Txillardegiren eta marxisten arteko polemika (I)

Txillardegiren eta marxisten arteko polemika (I) –

Hizkuntzari lotutako arazoetan zentratuko dira testu hauek.

Ertz ugari dauzka Txillardegiren eta marxisten arteko eztabaidak, eta hemen hizkuntzari dagozkionetara mugatzen saiatuko naiz. Zer leporatzen zioten elkarri Txillardegik eta marxistek?

Txillardegiren eta marxisten arteko polemika (I)Polemika hura hitzezkoa izan zen batik bat: laburbilduz, españolazo sozial-inperialistak eta komunista sotanadunak, CIAren agente burgesen aurka, orduko mintzamolde fina erabiltzeko. Idatziz, Txillardegik Branka aldizkariko lehenbiziko alean, 1966an, argitaratu zuen “Hizkuntza eta pentsakera” artikuluari, Manuel Ereñok hurrengo urtean erantzun zion Arragoa aldizkari komunistan, “El solipsismo lingüístico en el ensayo «Hizkuntza eta Pentsakera» de Txillardegi” lan sendoarekin.[1] 1972an Hizkuntza eta pentsakera liburua atera zuen Txillardegik, 1970erako amaitua zuen arren. Hor ez du Ereño aipatzen, baina haren kritikako zenbait punturi erantzuten dio. Marxisten eta estrukturalisten artean Parisen zebilen ika-mikaren isla da Txillardegiren eta Ereñoren artekoa.

“Txillardegi” eta “Larresoro” bezala, ezizena zen “Manuel Ereño” ere. Francisco Zalakain Illarramendi errenteriar komunista ezkutatzen zen atzean. Euskadiko Alderdi Komunistako buruzagitzan ibili zen eta Alkartu eta Euskadi Obrera bezalako aldizkarietan idatzi zuen. Leninen Estatua eta iraultza euskaratu zuen. 1964an Arragoa aldizkaria fundatu zuen, eta han atera zuen Txillardegiren solipsismo linguistikoaren kritika.

Hizkuntzek herrien izaera eta psikologia jasotzen eta biltzen dituzte: bat datoz Txillardegi eta Ereño. Ordea, Txillardegik esaten du euskara galduz gero, Euskal Herriarenak egingo lukeela. Ereñoren ustez, alderantziz planteatu behar da arazoa: euskal izpiritu eta borondate nazionala galduz gero, ez baldin bada herritik sortzen euskara pizteko gogo eta ekimen sakona, orduan izango dugu hizkuntza galtzeko arriskua.

Aspalditik ezagutu ditugu gurean marxista-leninista euskaltzaleak. Halakoa zen ETAren sortzaileetako bat ere, Eneko Irigarai. ETAren V asanblada baino lehen, erakunde bizefalo bat sortzea proposatu zuen Txillardegik, alde bat marxista-leninista eta bestea, berea, sozialista autogestionarioa. Ez zioten onartu eta dimisioa eman zuen.[2]

Esanguratsua da gaztelaniaz hazi eta hezitako Txillardegik euskaraz idaztea artikulua, eta Manuel Ereño euskaldun zaharrak, berriz, gaztelaniaz. Dena den, zeharo sinesgarria egiten da Ereño komunistak euskarari eta herriari erakusten dien maitasuna. Euskaraz ere idazten du, ondo ezagutzen du bertsolaritza, goitik behera ditu irakurriak eta entzunak Xenpelar, Otaño, Basarri eta Mattin. Ez doakio “sozial-inperialista” etiketa; Txillardegiri ere ez, Ereñok darabilen “erreakzionario”. Zoritxarrez, erdi lo bizi garen euskaldunak esnatzeko beharrezkoa izaten da hizkera deigarri hori. Ez da ñabarduraren gailurra izaten, baina tratatu zentzuduna baino pizgarriagoa bai, behintzat. Alde txarra: maizegi sakrifikatzen duela egia zehatza.

 


[1] Saioak aldizkarian jasoa, Baiona, 1979, 279-309. orr. Jakinek sarean jarri du.

