‘Nor da nor’ pitin bat sadikoagoa

‘Nor da nor’ pitin bat sadikoagoa –

‘Nor da nor’ pitin bat sadikoagoaNire maniekin metodikoa eta protokoloak jarraitu zalea naiz oso, eta gailua piztu bezain pronto desagerraraziko nukeen lehenbiziko tropela ere —guztien artean presazkoena— zehaztuta dut: Conquis-en ikuslegoa. Amorru neurrigabekoa diot betidanik saio horri, oker dagoen guztiaren laburpen moduan ikusten dut. Neurririk gabeko lehiatu eta erronka bota behar gogaikarria dago, batetik. Reality ziztrin batekin komunikabide publikoaren funtsa bera arduragabeki desitxuratzea, bestetik. Edota urtero milioika euro Espainiako ekoiztetxe handienetako baten esku ipintzea. Ezerk ez dit haginetako min handiagoa eragiten, ordea, emanaldien audientzia egundokoek baino. Endekapena islatzen dute, guztia berdin zaigulako erakusgarri gardena dira. Conquis jarraitzea zergak ez ordaintzeko Panaman enpresa sortzearen baliokidea da, nire munduan.

ETBko programa ekarri zidan gogora, nahiko modu bitxian, adiskide batek pasatutako Gorka Bereziartuaren txioak. Xabier Arzalluzen heriotzaren harira, bere biografiako pasarte mamitsua erreskatatu zuen kazetariak. Franco hil osteko nahas-mahasean EAJk milizia bat sortu zuela aditzera ematen du bertan, trankil asko, totem jeltzaleak. CIAn aritutako entrenatzaile eta “gure tailerretan” ekoitzitako arma eta guzti. Lastima Arzalluzek bere burua hainbeste maite, eta Javier Ortizi liburu ezin gizenagoa atera zitzaion. Madrilen ez zuen tamainako adreilua inork irakurri nahi izan, ze bestela Audientzia Nazionalak razzia bat aginduko zukeen Sabin Etxean. Niri piztu zitzaidan zalantza berbera argituko ziguketen orduan: milizia horrek egun existitzen jarraitzen duen ala ez.

EAJ bada apur bat Hezbollah. Eta niri, behintzat, ez zait batere kostatzen Andoni Ortuzar komandante jantzita irudikatzea, krisi baten erdian bere etxeko liburutegiko pasaleku sekretutik desagertzen, lurrazaletik berrehun metro azpira dagoen aginte postura bidean. Arzalluzen aitortzari bueltaka nenbilela izan nuen epifania, soldaduak egun inor ohartu gabe nola entrenatzen ote dituzten asmatu nahian. Conquis ez da, akaso, reality ziztrin bat, goi gerlari jeltzaleak entrenatzeko ezkutuko egitasmo militarra baizik. Iruzur ezin sofistikatuago bat, diru publikoa maisutasunez desbideratuta elikatzen dena. Inozo sentitu nintzen orduan: saioaren aurkezle txit nekagarriak alderdiaren mitinetan parte hartzeak ez zidan bere garaian inongo alarmarik piztuarazi.

Nire susmoa egiazkoa balitz, berripaper honek honezkero zerbait argitaratu izango zukeela esango didazu. Baina erne, jeltzaleekin diru-laguntza plan eskuzabala sinatu berri du eta BERRIAk. Ni ez nintzateke jende horretaz ere fidatuko.

‘Nor da nor’ pitin bat sadikoagoa  ‘Nor da nor’ pitin bat sadikoagoa ‘Nor da nor’ pitin bat sadikoagoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.