[Uztaritze Iraultza Garaian XXVI] Udalerriko finantziak, 1796ko kontribuzioak

Udalerriko finantziak, 1796ko kontribuzioak –

Uztaritze iraultza garaian

Herriko etxearen tresoreria apalenean1 zegoelako, erraz ulertzen da zinegotziek izan zutela luxuzko gastuak ahal bezainbat tipitzeko kezka. Lehengoko denboran, aragiaren eta arnoaren gaineko zergez bestalde diru iturritzat Herriko etxeak nahi bezala hartzen ahal zuen oihan amankomunetarik. 1796an arbola hilak pikatzeko eta horrela bere eguneroko gastuei aurre egiteko, Herriko etxea obligatua izan zen Departamenduko Autoritateari baimena eskatzera. Ezetza borobila errezebitu zuen Administrazionetik, baizik eta aski zuela konpontzea lur kontribuzioak emaiten zizkion zentimo gehigarriekin, delako kontribuzio hura oraindik errekuperatua ez zelarik.

Denbora berean, Herriko etxeak nigar egin behar izan zuen Kontribuzio bortxaturako sobera ordaindu behar zuten «herritar eroso» batzuen izenean.

Izan ere kantonamenduarako hasieran 5500 liberetan finkatua izan zen kontribuzio hura, bi aldiz baino gehiago bidegabeki bikoiztu izan zen.

Erreklamazio horien artean, 1796ko irailaren 18an, Herriko kontseiluak Departamenduko Direktoriotik Jean Martin Munduteguyren petizio baten  abisua. Munduteguy pleinitzen zen 100 libera pertsonalki galdegina izan zitzaizkiola kontribuzio bortxatuaren kondu eta bere aitarentzat ere 100 libera ordaindu beharko zuela. Harritua eta gaitziturik, Garatek erantzun arazi zuen :

[Uztaritze Iraultza Garaian XXVI] Udalerriko finantziak, 1796ko kontribuzioak

«Petizioari buruzko bere abisuarekin batera, Uztaritzeko Udal Administrazioak uste du zenbait esplikazio igor dezakeela bere kontra petiziolariak egin dituen akusazioez. Denbora hartan, petiziolariak kargu ofizialik ez zuen oraindik gure artean, Administrazio zentralak galdegin digularik Kontribuzio bortxatuaren alturak finkatzeko gure kantoinamenduan …bai eta komunikatzeko Iraultzaz geroztik eta hari esker bizigaien komertzioan edo beste, beren fortuna handitu zuketen herritarrei buruzko informazioak.

Administrazio Zentralak gu Uztaritzeko Herriko Kontseilari bakarroi zigun galdegiten… informazio horiek igortzea. Ez ginuen ordea…ezertan elgar aditu behar petiziolariarekin…

Denbora gutiren ondoren, behin behineko Botere Exekutiboaren Komisario izan baitzen, galdegin zizkigun erakustea Administrazio Zentralari egiatan igorri ginituen lanak. Erantzun ginion jadanik igorri ginuela lan hori… eta ez ginuela kopiarik egin ahal izan hain labur izan baitzen lan hura igortzeko emana izan zitzaigun epea.+

Beraz petiziolariak ezdaki zer derasan, bere petizioan pleinitzen delarik guk lan hura erakustea errefusatu omen giniola.

Guri iduritzen zaigu areago erratzen dela, zuen zergen itzelezko erruak eta injuztiziak egozten dituelarik guk eman dizkizuegun base makurrei …zerga horientzako zuen oinarri printzipalak zirelarik bada galdegin zenizkiguten 1793ko lur kontribuzioaren Erregistroak …eta petiziolariak berak Tiraniaren autoritatearen udal ofiziariak baztertuz populuak berak haututakoekin ordeztu arazi zituen udal ofiziariek eginak izan zirenak.

Fortuna emendatzei buruzko gure informazioei dagokienez… aurretik nabaritzen ziren…denek bazakiten.

Petiziolariak erraiten duelarik Departamenduko Administrazioaren zergen erruak eta injustizi itzelak guk emandako informazio faltsuei egotzi behar zaizkiela, den mendreneko dudarik gabe erran dezakegu ez dela kalumnia lizun bat baizik.

Orai horra gure iritzia bere galderari buruz…

Ikusita petiziolariak berak Beretter etxea 72000 liberatzat ebalua arazi duela, aitak edo semeak ukan dezala ontasun horren gozamena, semearen fortuna emendatzea kontuan hartu gabe ere, batarentzat edo bestearentzat 200 frankoko2 zerga hau ez da zerga bat biziki moderatua baizik batez ere konparatzen delarik Haitze, Sorhaitz, Hiriart, Van Oosteron, kantonamendu bereko biztanleek, kasu berean, ordaindu behar dituzten zergekin. Horrengatik, gehiago ordaindu behar ez izaiteaz kontent izan behar lukeelarik, bere aitaren zerga ezer erran gabe berea bezala ordaindu nahi ez izanak erakusten du petiziolariaren lotsagabekeria.

Uztaritzeko Udalerriko Administrazioak pentsatzen du petiziolariak ez duela deskargurik merezi»

.

Munduteguyren heriotze tragikoa, 1796ko azaroa, segurtasunik eza

Alabainan, Munduteguyk ez zuen luzaz biziraun behar Dominique Garatek egin zion laidoari. Izan ere, 1796ko azaroaren 16tik 17rako gauan, gizon mozorrotu talde batek bortxatu zuen Beretarraenea 3 bere etxeko borta, ohetik kendu, kolpeka eho, eskalera mailak jautsarazi zizkioten zangoetarik herrestan eta tiro batez akabatu zuten. Nor ziren hiltzaileak? Munduteguyk deportazioan izan zuen errola ahantzi ez zuten eta handik bizirik itzuli ziren jende batzuek? «karrosaren batailoia»aren izenpean denbora batez eskualdea bipildu zuten bandidoak?

