Twitterreko euskal komunitatea eta euskararen erabilera: iraileko estatistikak

ikurrina-462x300

Udako atsedenaldiaren ondoren, hona hemen berriro euskal twiterlarien inguruko estatistiken laburpena. Irailean zehar, orotara, 6.056 erabiltzaile aktibo izan ditugu gure zerrendan. Idatzitako txioei dagokionez, komunitateko erabiltzaile aktibo horiek 485.398 txio bidali ditugu (%48,45 euskaraz). Egunero, bataz beste, 7.838 euskarazko txio argitaratu dira.

(Jatorrizkoa Umap.eu webgunean)

Irailean zehar, orotara, 6.056 erabiltzaile aktibo izan ditugu gure Rankingean. Ez guztiak aldi berean (azken astean, adibidez, 4.904 gara), baina bai garairen batean aktibo eta txiokatzen. Twitterreko euskarazko jardunaren inguruko txostenak kaleratzen hasi ginenetik (2013ko martxoan), azken hilabete honetan gainditu da lehenengoz 6.000 erabiltzaileko langa.

%60 baino gehiago euskaraz txiokatzen duten erabiltzaileak, erabiltzaile guztien %39 besterik ez dira, 2.400 inguru


Datu-basean, guztira 20.000 hautagaitik gora dira, baina horietatik 6.056 izan dira gure irizpideen arabera komunitateko kide bezala identifikatu ditugunak (hilean zehar aktiboak izan direnak eta euskaraz idatzi dutenak). Lehenago ere izan dugu aipagai “aktibotasunaren” gaia, Umapeko albistegi honetan bertan eta Codesytaxen blogean (helbide horietan informazio gehigarria).

Idatzitako txioei dagokionez, komunitateko 6.056 erabiltzaile horiek 485.398 txio bidali dituzte, horietatik 235.161 (%48,45) euskaraz. Egunero, bataz beste, 7.838 euskarazko txio bidali ditugu. Udako beherakada kezkagarriaren ostean, badirudi euskara-erabilera berriro egonkortu dela udaberriko baloreetan (%47-50 inguru euskaraz).

Gainontzeko hizkuntzen artean ere ez dago aldaketa handirik: mezuen %27 gaztelaniaz idatzi dira, %9 ingelesez eta %1 frantsesez. Hizkuntza-detekzioaz informazio gehiago beste albiste honetan.

Esan bezala, erabiltzaile kopurua igo egin da azken hilabeteotan, Twitterrek mundu osoan duen gorako joerarekin bat eginez. Hala ere, eta euskarazko komunitateari dagokionez, komunitateak txiki samarra izaten jarraitzen du. Gehienbat euskaraz txiokatzen duten erabiltzaileak (%60 baino gehiago euskaraz), erabiltzaile guztien %39 besterik ez dira (2.400 inguru), komunitatearen erdia baino gutxiago; gainontzekoek hortik behera darabilte euskara.

Gainera, komunitateko txiolarien jardunari dagokionez, gehienek tarteka-marteka besterik ez dute erabiltzen Twitter. Erabiltzaileen arteko %75 inguruak egunean txio bat baino gutxiago argitaratu du irailean. Horrek esan nahi du (nolabait orokortuz eta laburbilduz), komunitate osoaren %15-20 inguru dela Twitterreko euskarazko jarduna sortzen eta biziarazten duena (1.000 erabiltzaile inguru).

Orain arteko hileroko txosten guztiak gure artxiboan. Eta iraileko datuen inguruko informazio gehiago ondorengo PDF honetan.

artikulu interesgarriak ...