Udaltopeko formatu berriak interesa piztu du eta izen-emateak 400 laguneko langa gainditu du

Udaltopeko formatu berriak interesa piztu du –

  • Izena emateko epea luzatu da; gaur eta bihar ere aukera izango da formularioa betetzeko
  • Egitarauan ordutegi moldaketa batzuk izan dira, eta hasiera ordu erdi aurreratu da, 10:00etatik 9:30era

Udaltopeko formatu berriak interesa piztu du eta izen-emateak 400 laguneko langa gainditu duUdaltopek inoizko parte-hartzerik handiena izango du hamabigarren edizioan. COVID-19aren pandemiak eragindako osasun larrialdiak jardunaldia moldatu beharra ekarri duen arren, izen-emate zenbakiei erreparatuz gero aurtengo formatu eta egitarauak interesa piztu duela dirudi.

Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izenburupean, eremu sozioekonomikoari leiho bat zabalduko dio aurten Udaltopek. Etxeko leihoa, hain zuzen, jardunaldia online egingo baita maiatzaren 14an, eta aurrez iragarri bezala, egitaraua goiz bakarrera mugatuz.

Formatu berriak, gainera, interesa piztu du. Antolamendu Batzordeko kideak “pozarren eta harrituta” daude jendearen erantzunarekin. “Udaltopek azken urteotan izaera berritzailea eta ausarta azaldu du, bai jorratu diren gaiekin eta baita ondoren eman diren urrats edo egin diren ekarpenekin. Konfinamendu egoeran bi aukera genituen: jardunaldia bertan behera utzi edo egoera berrira moldatu. Bigarren aukera lehenetsi dugu eta gure publikoak eskertu du”.

Izen-ematea ostiralean ixtekoa bazen ere, azken egunetan izan duen bilakaera ikusita, bi egunez luzatu da, eta gaur eta bihar aukera izango da izen-emate formularioa betez Udaltop etxetik online jarraitzeko. Izen-ematea doakoa da eta www.udaltop.eus webguneko Izen-emate atalean osatu behar da. Hori eginda, pasahitza jasoko dute Udaltop berezi hau jarraitzeko.

Hasiera, ordu erdi lehenago

Antolamendu Batzordetik jakinarazi dutenez, hasiera ordu erdi aurreratuko da, 10:00etatik 9:30era. Gainontzean, egitaraua bere horretan mantentzen da eta hiru orduz, lan-mundua euskalduntzeko beharraz ariko dira gonbidatuak. Jon Sarasuak zabalduko du jardunaldia, eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko zer behar dugun galderari erantzungo dio. Jarraian, Agirre Lehendakaria Centerreko Leire Canciok, atxabaltarrak emandako arrazoibideen inguruko bere hausnarketa plazaratuko du.

Pilar Kaltzadak gidatuko duen mahai-inguruan, berriz, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako zuzendariak, Leire Okarantza Fagor Koop. E.ko Gestio Sozialeko ordezkariak eta Kike Amonarriz Topaguneako presidenteak hiru gai hauek jorratuko dituzte: Jon Sarasuaren gogoeta; testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoak; eta amaitzeko, ikus-entzuleek egindako galderak erantzungo dituzte.

Ondoren, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera arrakastatsuak gauzatzen ari diren enpresen esperientzia laburrak ezagutzeko aukera izango da, testigantza moduan. Eta amaitzeko, Kontu Kantoiko Bea Egizabalek umore ukitua emango dio Udaltop berezi honi.

Udaltopeko formatu berriak interesa piztu du eta izen-emateak 400 laguneko langa gainditu du