Txomin Peillen abertzalea

Txomin Peillen abertzalea –

Denbora gutiz Euskal Herriak Zuberoan galdu ditu hiru argi handi: Junes Casenave (2018-09-24), Allande Socarros (2021-12-08) eta Txomin Peillen (2022-12-09). Azken hau nor zen engoitik badakikegu, aipamen asko ukan berri baitute horren etorkiak, biziak eta lanek. Izan den abertzaleaz ariko natzaizue hemen egun.

Txomin Peillen abertzalea

Gaur abertzale izatea gauza franko arrunta dugu idazle, teknikalari, itzultzaile, irakasle, kazetalari, hots langile intelektualen artean. Ez zen ordea batere hola duela 70 urte, aitzitik zinez bitxia, ezin sinetsia zen burutik ongi zegoen norbait «Zazpiak-bat horren alde» izan zedin. Oso guti zeuden, eta jendeak urrikari bezala, ez entzunarena egiten zioten.

Haatik duela 60 urte gazte talde zorrozki antolatu bat ozenki plazara jalgi ginenean «Euskadi bakarra da gure aberria» oihukatuz, denak entzutera behartuak izan ziren, elkorrak barne. «Enbata zikinak» deituak izan ginen, eta gutarik zenbait herio zigorrez mehatxatuak ere.

Orduko jendearentzat Iparraldean zer zen Euskal Herria? Hoberenean ere «aberri txikia, handiaren baitan». Handia prefosta Frantzia, Ama Birjinaren iduria: de Gaullek «la Madone» deitzen zuen, baita «Notre Dame la France». Euskal Herria «gure aberri bakarra» zela erratea Frantziari uko egitea zen: blasfemio bat ezin barkatua. Gainera «aberri txikia », munduko bi gerlen artean Ybarnegaray garaztar diputatu famatuak asmatua, bigarrenaren ondotik ez zen gehiago aipu. Beraz Frantzia genuen aberri bakarra.

Alta hamar bat urte gu baino goizago, Peillen abertzale zen argi eta garbi, bera bezalako solista bakar batzuen antzo, eta Parisen bizi, Euskal Herritik urrun. Solista horiek nor ote ziren? Apezetan Lafitte, Iratzeder, Charriton; laikoetan Legasse, Mirande, Peillen, denak ere guti entzunak: «Bortuan oihu bakarti / Abertzaleak baziren / Legasse, Mirande, Peillen / Junes Batista iduri» («Makila gorria» bertso liburuan, Elkar 1980, 158. orrialdean). Baina kalitate bat bazuten, Enbatak aski lantzen ez zuena: euskaraz ari ziren gutiz gehienetan, Enbata euskara galdua zuten BABko basko zenbaiten eskuetan zegoelarik. Akats hori aurpegiratzen zigun Txominek. Gainera orokorkiago gure aurretik abertzale ziren horiek halako aiher bat bazuten gureganako, trena haiekin kontatu gabe geltokitik ateratu genuelako. Halere Txominekin ongi konpondu naiz beti, beharbada biak zuberotarrak izanez, eta oroz gainetik euskal idazleak. Kasu berean gertatu naiz Piarres Charritton eta Manex Pagolarekin. Hiruek erraten ziguten ez ginela gu lehenbiziko abertzaleak, baina hori beti aitortu dugu, aitzinetikoei eskerrak emanez izkirioz ere, nik dakita zenbat aldiz?

Dena dela hiru tenor handi horiek EA alderdian sartu ziren, eta horko lagunek ez dituzte ahantzi. Abenduaren 16ko arratsaldean, Ligiko elizan, talde onean bildu zaizkigu Hegoaldetik, bereziki Araba eta Nafarroatik, Carlos Garaikoetxea Lehendakari ohia buru, Txominen hilkutxaren inguruan egin dugun zeremonia hunkigarrian. Txomin abertzaleak aberriari egin dion zerbitzurik handien eta baliosena: euskararen ikastea, lantzea, mihiz eta lumaz egartea, usaiakoak ez ziren gaiak aipatuz, ikerlanetan baliatuz, ideia berriak euskaraz hedatuz eta lehenik gure ama hizkuntzan sortuz. Euskalki ezberdinetan idatzi du, gaztetan zubereraz eta gehiago gipuzkeraz, berantean lapurteraz ere.

Horrela euskara batuaren arbasoetarik izan da Jon Mirande paristarra, Jon Etxaide donostiarra, Gabriek Aresti bilbotarrarekin. Laurak lagunak ziren euskaldungoan eta literaturan, haatik ez politikan: Mirande fazista zen, Etxaide katoliko suharra, Aresti komunista librea, eta Peillen erdi anarkista. Gero Txominek euskara batuaren garapena lauzkatu du tai gabe, dela Euskaltzaindiko lanetan, dela bere idazkietan.

Oroitzapen onarekin batera, altxor bat harrigarria uzten digu: berrogeita zenbait liburu, hiru ehun bat artikulu lodi eta barnoi agerkari eta aldizkari ezberdinetan, baita hainbat idazlan txiki sakabanatuak; etsenplu ederra gainera euskaldun guztientzat, bereziki gure ustez abertzale garenontzat.

Goian bego. Bake ona goza dezala betiereko bortu goran, adibidez Orhiko Parnasoan, euskal poeta zenduen konpainian. Baina munduko mendiak oro meneko ditu. Nahi duen guztiekin parteka ditzala ele on eta joria, irria eta umore sotila. Esker mila denagatik, eta ikus arte Txomin!

Txomin Peillen abertzalea Txomin Peillen abertzalea Txomin Peillen abertzalea

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.