkipean, euskaldunok eta kataluniarrok ere. Egunero mintzen da LGTB kolektiboa, egunero langileria. Nago bideo honek sortu dituen minak ere oso ezberdinak direla izan.

.

3 . Kakalarria izateko zilegitasuna

Espainiar sinbolo zenbaitez hitz egin zen ‘Euskalduna naiz, eta zu?’ programan. Espainiaren sinboloen inguruan botatakoak izan dira askorentzat laidorik mingarriena. Ultraje a España. Zer nahi duzue esatea, piperpotoa bera ez al da bada irain erraldoi bat beste espainiar eta euskaldun askorentzat? Galtzaileen bandokoontzat. Ez zait harritzekoa iruditzen, eta ezta ere iraina, esatea bandera edo ereserki espainolak kakalarria sortzen didala. Edo borboiko erregeak botagurea, esaterako. Horrela baldin bada, zer egingo diogu?

.

4 . Umorearen mugak

Azken batean testuingurua ezabatzen baldin baduzu, edozer bihur daiteke dena baino mila aldiz eskandalagarriagoa. Funtsean umorearen mugez ari gara hizketan. Charlie Hebdok, El Juevesen edo Sacha Baron Cohen bezalako aktoreek zabaldu zuten meloi berbera zabaldu du ‘Euskalduna naiz, eta zu?’ programak. Erroa berbera da. Baina kasu, umorea ona da, sendabidea gaitz askorentzat, eta komeni da noizean behin zeure buruaz barre egitea. Horra gomendioa.

.

PS: Besarkada bat ‘Euskalduna naiz, eta zu?’ saioko lantaldeari. Ez zuten asteburu xamurra igaroko-eta.

Umorearen mugak eta kakalarrirako zilegitasuna
euskalduna naiz eta zu?
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

2 pentsamendu “Umorearen mugak eta kakalarrirako zilegitasuna”-ri buruz

  • Ados zurekin.
    Eta garrantzi handikoa iruditzen zain lantaldearekiko elkartasuna agertzea. Ez ninduke harrituko ardiaren kulpa bildotsaren batek pagatzeak.
    Elkartasuna adierazteko bururatzen zaidan modu bat, EITBk zentsuratu duen saioaren bideoa berreskuratu eta zirkularaztea da.
    Norbaitek badaki (edo badezake) nola egin?

  • Ez bazuen norbaitek grabatu nekez izango da posible saioa berreskuratzea, EITB barruan ez baduzu lanik egiten behintzat. Artikuluko punturik garrantzitsuena lehenengoa da, eta testuinguru horretan aztertu behar da. EITB aspalditik dago unionismoaren jopuntuan, Vocentok azken urteetan kanpaina artifizial asko elikatu ditu, Mikel Zubimendi dela, Barrura begiratzeko leihoak dela etabar. Argi dago zer dagoen honen atzean. Alde batetik, alderdi batzuek bere sokako kazetari eta kargu gehiago nahi dituzte EITB barruan. Bestaldetik, orain ireki nahi omen den EITBren etorkizunari buruzko eztabaida prozesua baldintzatu nahi dute, EITBko arduradun eta langileak bide autonomiko errejionalistatik atera ez daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude