[Uztaritze iraultza garaian VIII] 1790ko uztailaren 14eko Federazio Nazionala

1790ko uztailaren 14eko Federazio Nazionala –

.

Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena

.

1790ko uztailaren 14eko Federazio NazionalaHala eta guztiz ere, Konstituzio Asanbladak erabaki zuen Bastillaren hartzearen lehen urteurrena ospatuko zuela departamendu guzietako Garda Nazionalaren ordezkariak bilduko zituen ekitaldi handi batean. Ospakizun hura zela eta, Uztaritzeko Herriko etxeak parropiako elizara deitu zituen 1790ko ekainaren 17rako eskualdeko udalerrietako ordezkari guziak, Pariseko ospakizunera  igorriak izanen ziren deputatuak hautatzeko.

Finkatutako egunean, hainbat ehun delegatuz osaturiko saldo bat bildu zen elizako atarian, hilerria inbadiatuz. Aise imaginatzen ditugu antolatzaileen problemak, jende horien artean, baitzeudelako ordezkari andana bat, Baionako, Gisuneko, Biarritzeko, Angeluko eta Lehuntzeko euskara naturalki ulertzen ez zuena. Zinez aurkitzen ginen Dominique Garatek Konstituzio Asanbladan iragarritako «Babeleko dorre»an. Konstituzio Asanbladaren Dekretuaren kontrakoa izan arren, erabakia izan zen 2 bozketako talde egitea, bat euskaldunentzat, bestea gaskoientzat. Biharamunean, ekainaren 28an, bozen kontaketa egin zen eta ondoko deputatu hauek hautatuak izan ziren:

Lapurdirentzat:

  • Dithurbide
  • Harriet
  • Detchegoyen
  • Diharce
  • Sorhaitz

Baionarentzat :

  • Lacroix de Ravignan
  • Mauco
  • Tauzier Fils
  • Dufourg Fils
  • Fourcade

Asanbladak, haiei eman zizkien Federazio egunean bera ordezkatzeko botereak oro:

«Bere izenean zin egiteko, berak zin egiten duen bezala, bizitzea eta hiltzea fidel Nazioari, Legeari, Erregeari, eta, kontituzioa mantentzea indar guziez odola ixurtzeraino».

Deputatu bakoitzari, ibilaldiaren gastuei aurre egiten ahalbidetzeko, finkatu zion   zortzi ehun liberako diru laguntza, zeina, Distriktaren Zuzendaritzak ordainduko baitzion eratu orduko. Deputatuek Pariseko Udaletxeari, Garda Nazionaleko Lafayette komandant generalari, Bailly deituriko Pariseko Auzapezari: laudoriozko eta eskeronezko hitz diskurtso hau  errepikatu behar zieten :

«Errekonozimentu samurrena[1]Konfederazioaren proiektu ospatsurako zeinaren kontra Konstituzioaren etsaien hilzorian den errabiaren esfortzu ahalgabeak hautsiko dIren, errekonozimentu samurrena lan jarrai, adoretsu eta argiturako zeinaren bitartez askotan Pariseko Udalerria izan den Iraultza eder horren egiazko salbatzailea. Gure deputatuek Pariseko Udalerriari galdeginen diote, laguntza bakar bat, hau da, preziatzea Erreinuak abandonatua den eta pobreziak eta arimaren alturak emandako adorea daukan populu batek bere mendietan altxor sakratutzat atxikiriko libertate sendimenduaren balorea»

Hain segur Monduteguyren hegalaldi ponposa honetan iduritzen zaigu Robespierre bera aditzen dugula.

Mokopeita :

Iraultzaren hasieran, Marie Sescossek bertan ostatu bat zeukan, Bazakien batzuetan zein zaila zatekeen ofizio hori emazteki batentzat . Hil zenean, Pierre Dihinx bere iloba etxearen jabe egin zen. Honek Madriden ondoan bazuen teilagintza inportante bat. Espainarekiko gerlaren garaian Madriden bulta batez blokatua egon zelako iheslaritzat hartua izan zen.

  • Gardia Nazionala (23.orrialdea)

Alabainan, Herriko errealitate umiletara itzuli behar zen. 1790ko uztailaren 2ko Udal kontseiluak aitortzen zuen Hiribehereko plaza publikoan egin behar zen Garda Nazionalaren urrengo errebistak itxura tristea izanen zuela : Banderarik ez, «parropiaren atabalaren kaxa oso andeatua eta ezin erabilizkoa», Dargains anaiak Herriko ohiko aldarrikariak piltzarrez beztituak ziren. Erabakia izan zen bandera bat egitea, Dargains anaiak beztitzea «oihal arrunt batez zeinarekin eginen baitziren, maripulisa, txalekoa, galtzak, galtzerdi eta guzi Nazioaren kolorekoak», eta, bukatzeko, erabakia izan bi atabal erostea.

1790ko uztailaren 14an, Parisen Federazioaren pesta ospatzen zenean, Uztaritzen makur tipi bat gertatu zen, ez noiztenka gertatuko zatekeena Herriko bizitzan. Arratseko 10etan, Mailarabeitako semea zen Charles Dibarboure eta Aldateguyko semea zen Pipi[2]Detchenique, Mokopeita etxe ederrean ostaler zen Marie Sescossen bortaren aurrean agertu ziren eta ardoa eskatu zioten.

«Ohartu baitzen ez eiki zutela horren beharrik, honek erantzun zien ez zezaiekeela eman. Gazte horiek beren makilekin hasi ziren etxeko borta jotzen. Andereak bere leihotik errepikatu zien ez zuela deus emanen, berandu zela eta. Orduan, gazteek borta indarka bortxatu zuten, sartu ziren eta gaitzeko harramantza hasi ziren egiten zoladura eta eskalera mailak beren makilekin joz. Andereak, kalapita haiek areago zitekeelakoan, hel oihu egin zuen, hainbat auzo lasterka jin ziren. Dibarboure hura etxetik nahi izan zuten aterai, bainan Detchenique haren lagunak makilarekin mehatxatuz tokian uztera bortxatu zituen».

[1] BC : « tribut » testuanan.

[2] « Pipi » da tipiren ttipigarria.

1790ko uztailaren 14eko Federazio Nazionala

7 pentsamendu “[Uztaritze iraultza garaian VIII] 1790ko uztailaren 14eko Federazio Nazionala”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-05-11 15:40

    Zenbait zehazrasun pasartea hobeki ulertzeko :
    Frantzia departamendutan zatitzearen printzipioa 1789 urtearen bukaerara Asanblada nazionalean erabakia izan bazen, Basses Pyreenetako departamendua 1790ko martxoaren 4ean bakarrik zen sortu, biltzen zituela Eskual herriko 3 probintzia ohien eremua , Biarnoa eta Baionako hiria.
    Departamendu berria 6 distriktetan zatikatua izan zen, hau da Pau, Oloron, Orthez, Oloron, Maule , Donapale eta Uztaritze.
    Botere iraultzaileak Baiona sartu zuen Uztaritzeko distriktean Lapurtarren eta biltzarraren nahiaren kontra.
    Hasiera batean, iragaitzazko kontsolamendutzat agian, Uztaritzen utzi zuten distriktaren hiriburua eta horrengatik pasarte honetan deskribatua den Federazio ospakizunerako distrikteko deputatuen hauteskunde hura Uztaritzen egina izan zen, antolakuntza arazo linguistikoak sortzen zirela.
    Bainan baionesek eta bertako iraultzaileek ez zuten sekula onartu Uztaritze hiriburu izan zedien eta distriktaren direktoriaren bilera hasieratik Baionan egin zituzten. Hiriburua Uztaritzetik Baionara lekuz aldatu zuten legez oso laster iraultza denboran .

  • Galderatxo batzuk. Baionak Landekin loturarik ba al zuen aurretik? Eta zein zen Angelu, Miarritze egoera iraultza aurretik? Berez Lapurdin zeuden, baina euskararen arazoa ere edukiko zuten, nik uste. Eta azkenik, Bidaxune ez duzu aipatzen, baina berez ez zegoen Nafarroaren barnean.
    Beste gai bati helduz, Mundutegik zioen bezain pobrea al zen Lapurdi?
    Duda asko, kosta egiten bait zait garai haierako egoera ondo ulertzea.

  • Amonamantangorri 2020-05-11 23:57

    “… jende horien artean baitzeudelako ordezkari andana bat, Baionako, Gisuneko, Biarritzeko, Angeluko eta Lehuntzeko(,) euskara naturalki ulertzen ez zuena”.

    Koma baten baten falta sumatu dut hor.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-05-12 08:11

    Arrazoi duzu Amonamantangorri, koma hori gabe gaizki uler liteke.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-05-12 13:08

    Iker, dakidanarekin entseiatuko naiz erantzuten. Artetik errepikatzen dut , historialari ez formakuntzaz ez eta esperientziaz izan arren, inportantea zitzaidan liburu honen itzulpenari lotu naiz bainakien nehork ez zuela egingo nehonik ez banuen egiten.
    Iraultza aurreko Baionari dagokionez erranen nuke egoitza Daxen (akize) zeukan Lanneseko seneskalerri nausiaren barruan zegoela teorikoki, Dax (akize) eta Saint Sever bezala, hirurak berak orobat zirela 2.mailako seneskalerri.
    Teorikoki diot zeren eta hiruak elgarretatik nahikoa independienteak baitziren eta gainera Baionan zen Akize baino askoz inportanteagoa eta potenteagoa.
    Baiona ez bezala, Biarritzek eta Angletek beren auzoetarik batzu euskaldunak izanki, parte hartzen zuten Lapurdiko biltzarrean beti ere ez bazen .
    Bidaxunez guti dakit, gehienetan Nafarroa behereari lotua zela, batuetan Akizeko seneskalerriari, Bonapartek zioenez ez zegoela euskararen eremuan gaskoierarenean baizik.Zer egiten zuen hor uztaritze distrikteko hauteskunde horretan ?
    Egia erraiteko, ezdakit.
    Munduteguyk exageratzen du beharbada Lapurdiren « pribilegioak » atxiki nahian ( auzitegia, zerga dispentsak, espainiarekiko komertzio librea…) eta diru kontribuzio bat ahal bezain tipia.
    Lapurdiko lurrak ez ziren emankorrenetarik bainan lapurtarrek oreka ekonomiko bat lortu zuketen laborantxa,arraintza,artesautza eta komertzioaren artean. Beren lege zaharrei esker Erregeari eman beharreko kontribuzioa moderatua zen.
    Hala ere , iduritzen zait Lapurtarrak arrazoiz ez zirela sobera meskontent beste probintzien egoerarekin alderatuta.

  • Eskerrik asko!
    Ea Lannessko Seneskalerriari buruz zerbait informatzen naizen.
    Historialari ez zara izango baina historia egira urbiltzeko erabiltzen duzula dirudi, ez askok bezala beraein ideiak konfirmatzeko.
    Ea Lapurdi obe ezagutzen dudan.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-05-15 12:15

    Seneskalerri da erabili dutan termino bat frantsesezko “sénechaussée” ez dut gogoratzen nunbait ikusi nuen edo ez den nik asmatu neologismo kaskar bat besterik aurkitu ezean.
    Egon nintzan zergatik ote Erregeek ez zuten seneskalerri nausia Baionan jarri Akizen eman ordez. Izan ere Frantziako Historian Baiona beti izan da hiri bat Akize bat askoz potenteagoa, dinamikoa eta aberatsa izan zena.
    Esplikazionea litzateke Baiona mugatik sobera hurbil beti zela inbasio baten mehatxupean. Horrengatik ere Baionako historian zehar murru fortifikatuen eraldaketek eta hobetzeek badute inportantzia berebizikoa.
    Munduteguyk Uztaritzeko Auzitegiaren defentsarako agumentu guziak erabiltzen ditu eta, hizkuntz arrazoiaz aparte, une batez, ikasten dugu Baionak arratsero bere murruak hesten zituela eta hango tribunalera joandako lapurtarrak blokatuak izango zirela eta gau bat bertan pasatzea oso garesti helduko zitzaiela, Baioana hiri oso karesti izanik lapurtarrentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude