Udalak eskainitako espazioari uko Herri Sanferminek

Udalak eskainitako espazioari uko Herri Sanferminek –

Herri Sanferminen bultzatzaileok haserre gaude. Iruñeko Udalak Alde Zaharretik bota gaitu. Enrique Mayak eta bere taldeak festaren erdigunetik bazterrera itzularazi nahi ditu Herri Sanferminak. Horrela, 2016ko Sanferminetatik hasita, 4 urtez, hiriaren erdigunean adin guztietako herritarrendako egitarau oparoa antolatu ondoren, Errotazar ingurura, La Runa parkea delakora joatea beste aukerarik ez digute eman. Honen inguruan, hainbat gauza salatu nahi ditugu:

Udalak eskainitako espazioari uko Herri Sanferminek
Argazkia: Noticias de Navarra.

Batetik, Udalaren kudeaketa traketsa. Udaletxeak udazkenean proposamenak egiteko epea ireki zuenean, Herri Sanferminetatik O eta Errekoletas plazetan egitaraua antolatzeko proposamena bidali genuen, aurreko urteetako dinamika mantenduz. Udaletxea apirilean gurekin harremanetan jarri zen, aurretik bidalitako proposamena kontuan hartu gabe. Tartean, Sanferminen eragile garen kolektibo anitzekin izandako hartu-emana oso eskasa izan da. Martxoan salatu genuen bezala, Sanferminen mahaiko 2 bilera besterik ez dira deitu eta bertan parte hartzerako eta eztabaidarako tarterik utzi gabe.

Bestetik, Udalaren jarrera zurruna. Eskatutako espazioei apirilean ezezkoa eman ondoren, alternatibak bilatzeko bilera bat eskatu genien. Bertan, Udalaren “Hiritar Segurtasun” arloko ordezkarien jarrera guztiz zurruna izan zen, proposatzen genizkien alternatiba posible guztiak baztertuz. Udal ordezkarien argudio nagusia Alde Zaharreko bizilagunei eragingo litzaizkieken eragozpenak ekiditeko ustezko helburua zen. Guk ere ulertzen ditugu 9 egun horietan zehar auzoko bizilagunek pairatzen dituzten molestiak, are gehiago, gutako asko ere Alde Zaharreko bizilagunak izanik. Herritar guztiek gozatu eta deskantsatu ahal izanen duten festengan sinisten dugu eta hori da gure apustua. Horregatik, kontzertuen ordutegia 00.00etaraino eta txosnaguneena 01.00etaraino murriztea proposatu genien, baita kalte gutxiago eragin zezaketen hainbat plaza posible ere. Hala ere, ezezko borobil bat jaso genuen berriz ere, maiatzaren hasieran.

Gainera, aurreko astean jakin izan genuen, Udaletxeak Gaztelu Plazan tabernen 10 barra goizeko 02.00ak arte baimenduko dituela. Ez dugu ulertzen zergatik Udaletxeak, Herri Sanferminen ekimenak Alde zaharretik ateratzea ezinbestekoa ikusten duen, eta aldi berean, Gaztelu Plazan barra desberdinak baimentzen dituen.

Azkenik, Herri Sanferminetako jaigunea, eraso sexista, LGTBfobo eta arrazisten aurrean, gune segurua izan dela ez dutela kontuan hartu, alde batera utzi dutela. Horrela, jaiak guztientzako gozagarri izatea haien agendan ez dagoela frogatuz.

Hori guztia kontuan izanik, ondorio argi bat ateratzen dugu eta partekatu nahi dugu iruindar eta Sanfermin zale guztiekin: Udal honek oztopo gisa ulertzen ditu Herri Sanferminak, ez zaio gustatzen bestelako jai eredu bat aldarrikatzea, eta horregatik, ikusezin bilakatu nahi gaitu. Sanfermin herrikoi, parte hartzaile, feminista, ekologista, euskaldun, antikapitalista eta anitzak traba dira haientzat, eta guk proposatzen dugun eredua errespetatzetik urrun, festatik baztertzen saiatzen dira.

Hemen ikus daitezkeen afixa hauetan ageri da hilebetetako lanaren fruitua, aurtengo Sanferminetarako prestatuta geneukan egitarau oparoa. Adin guztietako herritarrendako programa bizia, alaia, herrikoia… bizi izan ditugun garai gogorren ondoren, hainbeste esperotako Sanferminak herri LORALDI bat izatea nahi genuen, berpizte kolektibo indartsu bat. Udalaren ezezkoen eta baztertzearen ondorioz, ordea, programa hau, bere horretan, bertan behera uztea erabaki dugu, eta txoznagunerik ez jartzea. Hori bai, horrek ez du esan nahi Herri Sanferminak desagertuko direnik. Gure balioak erdigunean jarri eta aldarrikatuko dituzten festak ospatzeko beste modu batzuk bilatuko ditugu.

Hasieran esan bezala, haserre gaude, bai. Baina haserre hori Herri Sanferminen aldeko indar bilakatuko dugu. Lanean jarraitzen dugu, datozen Sanfermin berezi hauek benetako LORALDI herrikoi bat izateko. Gora Herri Sanferminak!

Udalak eskainitako espazioari uko Herri Sanferminek