[2] Hitza hitz, 109. or.

Txillardegiren eta marxisten arteko polemika (I)

13 pentsamendu “Txillardegiren eta marxisten arteko polemika (I)”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-03-12 09:29

    Kaixo Markos, eta eskerrik asko.
    Arrazoi duzu elkarrekin ahal denean eta bakarka bestenaz egia zehatza xerkatzea istant guziko griña izan behar luke.
    Ez dut erabat sesitzen bi pentsamoldeen aurkakotasuna. Zinez aurkakoak ote ziren?
    Beharbada Txillardegik euskaltasuna (“Herriarena” hitza hemen ez da zehatza) ) euskarara murrizteko joera zuen? Errenorenak aldiz pixka bat tautologia dirudi. Ez ote?
    Adeitasunez

  • Benat Castorene 2024-03-12 09:50

    Barkatu, ni naiz makur, Txillardegik sinpleki erran nahi zuen euskaraz galduz geroz Herria akabo zela. Denok dakiguna. Eta, eduki baleza ere, ezin dut esaldi horretatik atera Txillardegiren ustezko joera hori.

  • Iepa, Beñat, eta esker mila iruzkinengatik.

    Bai, hala uste dut nik ere: ika-mika hartan, beste askotan bezala, aurkakotasuna puztu zen.

    Eibar.org-eko hurrengo testuetan saiatu nintzen bereizten benetako aurkakotasunak eta aitortu gabeko adostasunak. Ematen du hemen ere agertuko direla.

  • Arratsalde on:

    Agian neuk ere ez dut bien pentsamenduaren arteko talka guztiz ulertzen. Baina biek dute arrazoia.
    Txillardegik euskara identitatearen muinean jartzen duenean, hura galtzean Euskal Herririk ez dela gehiago izango baieztatzean.
    Eta Ereñok, nazio borondatea galtzekotan, euskara arriskuan legokeela baieztatzean.

    Ez al gaude bada egun bi egoera horien bidean?

    Euskal Herritar identitate atxikimendua, inkestek diotenez, geroz eta txikiagoa da gazteei dagokioenean. Euskararen kale erabilera, ere, beheranzkoan azken urteetan. Independentzia nahia, eskasa.
    Euskara, erdaren maizter. Bere hizkuntza-mundu propioa izan ordez, itzulpen kaxkar bat dela dirudi askoren ahoan.
    Euskal izpiritu nazional eta borondaterik gabe, euskara dakitenen portzentaiak ez du inolako esangurarik, horiek maileguan hartutako euskaldunak baitira; hau da, euskara dakiten erdaldunak. Hipotesi moduan, ez legoke gaizki planteatzea, hego EHn euskarak lanpostu askotan ematen duen abantaila kenduko bagenu, zenbatekoa litzateke helduen euskara alfabetizazioa. Pentsa. (Alfabetatze eta erabileraren arteko ezberdintasun izugarriak pista bat eman diezaguke.)

    Euskal Herriak bere nazio-programa minimoa behar du lehen-bailehen; eta programa horren ardatzean ezarri behar da euskarak eta euskaldunak bere eguneroko bizitzan egin beharreko lan iraultzailea. Naturaltasunaren eta erosokeriaren izenean egiten diren pitokeria guztiak bukatu behar dira. Euskaldunak bere burua diziplinatu ezean (horretan datza politikak), akabo gure historia.

  • Benat Castorene 2024-03-12 14:36

    Eneko zure iruzkinak pausatzen du aspladian xifritzen nauen galdera bat:
    Zer eta nor nahi dugu “salbatu”? dena eta denak baita beren burua diziplinatu nahi ez dutenak ere? ala beren burua salbatu nahi dutenak?
    Ez da berdin eta beharbada hautatu beharrekoa da ordu deno.

