Txillardegiri esker
Txillardegiri esker –
Txillardegi euskara batuaren aita dugula errepikatzen dut, euskal elite ofizialek zor hori ez baitiote aitortzen, Euskaltzaindiak salbu. Arantzazuko biltzarra goraipatzen dute, arrazoi osoz, haatik Baionakoa bazter utziz gertatu ez balitz bezala. Egia da 1968ko udan Arantzazun euskara batuaren lehenbiziko alea bataiatu zutela ofizial eginez. Haatik 1964ko abuztu ondarrera Baionan sortua zen ikasturte bateko lan jarraikiari esker, lan horretan parte hartu genuenek Txillardegi genuelarik gidaria eta eredua: dena kudeatzeaz gain, ekarpenik handiena berak egin zuen.
Duela urte batzuk Donostiako udal biltzarrean abertzaleek proposatu zuten hiriko gune bati donostiarra zen Txillardegiren izena eman zedin, baina PPko zinegotziek aurka egin zuten ETAkoa izan zelakoan.
Bi gauza ahanzten zituzten: batetik amnistia, bestetik idazleak erakunde armatua 1967ko udaberrian utzi zuela V. Biltzarraren ondotik. Orduan borroka armatuak ez zuen oraino erahiltzen, lehenbiziko heriotzak 1968ko ekainean gertatu beharrak ziren. Eta gehitzen dut Jose-Luis militante politikoa zela, ez militarra. Orain udalean PSEkoen adostasuna behar omen litzateke. Haatik horiek PPkoen ber aitzakiak eduki al ditzakete? Ez zait logikoa iduritzen. Txillardegik ez bezala armak erabili zituzten ETAtiar ohi batzuk beren alderdian onartu zituzten, bereziki ondoko bi hauek, Burgosko auzian hiltzera kondenatuak izan zirenak eta gero amnistiatuak: Mario Onaindia Natxiondo eta Eduardo Uriarte Romero.
Zergatik eta zertako herritar idazlea diskrimina lezakete? Baina zoritxarrez aurka jar balite, demokrazian ez ote du gehiengoak erabakitzen? Euskal aferetan beti gutiengoaren betoa jasan behar ote da?
Haatik Txillardegi ez da soilik euskara batuaren aita, ber denboran bospasei arlotan jardun baitzuen, aitzindari tokian gainera: frankismo garaiko abertzale berria, sozialista librea, Iparraldeko euskaldunon lagun goiztiarra, idazle oparo eta polifazetikoa, bide berrien urratzailea sail ezberdinetan…
Erabili ez zuen bortizkeriaren estakurua bazterturik, gainera praktikatu zutenena amnistiatua dagoelarik, baita zenbaitena barkatua, ahantzia ere dirudienez, Txillardegiri zer ote pagarazi nahi zaio? Burua ez sekula makurtzea? Saihesbidez eta zidorrez ibilitzea? Euskararen alde bipilkiegi mintzatzea? Arren zer ote? Komedia triste horrek bukatu behar luke azkenean, zentzugabea delako eta kaltegarria.
Euskal idazle askok hola sentitzen duela seguru bezala niagozu. Edozein herritan aipatu ditudan alorretako bakar batean nabarmendu litzatekeen herritar baten izena herriko toki bati eman lezakete: plaza bati, kale / karrika bati, agian kultura gune bati… haatik orainokoan ez Euskal Herrian. Horretan ere salbuespena egon behar ote dugu, “l’exception basque”? Jatorrizko hizkuntzari gehienik ekarri diona zokoratuz baino gehiago, zeharo baztertuz? Tematsuak omen gara euskaldunak, eta hor zinez erakus genezake, haatik ez onerako. Hemen dena onartzen omen dela, salbu bortizkeria? Ipuin ederra!
Euskal Herrian “euskaldunegi” agertzea bekaturik handiena dela iduri luke, euskal hiztunak hemen toleratzen gaituztela boza finkiegi altxatzen ez duguno. Bestela kontuz eta kasu! Edozein euskal lurretan, Zuberoan hasita, ama-hizkuntzan hasi baiko maiz erdi arrotz sentitzen naiz, inbasore talde bateko kidea banintz bezala. Hori da Txillardegi diskriminatzen ikusteak sakontzen didan sentimendu jasangaitza, eta gura nuke euskaldunegi agertzearen arrazoi hori gezurra izan dadin, zinez.
Ez zait iruditzen Txillardegi ETAren sortzaileetakoa izanagatik bakarrik baztertzen dutenik. Nire ustez EAJko zenbaitek ezin onar dezake euskara batuaren sortzailea ezkertiarra (sozialista) zela eta horregatik aldarrikatzen dute Koldo Mitxelena euskara batuaren aitatzat. Mitxelena jeltzailea zen.
Txilardegik ez zuen bakarrik batuaren sorreran berebiziko aportazioa egin, duela 40 urte gaur egun batzuk bakarrik dituzten ideiak esatera ausartzen zen. ETA kritikatzera euskara baztertzen saiatzeagatik, edonor edonoiz euskara defendatzeagatik, baita ustezko euskaltzale askoren aurka egin zuen gauz honengatik. Orixe ta horrelakoak gaztelanidun sutsuak ziren adibidez, bai Orixe, ta Txilardegik ez zuen ulertzen berak euskaraz egin, ta Orixek gaztelaniaz erantzutea. Ta liburuetan irakasten diguten gutxian zer leku du Orixek? Berdin zen euskaltzaindia bazan edo jaun ahal guztiduna. Lotsagarria iruditzen zitzaion ustezko abertzale batzuen jarrera euskararekiko. Ta berdin zitzaion euskaltzaindiakoa bazan edo PP edo edozer. Beti esan zuen ETAkoak ondo edo gaizki egin, herri honengatik zintzoki borrokatzen ziren bakarrak zirela . Berarentzako 36ko gudarien parean zeuden den denak. Bainan euskara lagatzeko zantzuak ikusten bazituen, esaten zuen, euskara defendatu…. Asko zor diogu ta nago Aitzolek esan bezala, ez dutela baztertzen ETAn egon zelako.
Tamalgarria da Txillardegiri zendu ondoren aitortzea euskararen batasunean eduki zuen papera. Nire adinekook beti aditu dugu euskara batua Arantzazun egin zela, Mitxelenaren ponentziatik abiatuz. Mitxelenaren tamaina intelektual erraldoia ukatu gabe (hizkuntzalari gisa, haren lanak mende erdi geroago irakurri eta aipatu egiten dira eta ia dena gainditu gabe dauka), morfosintaxiaren eta ortografiaren lehen hatsarreak Baionan adostu ziren, Txillardegiren bultzadaz.
Txillardegik berak esplikatu zuen zergatik ez zuten euskaltzain oso izendatzen: bera bezalako pertsona bat ez zela “interesantea”. Etaren sortzailea, ezker abertzalearen partaidea, etab.
Txillardegi ETA siglaren sortzailea zen, baina ETA erahiltzen hasi baino lehen erakundea utzi zuen sigla fundatzaile gehientsuenekin batera, ETA (bere esan zuzenetan) “erakunde huts hutsik marxista-leninista” bilakatu zelako. Gerora alderdi sozialdemokrata bat sortu zuen. Niri lotsagarri xamarra iruditzen zait ezker abertzaleak Txillardegi gora eta behera daukan jokoa: bizirik zenean ez zen berataz akordatzen (betire jarrera oso kritikoa eduki baitzuen ezker abertzalearen ildo politiko-militarrarekin), orain hilik eta zer esan zuzenekorik ez duela, bandera bezala astindu daiteke, bere benetako pentsamendu politikoa aipatu gabe. Portzierto, Amonamantangorri, ez zen batere Stalin zalea.
Txilardigeri Marxismo Leninismoaren gauz asko gustatzen zitzaizkion, nahiz ta ez marxista-leninista izan ta hura kritikatu. Denarekin ados ez egoteak ez du erran nahi ezker abertzaleak ezin duela bere lana aitortu.
Barkatuko didazu, ez dut sekula irakurri Txillardegik inon Kuba ala Sobiet Batasunako erregimenak justifikatu dituenik. Kontuan izan behar duzu (hori argi ageri da “Hitzkuntza eta Pentsakera” bere entseiu famatuan) Txillardegik uste zuela euskal herria “arima” bat zuela (hizkuntzan oinarrituta). ETArentzat, ordea, hizkuntza “goi-egitura” baten parte besterik ez zen. Euskal Herria Espainiaren antzekoa da, bakarrik “goi-egitura” delako horien faktoreen artean hizkuntza berezi bat dagoela. Baina euskal proletarioa eta espainiar proletarioa funtsean berdinak dira. Hori ez zen Txilardegiren pentsakera.