Ez ahaztu pentsatzea

Ez ahaztu pentsatzea –

Alzheimer Society BC (British Columbia) elkarteak ekintza irudimentsu eta eraginkor bat burutu du, Rethink Canada agentziaren laguntzarekin.

Vancouver erdigunean horma bat eraiki dute, eta bertan, post-it ugari erabilita, “REMEMBER” idatzi dute. Orritxo bakoitzak “memoriaren urteroko ibilaldi”-ra joateko gonbidapena egiten zion aurretik pasatzen zen jendeari. Eta jendea hormatik orritxoak hartzen joan zen heinean, “gogoratu” hitza desagertzen joan zen pixkanaka, Alzheimerra duten gaixoek memoria galtzen duten eran.

Modu irudimentsua inondik ere halako gaixotasun baten inguruan sentsibilizazio lana egiteko eta jendea ibilaldi batera erakartzeko. Ekintza zinez merkea gainera.

Hemen nabarmendu nahiko nukeena beste kontu bat da, ordea: zeinen ondo hautatu eta josita dauden ekintza honetan osagai guztiak: Alzheimerra; gauzak ez ahazteko erabiltzen ditugun post-it orritxoak; ibilaldirako gonbidapena, data, leku eta orduarekin; “gogoratu” hitza… Goitik beherako koherentzia du ekintza honek.

Ez da soilik deigarria, irudimentsua, bitxia edo ederra, komunikazio gaietan hasi berriek nabarmendu nahi izaten duten bezala. Horrez gainera, zentzu osoa du ekintza honek. Ondo pentsatua eta eraikia dago, sendoa da, eta horregatik funtzionatzen du. (Kasu honetan ezinezkoa da ahaztea zer zen komunikagaia).

Komunikazioan asmatzeko, komunikazioan benetan eraginkor izaten lortzeko, pentsatu egin behar da aurrena, eta pentsatu gero. Pentsatu, asko, sakon eta lasai. Baina batzuetan ahaztu egiten zaigu pixkat gehiago pentsatzea.

 

(Joseba Kamiok bere blog emankorrean izan berri duen iritzi-elkartruke esanguratsu baten harira).

Ez ahaztu pentsatzeaEz ahaztu pentsatzeaNDMxMg==

Irudia | Alzheimerraren aurkako ekintza | Alzheimer Society | LGPL

komunikazioa, marketina, sormena
Iñigo Fernández Ostolaza

Publizitatea, marketina, komunikazioa, kultura.

Zer duzu buruan “Ez ahaztu pentsatzea”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude