Eroskiri boikota, bai ala ez? Iruñerriako langileen greba

Eroskiri boikota, bai ala ez?

Caprabok 18 langile kaleratu ditu Iruñerrian. Otsailean iragarri zuten neurria, baina langileetako batzuk bankuaren bidez jakin zuten kaleratuak izan zirela. Langileen batzordeak zuzendaritzari eskatu dio langile horiek bueltan kontratatu ditzala, baina ez zuten erantzunik jaso.

Caprabo Kataluniako supermerkatu kate bat da, 1959. urtean sortutakoa. 2007an, Eroski taldeak erosi zuen konpainiaren %75, eta 2012. urteaz geroztik osorik dago haren esku.

Eroski taldeak urtez-urte irabaziak izanda eta bestelako konponbiderik planteatu gabe, 18 langile kaleratzea bidegabekeria latza dela salatu du Nafarroako LAB-ek. Eroskik lanpostu nahikoak dituela uste du sindikatuak, eta Nafarroan dituen hamaika dendetan langileak aise birkoloka ditzakeela.

Eroskiri boikota, bai ala ez?
Arg: LAB

Capraboko arduradunek argudiatu zuten itxi nahi dituzten supermerkatuak galerak eragiten dizkietela. Lehia handia dago sektorean, bereziki Iruñerrian, supermerkatu ugariko gunea izaki.

Enpresa komiteak aspalditik salatu zuen, ordea, dendetan zegoen lan-esku falta. Aurretik hiru egunez greba egin ostean, otsailaren 27an greba mugagabea hasi zuten langileek. 240 langile ditu Caprabok Nafarroan, 27 saltokietan.

Langile batzordeak prentsaurrekoa eskaini zuen pasa den astean: ELAk 3 ordezkari ditu, LAB eta UGTk bina, CCOO eta Solidarik bana. Hemen duzue HamaikaTB-k egindako bideoa.

Nafarroako Gobernuari bitartekaritza ere eskatu diote. Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak publikoki iragarri zuen enpresarekin bildu zela. “Batzorde honekin, berriz, ez du inolako bilerarik egin. Gobernuari, zehazki Manu Aierdiri, eskatzen diogu Caprabo/Eroski-ren zuzendaritzarekin dagokion kudeaketa egiteko hiru aldeak premiazko bilera batera deitzeko 18 kaleratuei konponbide bat bilatu asmoz”.

Egoera honen aurrean, eta greba orokorraren baitan, LAB Nafarroak Eroskin erosketak ez egiteko eskatu eta boikoterako deia zabaldu du.

LAB-en deiak eztabaida piztu du Twiterren; esaterako, Gaizka Aranguren LAB-eko kidea da baina ez du gai honetan bere sindikatuaren boikoterako deia konpartitzen.

Badirudi kooperatiba mugimenduan horrelako egoera gatazkatsuak gertatzen direnean min gehiago egiten digula, kontraesanak azaleratu. Niri oso deigarria egiten zait nola funtzionatzen duen Eroskik: 20 urte lanean pasa eta gero langileei bankuaren bitartez jakinarazi diete kale gorrian daudela. Kooperatiba batek.

Eroskik nahi duena saldu dezake, baina hori justifikatu dezakeen argudiorik ez dio inorrek erosiko. Boikota bai ala ez? Zilegitasun osoa langileei. 

Eroskiri boikota, bai ala ez?

 

Zer duzu buruan “Eroskiri boikota, bai ala ez? Iruñerriako langileen greba”-ri buruz

  • Gaizka Aranguren eta Bakartxo Ruizen jarrerak zurea baino askoz ere zentzudunak iruditzen zaizkit, Zuhaitz.
    Seguru gai korapilatsua dela eta kanpotik antzeman daitezkeen baino erpin gehiagorekin.
    Boikot batek uste baino alboko kalte gehiago utz ditzake eta asko pentsatu behar da LABek egin duen deia jaurti baino lehen.
    Mercadonan pozez gainezka egon behar dute zuekin.