Polizia mota guztien jokabide okerrak salatu behar ditugu

Polizia mota guztien jokabide okerrak salatu behar ditugu –

Polizia mota guztien jokabide okerrak salatu behar dituguEzohiko egoera biziarazi digu koronabirusak, mandatariek inorekin ezer adostu gabe beren neurriko konfinamendua arau bilakatu dutelako. Eta Polizia jarri dute politiko horiek ezarritako ustezko joko arauak bermatzeko tresna gisa. Bete ala zigorra. Kasu batzuetan eurek ere arau horiek nahi duten erara moldatu izan dituzte beraien onerako. Ondorioz, jarrera autoritarioak eta harroak bizi izan dira Euskal Herriko kaleetan, gure jendartean tokirik ez dutenak.

Ziklista bat atxilotu zuen Iruñean Polizia Nazionalak, bortxaz, eta Viva España oihu artean eraman. Arrazoia eurak jakingo dute. Bizkaian, berriz, lanera bizikletaz zioan batek Ertzaintzaren mehatxuak jasan behar izan zituen, ezohiko egoeraren neurrien barruan sartu arren bizikletaz joatearena. Iruñean, berriro ere, udaltzainek etxe bat hustu dute eta jendea kale gorrian utzi, kalean egotea debekatua dagoenean…. Ez daukate nora joan egoiliarrek. Ez da kapritxo bat etxe batean sartu izana. Nahikoa ez balitz, Euskal Herri osoan ibili dira militarrak inork deitu ez zituenean, askotan jarrera nazkagarria erakutsiz. Eta horrelako zenbat eta zenbat…

Bizi dugun testuinguru honetan galdera erraza da: nor direla uste dute poliziek? Plaka batek edo uniforme batek inmunitatea ematen diela uste al dute? Hemen jendarteak  moldatu beharko lituzke autoritateak, ez autoritateek jendartea. Hala ere, kasu asko ezkutuan mantentzen dira. Horregatik horrelako gertakari guztiak salatzeko deia egiten dugu ELEAK-Libre mugimendutik horrelako egoera bat bizitzea tokatuz gero ala horren berri izatekotan. Gure helbide elektronikora idatzi, mugimenduasortzen@gmail.com ala deitu 696755741 zenbakira edota watxap mezu bat bidali.  Gure abokatuek beraien aholkularitzako emango dizute eta zuk erabakiko duzu zer egin. Eskubideak bermatzea da xedea.

Aste hauetan ikusi dugunez, sektore sozial jakin bat dute begiz jota poliziek: etorkinak. Bilboko San Frantzisko auzoko gertaera kasu. Mehatxuak, irainak, isunak jasaten ari dira. Garbi dago askotan ez daukatela hizkuntzaren kontrola, akaso neurrien nondik norakoek ez dituzte ezagutzen, eta, nola lortu babesa atzerri batean? Muinean arrazakerian dauka oinarri horrelako beraiekiko jokabideak. Gogor eta ozenki salatu nahi dugu laguntza handiena behar duten guztiekiko Poliziak daraman etengabeko erasoa.

Horrekin batera, berriz ere Mozal Legea salatu nahi dugu, jendartea isiltzeko eta beldurtzeko tresna bihurtu baitute. Esaterako, San Frantzisko auzotarrak isunak jasotzen ari dira polizien gehiegikeria grabatzeagatik eta irudiak sareetan banatzeagatik. Inpunitate osoz jokatu nahi dute. Hamaika ikusteko jaioak gara. Eskubideen horren urraketa garbietatik kanpo, badaude hain nabarmenak ez direnak, baina guztien ondorioa da herritarra zigortzea eta isuna jartzea.

Ezohiko momentu honetan ezohiko portaerak ikusten ditugu betikoen partetik. Jarri diezaiegun guk muga, jarri diezaiegun guk arauak. ELEAK-Libre mugimenduak bere bitartekoak eskaintzen dizkio jendarteari denon artean egoera iraultzeko.

Erantzunik gabeko erasorik ez!

ELEAK-Libre Mugimendua

Polizia mota guztien jokabide okerrak salatu behar ditugu

3 pentsamendu “Polizia mota guztien jokabide okerrak salatu behar ditugu”-ri buruz

  • Joseba jauna, eta zure euskal estatu sozialista hipotetiko horretan nola jokatu beharko luke euskal polizi iraultzaileak? Araua betetzen ez duen horri,zigorra ezarri beharrean, zer eman beharko lioke, goxokiak?
    Gehiegikeriak gehiegikeri, poliziaren lana ez da gizartearen hezitzailea izatea, horretarako beste motatako lanpostuak daude.

  • Eta nork erabakitzen ditu arau horiek? Herriak ez behintzat. Herriak bere askatasuna, beren eskubideak delegatu ditu eta dena predatzaileen eskuetan utzi du. Hauek haien presako zakurrak ondo formatu eta formateatu dituzte herriari beldurra sartzeko eta espoliatzeko. Noski gurengana etorri beharko liratekela goxokiekin haien soldata guk ordaintzen diegulako eta ez predatzaileek.

  • Ah! Orduan erabaki gaitasuna beste batengan ordezkatzea ez baldin bada arauak hartzeko modua, nola beharko luke, asanbladatan eta eskua altxatuz? Eta orduan nor, zer da herria? Lurra sendo zapaltzeko garaia da, ez eztabaida metafisikoetan ibilteko unea.
    Eta orduan zure planteamendua Freud, goxokiak soldataren truke izan beharko luke poliziaren betebeharra, ezta? Ederra proposamena, oso errealista!