  • Igor Goitia 2024-03-12 23:41

    Ez naiz luzatuko jada adierazia nuen horretan, baina Txillardegi eta marxisten arteko desadostasunak oso ere oso errotikoak ziren. Hasteko eta behin berak Euskal Herriaren ariman sinesten zuelako, hizkuntzan hezurmamitua.

  • Egun on:

    Arrazoia duzu, Benat. Bidea salbatuak izan nahi dutenetatik hasi behar da beti, halabeharrez. Kontrakoa bultzada etsitua da. Salbatua izan nahi ez dena ezinezkoa izan ohi da salbatzea.

    Zer eta nor salbatu nahi den eta dugun neu ere xifritzen nauen galdera bat da. Badirudi gai honetan ezinezkoa izango dela nazio gisara konponbide bat ematea, hain baikaude historiaren zurrunbiloan sartuta non zer salbatu nahi den erabakitzen dugunerako, euskal subjektua zein den definitzea ezinezkoa izango den. Eta ez bakarrik gure jendartearen nolakotasunetan sekulako bariazioa jazo delako, baizik eta ordurako zer defendatu ez dugulako izanen.

  • Markos Zapiain 2024-03-13 11:33

    Igor, marko orokorrari barik hizkuntzaren filosofiaren xehetasunei heltzen saiatuko naiz hemen. Ondo izan

  • Benat Castorene 2024-03-13 15:04

    Eneko, iparraldetik ikusita “nazio gisara konponbide bat ematea” ez dirudi ezinezkoa dela. Ezinezkoa da. Noeren arku bat esperimentatzea geldituko litzaiguke.
    Adeitasunez.

  • Benat, terminoen definizioa gorabehera, zuk proposatzen duzun “Noeren arkua” ere bada konponbide nazional bat. Batez ere, “nazioa” etniaren antolaketa politikoari baderitzogu.

    Agian ideia hau ez dirudi egun oso progresista, baina ber taldera bihurtzea, ez al da herri gisa irauteko bide bakarrenetarikoa?

    Asmatu behar dugu nola herri bereizi modura mundu modernoa nabigatu, agian zuk aipatu Noeren arkuan egin beharko litzateke.

    Ondo segi eta laster arte!

  • Eneko, bai, ematen du gaur egun Txillardegiren eta Ereñoren diagnostikoen bidegurutzean gaudela. Eta egia da, interesgarria litzateke jakitea zenbat heldu genituzkeen hego Euskal Herrian alfabetaturik, euskara ezagutzeak ematen dituen abantailak kenduz gero. Euskararen aurkako militante ugari dago funtzionario EGAdunen artean ere.

    Dena den, euskal izpiritu nazionalik eta borondaterik gabekoei ez nieke “euskaraz dakiten erdaldun” deituko. Praktikoa iruditzen zait “euskaldun” hitzaren betiko definizioari eustea.

    Eta, gizaki gehienok heroiak ez garela garen kontuan hartuta, uste dut militantzia diziplinatuaren eta erosotasunaren arteko oreka behar dela.

  • Beñat Castorene 2024-03-18 17:19

    Markos biziki arrazoizkoa deritzat heroikoak ez garela kontuan hartu behar hori. Baina ene aldetik ausartuko nintzateke orekaren bi terminoak modifikatzera.
    Militantzia diziplinatuaren ordez “komunitate izpiritua” eta erosotasunaren ordez bizi “duina eta materialki atsegina”. ( ezdakit zergatik erosotasuna aditzen dutalarik beti erosokeria konprenitzeko joera dut eta)
    Azkenean bien artean oreka baino gehiketa xerka nezake.
    Oraiko krisi moral orokorraren aurrean, iduritzen zait gazte euskaldun batek bilatzen duela konponbide orokor bat ez bakarrik linguistikoa edo nazionala. Dena nahi du batera! Gaztea gazte.
    Berrkitan, SWen penrtsamendua komentatzen zuen Christian Lamoure filosofo angeluar batek, erraiten zuen sustut haren aburuz erealitatean oinarritua egonez zerbait eder kontzebitu behar zela eta esperimentatu, modifikatu eta esprimentatu lortu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude