[Erroztamendua] Arimaren premiak II

Arimaren premiak II –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Obligazioak ez ditu gizakiak baizik elgarri lotzen. Ez dago obligaziorik kolektibitateen aldera kolektibitate gisa. Baina obligazioak badira kolektibitate haien gizaki guzien aldera, zeinek kolektibitateak osatu, zerbitzatu, agindu edo ordezkatzen dituzten, dela kolektibitateari loturiko beren bizitzaren partean, dela kolektibitatetik kanpoan duten beste partean[1].

Arimaren premiak II
Simone Weil

Obligazio berdin-berdinek lotzen dituzte gizaki guziak, egoeren araberako egintza esberdinetan gauzatzen diren arren. Nornahi ere izan dadin, eta edozein kasutan ere izan dadin, nehork ez dezake bere burua aska obligazio haietarik krimenik egin gabe; salbuespenak badaude bi egiazko obligazio izatez elkarrezinen aurrean aurkituz gero, gizakia derrigortua delarik bietarik bat abandonatzera .

Gizarte-orden baten perfekzio-eza neurtzen da bere baitan gordetzen dituen horrelako elkarrezinezko obligazioen presentzia-mailarekin.

Bainan kasu horretan ere, krimena bada abandonaturiko obligazioa ez bakarrik abandantua delarik baina ukatua ere delarik.

Giza-gaien arloan, gizakia bera da beti obligazioaren objektua, hau da, gizakia giza-izaki gisa. Bada obligaziorik edozein gizakiren aldera, gizaki hura gizaki den ber, beste inolako baldintzarik gabe, baita gizaki berorrek besteen alderako obligaziorik aitortzen ez badu ere.

Obligazioaren oinarria ez dator inungo izatezko egoeratik, ez eta jurisprudentzietarik, ez eta ohituretarik, ez eta indar-erlazioetarik, ez eta iraganaren ondaretik, ezta Historiaren ustezko norabide batetik ere. Izan ere izatezko egoerak, bestela esan da de fakto-ko egoerak  ezin du obligaziorik sorrarazi inolaz ere.

Obligazioa ez da bermatzen inolako hitzarmenatan. Izan ere, hitzarmen guziak aldagarriak dira kontratatzaileen nahikerien araberan, aldiz obligazioan gizakien borondateek ez dezaketelarik deus ere alda.

Obligazioa betierekoa da. Gizakiaren patu betierekoari dagokio. Bakarrik gizakiak du betiereko patua[2]. Giza-kolektibitateek, berriz, ez dute betiereko paturik. Horregatik kolektibitateen aldera ez dago zuzenean betierekoa litzatekeen obligaziorik.

Bakarrik da betierekoa giza-izaki gisa harturiko gizakiaren alderako betebeharra[3].

Obligazioa baldintzarik gabekoa da. Zerbaiten gainean oinarritua baldinbada, zerbait hura ez da gure mundukoa. Ez da gure munduko ezeren gainean oinarritua. Giza-gai guzien artean, obligazioa da bakarrik inolako baldintzari menperatua ez dena.

Obligazio horiek ez dute zimendurik mundu honetan baizik eta egiaztapen bat kontzientzia unibertsalarekiko adostasunean. Adierazia da gorde ditugun idatzi zaharrenetariko batzuetan. Idatzi horiek guziek obligazioak aitortzen dituzte interesek eta pasioek dominatzen ez duten kasu guzietan. Obligazioen erabilera-mailari esker dugu bakarrik  progresuaren maila ebaluatzen ahal.

Obligazio horren aitorpena adierazten  da modu nahasgarrian eta ez-perfektuan. Adibidez, modu guti edo aski ez-perfektuan kasuen arabera, «eskubide positiboak» deitzen ditugun esamoldean adierazten da. Baina, eskubide positiboek ez dute gehiago zilegitasunik obligazioekin kontraesanean sartzen direnetik beretik.

Betiereko obligazioak, gizakiaren patu betierekoari doakion arren, ez du patu hori objektu zuzentzat hartzen. Izan ere, gizaki baten patu betierekoa ezin da inolaz ere obligazio baten objektua izan, zeren eta, ezbaita kanpotikako egintzei menderatua.[4]


[1]  Biziki inportantea da pundu hau ongi konprenitzea: obligaziorik ez dago kolektibitateen aldera. Obligazioak dira beti kolektibitatea osatzen duten gizakien aldera zeinek arimaren premiatzat baitute kolektibitate batean edo hainbatetan erroak edukitzeko. Bestela esanda, alde batetik aitortzen du komunitate baten parte izaitearen eta sentitzearen arimaren premia eta bestetik aurretik ukatzen ditu  komunitate horren aldera gerta litezkeen  fanatismo guziak.

[2] SWek  gizakiaren kontzeptzio tranzendentala dauka. Hala ere, beti estonatu nauena, geroago ikusiko dugun bezala heriotza zigorra onartzen du.

[3] Esaldian “devoir” hitza erabiltzen du baina nago ian “obligation” hitza ez litzatekeen egokiagoa jada errandakoagatik.

[4] Aitortu beharra daukat esaldi honen zentzua ez dutala oraindik ongi sesitzen. Erran  nahi ote du giza-patua Jinkuaren eta gizaki horren arteko afera dela?

Arimaren premiak II
Arimaren premiak II

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

5 pentsamendu “[Erroztamendua] Arimaren premiak II”-ri buruz

  • Hemen ikusten dut, partez, aurreko artikuluan gehitu berri dudan galderaren erantzuna:

    “Obligazio berdin-berdinek lotzen dituzte gizaki guziak, egoeren araberako egintza esberdinetan gauzatzen diren arren”.

    Oraindik falta zait ulertzea zertan eta nola konkretatzen diren, batik bat gure kasuari aplikatuta, obligazio betiereko horiek.

  • Benat Castorene 2021-03-28 10:19

    Ba horrela konprenituko nuke esaldi hura: nahiz denek ez aitortu edo aplikatu, antzeko obligazioek lotzen gaituzte gizaki guziak, modu kontzientean edo ez antzeko premiak ditugulako.
    Eskubide hitzetan baino idazleak arrazoikatzen du giza-premiatan, batzu fisikoak edo materialak direla eta besteak “arimarenak”, fisikoak bezain garrantzizkoak direnak.
    Gizakiari beste guzakiaren aldera duen lehen obligazioa errespetua da, baina ez da txantxetako errespetua, badu zer ikus zuzena giza premiekin Adibidez, zure ondoan norbait hiltzen denean, errespetua da hari jatera emaitea. Bestenaz errespeturik ez aipa. Baina laster konplikatuko da arimaren premiei dozkien obligazioekin eta badakit horiek zaituztela interesatzen.
    Oso filosofia exigentea da, sobera ere beharbada, eta ez da harritzekorik ez baita oso modan.

  • Hortaz, “komunitate baten parte izaitearen eta sentitzearen arimaren premia” hori errespetatu egin behar dute beste komunitateetako kideek, obligazio unibertsala den aldetik.

  • Benat Castorene 2021-03-28 19:17

    Horixe bera , norbaitek ez badit frogaten gaizki ulertzen dutala, nik bederen horrela konprenitzen dut . Edozein komunitateko kideen alderako denok bete behar dugun obligazioa da. Guk haien aldera eta haiek gure aldera.
    Problema da batzuek ez dakitela zuzen zein komunitateko diren, berdin ukatzen dutela komunitate batekoak direla, denetakoak direla, edo denak ukatzen dituzte …. Beraz horrelako obligaziorik ezin dute aitortu.

  • Benat Castorene 2021-03-28 19:36

    Baina hori bezain inportantea da gure komunitatearen kideen alderako gure obligazioak, eta horien barruan, baita guhaurren buruaren alderako obligazioak.
    Baina berriro horrek suposatzen du aitortzen dugula argi ta garbi komunitate batekoak garela.