Munduteguyk aberastasun handiak edukitzeko zaukan fama ez zen beharbada arrotz heriotze tragiko horrekin. Hiltzaileek etxea arpilatu zuten. Zer nahi gisaz, afera horrek oiartzun handia ukan zuen Pariseraino ere zeren eta galtzagabeak, Tailien, Fouche, Barras bezalako terrorista ohiak elgarri atxikiak baitziren, eta, nausi baitziren.

«Legeen adiskidea» beren tendentzia adierazten zuen egunkari batek idatzi zuen Euskal herria «Vendée berri bat» zela, zeinean Kontra Iraultzaren gertakari izigarriak pasatzen baitziren. 4

Hobendunetarik bakar batzu arrastatuak izan ziren Donibane Garaziko Jean Pierre Mendiry kapitainak manaturiko euskal xazur tropa bati esker.

1798ko maiatzan presoak jujatuak izan ziren eta horietarik hiru, Ezpeletako biztanle, heriotzera kondenatuak eta exekutatuak5 izan ziren.

Dramaren ondoren Departamenduko ordezkari batek eginiko Inkesta txosten batean, Uztaritzeko autoritateak ez ziren batere begirunez aipatuak izan:

Garatez errana izan zen:

«gaitasun haundiko gizona eta biziki ikasia, iritzi publikoak akusatua da bere pasioak dominatzen ez jakiteagatik» (Munduteguyren kontrako bere herra denek ezagutua zen)

Laborde gaitasun urriko gizontzat joa zen, bere karaktera agertu omen baitzen Departamenduko Direktoriari igortzera ausartu zen gutun famatu harengatik.

Larreguy bakezko jujeari dagokionez, zeinaren gaztelua Bereterraenetik 500 metrotan zegoen muino baten gainean eraikia baitzen, horrela akusatua zen :

«bandidoek Munduteguyren etxea erasotzen zutela entzunda ere, hari sokorri 6  ekartzeko deus egin izana»

Hiltzearen gauan, haizego bat bortitza egiten baitzuen, posible zen Arruntzan emandako tiroak ez zirela Heraitzen entzunak izan.

Eskualdean bidegabekeria hau ez zen izan bakarra. Segurtasun eza goiti ari zen eta batzuek ezkutuan bizi ziren desertore eta intsumitu ugariei leporatzen zieten.

Moncey Generalak problema soluzionatzea, hau da, ordrearen mantentzea eta iheslarien bilatzea, Espainako azken gerlan Harizpe marexalaren aginpean bereizi zen euskal xazur brigada erdiaren eskuetan eman zuen.

[Uztaritze Iraultza Garaian XXVI] Udalerriko finantziak, 1796ko kontribuzioakIduri du bere buzuzagiarekin 1797ko otsailean Uztaritzen egon zen brigada harek bere misioa untsa bete zuela. Izan ere Herri kontseiluak, Monceyri eskerrak igorri zizkion iheslarien aldera erabilitako aita iduriko manerak goresteko bai ta ere Harispe komandantearen eta bere soldadoen portaera onaren lekukotasuna emaiteko. Harizpek untsa ezagutzen zuen arazoa zeren eta borroka etenez geroztik bere kezka nausia hori bera baitzen, soldadoak armetan atxikitzea. Berak zeukan autoritatea gatik ere, maiz alferretan ahalegindu zen.

.

1 BC «a sec» testuan

2 BC : garai hoietan zen sortu « franc » moneta.

3 MD : Etxe hura kinka txarrean dago, atxiki du XVII mendeko ataria, goian leiho eder batekin. Orai biak murru batez tapatuak dira.

4 MD :Pierre Marithurry eta Arruntza Ikhebelarreko Pierre Menta ere mehatxutuak izan ziren haiek ere ; hitzezkoak egon ziren, nahiz Munduteghyren auzo zen Mentarentzat oso ozenki eginak izan ziren Munduteguyren hiltzearen gauan.

5MD : Robert Poupel « troubles sur la rive gauche de la Nive en l’An V de la Republique, société des Sciences Lettres et Art de Bayonne 1965 n°109 »

6MD : Pierre Courteault la Contre revolution dans le Labourd Ekaina 1980

Udalerriko finantziak Udalerriko finantziak Udalerriko finantziak

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Uztaritze Iraultza Garaian XXVI] Udalerriko finantziak, 1796ko kontribuzioak”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-09-16 10:18

    Mundutegi, zeinaren heriotza bortitza pasarte honetan kontatua zaigun, Lapurdi eta haren foruak edonork baino hobeki defendatu ondoren erabat pasatu zen iraultzaile frantsesen aldera haien krimen higingarrienetan parte hartzeraino, adibidez, saratarren eta ingurukoen deportazioan edo Donostiako elizak arpilatzean eta bertako biztanle andana atxilotzean eta hitzean…
    Trahizio horren arrazoiak esplikatzen entseiatzen bagara erran ginezake araiz antiklerikal amorratua zela iraultzaileak bezalaxe baina ba izan zitekeen menturaz muntagarriagorik ere: Izan ere ez da sekula ahantzi behar Iraultza guziz iraultza burgesa zela eta Mundutegi ordura arte urria zen Lapurdiko burgesi merkatariaren lagin dinamiko bat zela. Ez da txiripa Iraultzak adiskide gehien izan zituen herrietariko bat Donibane Lohitzun bazen nun euskal burgesi merkataria jadaniko nahikoa garatua zen, gaineratiko herria gehiago rurala egon zelarik.