#U21 hauteskunde azterketarako tresnak (eta III): porrarako gidatxoa.

a)      Parte hartzea geroz eta altuagoa izan, orduan eta ordezkaritza txikiagoa lortzen dute alderdi txikiek. Horren adibiderik garbiena da 2001ean gertatutakoa, baina baita ere, beste maila batetan 2009an. Batez ere, borroka bi aukeren artekoa bada eta horrek isla badu parte hartzean txikiek ordezkari gutxi edo agur…

b)      Abertzaleek badituzte pizgarri inportante batzuk boto emateko: 1) Ezker abertzaleko jarraitzaileen botoa legala izango da, beraz, hori bada estimulu bat hauek botoa emateko; 2) ETAk indarkeria betirako utzi duenez, azkeneko urteetan ezker abertzalearen periferian lekutu den hautesleria mobilizatuko egingo da bere alde (fenomeno hau azkeneko bi hauteskundeetan ikusi dugu jadanik); 3) EAJ inguruko hautesleria mobilizatu egingo da abertzaleen arteko borroka estuagatik; eta 4) sozialistek ordezkatu duten gobernu nazionalista espainolarekin bukatzea.

c)       Alderdi espainolistek botoa mobilizatzeko duten elementurik garrantzitsuena da Katalunian piztu den independentismoaren mamua da.

d)      EH Bilduren liga ez da jolasten pisu erlatiboan (baliodun botoen ehunekoan), baizik eta boto kopuruan. Bere boto-emailea ideologizatua eta fidela izan ohi da orain arte. Bilduk (Aralar gabe) 273.327 boto izan zituen, horiei Aralarren botoak gehituta 310.515 izango lirateke; guzti horiek ez zituen jaso Amaiurrek, 284.528 batu zituen. Zaila da zenbaki hauetatik gehiegi mugitzea. Bere erronken artean 300.000ko marka gainditzea izan daiteke bat, baina seguru urrunago iristeko asmoz egongo direla ere bai.

e)      Alderdi abertzaleen arteko borrokan parte hartzea handiagoa edo txikiagoa izan, emaitzak asko aldatu daitezke. Oro har, EH Bilduk boto emaile fidelagoak ditu gainontzekoak baino, horrek gauza on eta txar bat du, abstentzio handitzen bada bere pisu elektorala igotzen da, baina parte hartzea handitzen bada, nahiz eta botoak irabaziko dituen (alderdi guztiak bezala), horren onura jeltzaleek eta sozialistek jasoko dute bereziki. Izan ere, bi alderdi hauek dira moderatuenak eta ordenuarekin hobekien lotzen direnak, hau da, boto kontserbadorea eskuratzen dute, kasu honetan kontserbadore hitza bere zentzu hertsian hartu behar da: status quoaren aldekoa eta hau, ezker zein eskuinekoa izan daiteke ideologiaz. Beraz, jeltzaleek eta sozialistek dute boto gehien galtzeko eta irabazteko aukera, fenomeno horri hauteskunde lurrunkortasuna deitzen diogu zientzia politikoetan. Bi alderdi hauek hauteskunde lurrunkortasun handia dute.

f)       Amaitzeko: Parte hartzea %65etik behera egongo balitz, kasu horretan EH Bilduk irabazi ditzake hauteskundeak diputatutan. %65 eta %70 arteko parte hartzea egongo balitz aukera bakarren bat izan dezake garaipen hori erdiesteko, baina %70etik gorako parte hartzearekin ia ezinezkoa izango litzateke.

Zer duzu buruan “#U21 hauteskunde azterketarako tresnak (eta III): porrarako gidatxoa.”-ri buruz

  • Izarpezelai 2012-10-21 19:59

    Parte hartzearen datuak kontuan hartuta (aurreko hauteskundeetan baino bajuagoak) nik uste dut alderdi unionistak izango direla kalte gehien hartuko dutenak. EAJ eta EH Bildu izango dira gau honetako irabazleak, eta espainolak hondoratuko dira. Hala bedi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude