Uda salba dezagun
Uda salba dezagun –
Udaberria txertoa bezalakoa da: teorian hemen dugu, baina kostatuko zaigu oraindik haren eragina sumatzea. Oraingoz, haizea eta hotza ditugu nagusi, eta zaila da ailegatu den tenore hau joan omen den negutik bereiztea.
Egia aitortzeko, halere, txertoaren eragina berehala ikusi genuen: esku artean izan bezain fite hasi ziren neurri handian ala ttikian boteredun direnak zirkua antolatzen: han zinegotzi baten bikotekideari paratu zioten txertoa, hemen apezpiku bati, eta hor alkate bati. Lehentasunen dantza hasi zen gero: poliziari bai, irakasleei baino lehenago; poliziari bai, baina ez, demagun, supermerkatuetako kutxetan dauden langileei. Eta hori aski ez eta txerto jakin baten segurtasunaren inguruko zalantzak bueltaka ibili dira.
Mantso ari gara, mantso ari dira jendea ziztatzen. Eta hori tragedia bat da. Tragedia jendea oraindik hiltzen ari delako? Ez, bada. Tragedia, martxa honetan, uda salbatzera ailegatuko ez garelako. Udarako, ahalik eta jende gehienak jasoa izan behar luke bere dosia, turistak lasai eta seguru etor daitezen. Tira, zenbait etortzen ari dira dagoeneko, baina Espainiako Turismoaren Ministroak errana du Europan kutsatuen kopurua goiti egiten ari den honetan ez dela arriskutsua Europako turistak etortzea.
Mantso ari gara, baina ni trankil nago. Seguru naiz Espainiako gobernuak gaurgero batzorde bat osatua duela konponbideak bilatzeko, eta batzordekideak jo eta ke ari direla pentsatzen udarako jende nahikorik txertaturik ez balitz zer aitzakia asmatu turismoari ateak zabaltzeko.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 22koa]