Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain!

Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain! –

Tristeziaren lainopean gabiltza gutxiz gehienok hilabeteko etxealdia igaro ondotik, egoerak iraungo duela jakinik, eta zenbat luzatuko den ez dakigula. Natura dabil bakarrik betiko antzera: zuhaitzak loretan, zelaiak ere bai, basoak ederrak…

Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain!
Arg: Pete (Flickr)

Badakigu batzuk aspalditik bizi direla behe-laino itxi-itxiko egoeran, mila miseria tarteko: langabezia, seme-alabak arazoak eskolan, kalean, genero indarkeria…; aspalditik, ostarte gutxiko laino itxian murgildurik. Neguan.

Askori, ordea, aldi honetan sartu zaizkigu laino boladak garunean, gorputz-junturetan. Udaberrian udazkena!

Osasunaren kezkak, lehenik. Inguruko norbait, edo norbera, osasun pattalaldian, eta arazoak hurbilenen berotasuna jasotzeko edo emateko. Norberaren osasunaren beldurra, maite dituzun pertsonena. Udazkena bihotzean!

Heriotza tristeak zahar-etxeetan eta. Gaixoen artan dabiltzanak egun luze eta astunetan katramilaturik, akiturik eta amorraturik aldi berean, hitz ederrak bai, eta txalo batzuk ere, baina benetako laguntzarik ezean, sarri askotan. Udazken-neguan udaberrian!

Lanaren eta diru-iturriaren arrangura, bigarrenik. Aldi baterako erregulazioan direnena, diru-sarrerarik gabeko autonomoena, eta denok ere, murrizketen beldurrez, prekariotasunean edo eskasien aroan sartzear bezala, etorkizunaren zalantzaren laino mardula dugula aurrean, dorpea, astuna, ostarte zirrikitu gutxikoa.

Aurrez pentsatuak genituen ilusiotxoak bete ezinaren tristezia, hirugarrenik. Harako kontzertu, horrako ekitaldi, honako bidaia; harako plan polita, ostarte sortzailea histu izanak eragindako behe-lainoa, lanbroa, gandua!

Lanbropean geure baitara bildurik, gure bizi-indar eta itxaropen eta harreman benetakoak zein diren hausnartzera etorririk, funtsezkoena nabarmentzera, atxikitzera.

Egoera zenbat luzatuko den ezjakinean. Lanbroa garbitu eta ostarteak hedatzean, zer etorriko den, zer ekarriko dugun ezin sumaturik, funtsezkoenera bildurik. Hedadura aurrerago, egun bildurik geure baitara, tristuraren lainoa nagusi dugula! Udaberriaren zain!

Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain!

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

2 pentsamendu “Tristuraren lainopean, Udaberriaren zain!”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-04-20 11:20

    Testu ederra Pako, beste angulu batetik, poetikoago batetik, ezagut arazten zaituena.
    « Lanbropean geure baitara bildurik, gure bizi-indar eta itxaropen eta harreman benetakoak zein diren hausnartzera etorririk, funtsezkoena nabarmentzera, atxikitzera »
    Bai hori bera egin behar nuke bainan justuki bildtasun hura zaila zait aurreko bizitza normalean agitazioan edo ezinegonkerian sobera ohituak izanez gero.

  • Milesker Beñat.