U27: grebarako baliabidea, arrazoiak eta balizko arrakastak
Sarri entzuten da biharko greba gora-behera, aurrera aterako duela Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma. Hortaz, zertarako egin huelga? Baina, Greziako langileek grebarik egin ez balute, edo Frantziakoek edo Portugalgoek, nola izango genuke hango lan gatazken berri? Horrek ez al du erakusten gaur egun oraindik Europan grebak baduela indarrik? Bestela, zergatik ahalegintzen dira gobernuak grebak estaltzen?
Grebaren baliabidea
1789tik, Iraultza frantsesetik langileek huelga baliatu dute lan-baldintzak hobetzeko, nahiz eta iraultza industrialarekin hartu zuen benetako indarra huelgak. Ingalaterran hasi ziren lehen langileak sindikalgintza izango zen fenomenoaren tankerakoa sortzen, ludismoa, Ned Luddek gidaturik. Trade-unions delakoak 1830etik aurrera hasi ziren biltzen, lan arloka.
Eta gaur egun ere, huelgak gogorarazten digu badela oraindik langile klase bat, eta establishment bat beste aldean.
Aurrekoan esan genuen bezala, hemen dira arrazoi batzuk bihar huelga orokorra egiteko:
• Erretiro adina 67 urtetara luzatu
• Pentsioa izateko beharrezkoak diren kotizazio urteak handituko dituzte. Lan merkatu prekario honetan, zatikako jardunaldiekin, aldi baterako enpleguekin eta kale gorrira botatzeko erraztasun guztiekin, praktikan ezinezkoa izango da eskatzen dituzten urte guztiak betetzea eta, hortaz, gero eta jende gehiago pentsio eskubiderik gabe geldituko da.
• Arautzeko oinarria kalkulatzeko urte gehiago hartuko dituzte kontuan. Orain 15 urte hartzen badira kontuan, baliteke 20 edo 25 hartzea hemendik aurrera. Honek gur pentsioak %20 edo gehiagoz murriztuko lituzke.
• Jasotzen den diru kopurua murriztu, kotizazio urteen arabera. %100era heltzeko, 38 edo 40 urte kotizaturik izatea nahi dute.
• Pentsioek eros ahalmenari eusteko betebeharra ezabatu. ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE, HIRU daude deitzaileen artean eta azken egunetan ESK eta CNT ere gehitu zaizkie.
Azken berriak
Gaurko prentsan irakur daitekeenez, erretiroa 67 urtera arte atzeratzea ia adostua dago, PSOEk CIUren babesa lortu duelako horretarako. (Irakurtzekoa da, ildo horretan, Ignacio Marco Gardoquik akordio horretaz egiten duen analisia).
Erretretaren gakoak zeintzuk diren ez badakizu, hemen irakur ditzakezu.
Grebaren arrakasta
Aurreko grebaren ostean ere galdera bera egin genuen, baina artikuluaren hasieran esan bezala, egunean zehar eta biharamunean ere, grebaren arrakastarekin zifra dantza izango da. Nola demontre neurtzen da grebaren arrakasta?
Greba jarraitzeko
Biharko greba jarraitzeko bitarteko ugari egongo dira:
Euskalherrian.info atarian jarraitu ahalko da, aurrekoetan legez.
LAB sindikatuak grebaren karietara antolaturiko web orria ere badago.
Argia.com-ek ere, azkenik, grebaren jarraipena egingo duela iragarri du.
[…] This post was mentioned on Twitter by zuzeu, Xabier Txokarro and Aitor Madrid, Asier Garziandia. Asier Garziandia said: RT @zuzeu: U27: grebarako baliabidea, arrazoiak eta balizko arrakastak: https://zuzeu.eus/?p=20892 […]