Turismoa, udako zirauna

Turismoa, udako zirauna

Uda honetako zirauna. Uda honetako suge gorria, edo ez dakigu ondo zer. Kontua da turismo eredua pil pilean dela. Mikel Iturriak Harrikadak blogean idatzi duen honako testua harrapatu dugu salabardoan. Gai ote gara soseguz eztabaidatzeko?

Hau ez da Egia

Egiako Gazteak izeneko taldeak pintada egitea erabaki zuen duela bi aste eskas apirilean Egia kalearen beheko aldean zabaldutako La Farándula garitoaren aurka.

Ez zitzaidan gustatu marka hori jartzea horrelako lokal bati.

Taldeak komunikatu bat zabaldu du. Lehen lerroan beren aurkako kriminalizazioa salatzen du. Gero dio ez zela “kulturaren aurkako ekintza bat izan (…) kultura konkretu bateko negozio modernoak agertu dira Egian, Donostiako esparru kultural kapitalistarenak hain zuzen ere (…) Argi geratzea nahi dugu ez dela konkretuki La Farandularen aurkako ekintza bat izan, baizik eta La Farandulak bultzatzen duen transformazio ekonomiko eta politikoaren aurkakoa”.

Ez dut arazoaren muina ulertuko, baina horrelako ekintza bat gure hirian antzerkiaren alde apustua egin duen lokal pribatu bakarrari egitea (El Sekaderok ateak itxi behar izan ditu) ez zait batere gustatu. Baina berdin pentsatuko nukeen beste lokal (moderno edo ez moderno) horietako bat tartean izango balitz: ez dut gustuko marka horiek jartzea.

Nik neuk kultur mundu instituzionala dut ogibide eta gaur ekarri nahi dut hona langile talde batek ia duela bi urte Kortxoenearen alde agertu gineneko esaldi bat: “Kultur aniztasuna eta eredu ezberdinen arteko bizikidetza ez direlako marketing eslogan hutsak, gure eguneroko jardun profesionalean hedatzen saiatzen garen oinarriak baizik”.

Turismoa, udako zirauna

Turistak erraustu, Tourists go home

Ez da pintada bakarra izan aurrekoa: lerro hauen goiko aldean dauden bezalako leloekin agertu dira beste pintada batzuk Donostian eta Ernaik ere akzio itsusi samarra burutu zuen Basquetour-en kontra Bilbon. Martxelo Otamendiren zutabetxoa gustatu zitzaidan eta ondorengo lerro hauek nireak egiten ditut:

“Agintari batzuei asko gustatzen zaie formen gaineko eztabaida, fondoan ez sartzeko. Halako «ez dezagun hitz egin arazoaz, baizik eta arazoa salatzeko metodoaz». Hori kontuan hartu beharko lukete protesten antolatzaileek”.

.

Museoko agerraldia

Hiriko hainbat ostalarik eta merkatarik zein udaleko, probintziako eta Eusko Jaurlaritzako turismo gaietarako arduradun sozialistek agerraldia egin zuten hilaren 9an San Telmo Museoan turismoaren aurkako kanpaina horiek salatuz.

1.- Zer agerraldi klase zen hori? Beste garai batekoa iruditu zitzaidan. 2019an alkate izan nahi duen Gascok beste behin jokoz kanpo harrapatu zituen Goia eta enparauak urte hasieran Urrezko Danborrarekin harrapatu zituen bezala? Hurrengo egunetan sozialisten bide beretik aritu baitira jeltzaleak.

2.- Turismofobia xenofobia dela zioen Basquetour-eko zuzendariak, Bartzelonako alderdikide sozialista baten hitzak bere eginda. Ezin ditut hitz horiek burutik kendu. Soberan daude.

.

Soseguz eta patxadaz

Berdin du turismoa izatea, etxebizitzen garestitzea, Abiadura Handiko Trena, zakarren kudeaketa edo dena delakoa, herri honek gabezi izugarria dauka gai potolo eta garrantzitsuei soseguz heldu eta behar den bezala eztabaidatzeko.

.

P. S.: La posverdad de la turismofobia irakurri nuen lerro hauek idatzi ondoren. Martín Caparrós-en testua ilustratzeko Oviedoko pintada baten argazkia. Egilea: Eloy Alonso (Reuters).

P.S.: Gaiarekin zerikusirik ez du, baina izenburuari tiraka jakin dut zirauna ez dela sugea, hankarik gabeko muskerra baizik (Asier Sarasua). Hortik tiraka Ziraba proiektuaren berri izan dut: “Ziraba proiektua anfibioak eta narrastiak ardatz harturik, hainbat elkartek elkarlanean aurrera daramaten proiektua da. Ingurugiroa, hezkuntza, euskara eta zientzia uztartuz, auzolanaren bidez Hernaniko udalerrian hainbat ekintza bultzatzea du helburu”.

.

Serpiente de verano, este texto en castellano.

Turismoa, udako zirauna Turismoa, udako zirauna Turismoa, udako zirauna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.