Ikasturte berriari aurre egiteko zenbait gako

Ikasturte berriari aurre egiteko zenbait gako –

Amelia Barquin Huheziko irakasleak, berria egunkarian.

Ikasturte berriari aurre egiteko zenbait gako
Argazkia: Ataria.

Hainbat ikaslek online bukatu zuten pasa den ikasturtea. Ikasturte berria modu presentzialean hasi dute batzuek dagoeneko, eta beste hainbatek laster egingo dute. Irakasleon artean hamaika gogoeta, kezka, aldarrikapen zabaltzen ari dira egunotan, eta hurrengo lerroetan gako gutxi batzuk aipatu nahiko nituzke.

– Ziurgabetasuna da gero eta gehiago gure bizitzaren gakoa eta, COVID-19aren ondorioz, nabarmen areagotu da, baita hezkuntzaren arloan ere. Une honetan barne antolakuntzak sekulako ahalegina eskatzen du ikastetxeetan, besteak beste haietako askotan baliabideak nahikoak ez direlako. Eta neurri profilaktiko zehatzak hartzeak eta ikasleei neurriok zaintzen laguntzeak ere bai. Aurreikusten dugu, gainera, egun batetik bestera egoerak okerrera egin dezakeela, eta orduan egokitzapen gehiago beharko dira: formatuak aldatzea, edukiak aukeratzea, estrategiak asmatzea… Eta denbora galdu/inbertitu beharko dugu hori guztia egiteko, probatzeko, urgentziei atenditzeko, batzuetan hanka sartzen eta akatsak egiten… Horrek esan nahi du curriculuma ez dugula landuko duela bi ikasturte landuko genuen bezala, badakigu. Hobe penarik eta erru sentimendurik gabe onartzen badugu hasieratik. Baliteke irakasle batzuentzat ikaskizun erabat txarra ez izatea curriculumaren zurruntasunari malgutasun gehiagoz erantzutea eta errenuntzia batzuk egiteko prest agertzea.

– Arrisku bat izan daiteke edukiei lehentasuna ematea hasieratik bertatik. Eta nagusiki «garrantzizkotzat» jotzen diren edukiei (batez ere hurrengo konfinamenduaren beldur bagara eta, badaezpada, espabilatu nahi badugu). Badago, ziur aski, beste lehentasun bat: gertatzen ari zaiguna ikasleekin batera elaboratzea, adinari egokituta, esan gabe doa. Gertatzen ari zaiguna oso potoloa da eta ezin da arin gainditu hasierako «zer moduz zaudete» azkar batekin. Zein gai?: konfinamenduan bizi izandakoa bere erpin ugariekin (eta aukera izango dugu ume batzuek pairatutako gabeziak, baliabideen premia eta egoera zaurgarriak detektatzeko); norberaren esperientzia, emozioak eta kezkak; jasotako zauriak ere bai; beste itxialdi bat gertatzekotan zein izango litzatekeen norberaren egoera. Eta denok hartu behar ditugun neurrien garrantzia, eta arriskuan dauden pertsonekin dugun erantzukizuna. Eta, orobat, gizartean egon diren eta dauden gogoetak eta debateak: umeei itxialdian ezarritako baldintzak, pertsona nagusien hilkortasuna zahar etxeetan, gaixoen ondoan egoteko egon diren oztopoak… Eta eskolaren (eskola presentzialaren) funtzioa: zer gertatu den desagertu denean, zer nabaritu dugun faltan, desabantaila zeintzuek sufritu duten nagusiki… Alderdi emozionalak eta kontzientzia soziala lantzeko aukera paregabea da. Bestalde, eskolarekin harreman ez-presentziala izan duten ikasleek lan telematikoaren onurez eta desabantailez ere hitz egin dezakete, eta baita komunikazio telematikoa eta abian jarritako estrategiak hobetzeko moduaz ere, beste itxialdi potentzial bati begira alegia.

Bizitza eskolan sartu behar da; gertatzen zaiguna eta kezkatzen gaituena primerako materiala da. Ez halabeharrez modu diskurtsiboan lantzeko; aipatutako gaiak alderdi curricularrekin lotu daitezke. Estrategia sozio-afektiboak ere oso eraginkorrak izan daitezke, proposamen artistikoak bezainbeste.

– Ikasle batzuengan nabarituko dugu atzerapauso nabarmena euskararen arloan (batzuentzat 6 hilabete igaro dira euskararekin ia harremanik gabe). Beti bezala, erronka handia da familia eta ingurune ez euskaldunetan bizi diren ikasleei euskara erabiltzeko aukerak eskaintzea, eskolan zein eskolatik kanpo (telebistako programa batzuk ikusteko proposatzea baino ez bada ere).

– Kontura gaitezen umeei eta gazteei eskatzen dieguna neurotikoa dela halabeharrez (egunean hogei aldiz eskuak garbitzea trastorno obsesibo konpultsiboaren isla izan daiteke, eta ikasleak hori egitera bultzatu behar ditugu!). Ikasleei lagundu behar diegu neurriak hartzen giro lasai eta atseginean, ahal den heinean urduritasunik eta antsietaterik gabe, aldi baterako neurriak direla jakinarazita. Hobe irakasleok ere horrela biziko bagenu.

– Irakasleok kontuz ibiliko gara gu geu elkartzen garen une eta tokietan (atsedenean, bileretan, kafea hartzen, formazioetan…). Ikaslerik gabeko guneak ez ditugu hartuko apur bat erlaxatzeko aukera moduan, azkenaldi honetan ikusten ari baikara arriskua hor ere badagoela.

– Gurasoekin harreman gertua izatea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Ondo dakigunez, gauzak okertzen badira, derrigorrezko konplizeak izan behar gara (lehenago ere bai, noski). Eta desabantailan dauden familia batzuek malgutasun handia eta ahalegin estra bat beharko dute. Harreman eta kolaborazio hori joan daiteke jada prestatzen ikasturtearen hasieratik. Gurasoekin biltzen bagara, moduak bila ditzagun haien ahotsek ere presentzia izateko eta gurasoen arteko harremana sustatzeko (eta ez soilik irakasleok informazio sorta bat transmititzeko, galderentzako tarte bat bukaeran utzita). Familien elkartearekin kooperazioa tresna garrantzitsua izan daiteke, bestalde, ikasle eta familia zaurgarrien beharrei erantzuten laguntzeko. Eta baita ere irakasleen alboan egoteko administrazioari aldarrikapenak egiteko unean.

– Udala ere izan daiteke solaskide solidarioa, ikastetxeen eta familia batzuen premiei begira. Konfinamenduan zehar hainbat udalek lagundu diete familiei euskarri digitalak eta konektibitatea erraztuz. Sortuko diren beste beharren aurrean irekiak egon daitezke. Sormena eta lidergoa beharko da zuzendaritza taldeetan ezohiko baliabideak bilatzeko orduan.

– Eta bitartean administrazioari erantzukizuna eta baliabideak eskatzen jarraituko dugu. Alegia, hezkuntza eragileekin etengabeko elkarrizketa gauzatzeko, dauden eskaerak eta kezkak entzuteko, proposamenak jasotzeko… Koiuntura honetan, gainera, egoera zaurgarrian dauden ikasleak dituzten eskolek haien beharrak areagotzen ikusiko dituzte, eta administraziotik laguntza gehiago beharko dute. Desiragarria da administrazioaren eta hezkuntza eragileen arteko elkarrizketa eraginkorragoa izatea.

Ikasturte berriari aurre egiteko zenbait gako

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.