Trenak, behiak eta geu

Trenak, behiak eta geu

Arnaldo Otegiri buruz joan zen astean argitaratu nuen artikulua da adibide egokia. Ez da lehen aldia ZuZeun, sarritan pizten baitira hemen eztabaida ikaragarriak, burutsu eta luuze luuuzeak, oso maiz anonimatoak berezkoa duen simaurra ekarri arren, tarteka perla eder askoak eskaintzen dituztenak.

Euskara, feminismoa, politikagintza, arrazakeria… izaten dira iruzkinetan sutauts gehien izaten duten gaiak. Aski duzu idazpuru kitzikagarri bat idaztea aipatu gai horietako baten bati buruz, eta segurra da sutea. Batzuetan, aipatutako Arnaldorenean bezala, eztabaidak hartuko du su eta, bestetzutan, ETAri buruzko beste hartan bezala, milaka eta milaka bisitaldiek marka guztiak gaindituko dituzte. Hain gaude geure baitan itsutuak. Bai, ondo diot, itsutuak.

Trenak, behiak eta geuItsututa geure betiko kezka eta gaiekin, nolaz eta txakurra ibili ohi den bere isatsarekin: euskararen desagerketarekin, abertzaletasunaren berdifinitzearekin, borroka armatuaren amaierarekin, memoriaren zuzen eraikitzearekin, berdintasunaren giltzarriekin…

Iruditzen zaigu mundurik ezin dela izan, historiarik ezin dela gerta geure katramila horiek guztiak gabe. Guztiz direla zentralak giza espeziearen garapenean.

Esate baterako, horren karietara antolatu dugu Jakin aldizkariak eta ZuZeu orainkariak elkar hartuta, ikastaro bat EHUrentzat uda honetan. Gaiak ezin du izan beste bat: ABERTZALETASUNA XXI. MENDEAN. Nola biziko gara, bada, gai horri ertz guztiak ikusi gabe.

Denak elkartu ditugu, direnak eta ez direnak, Zulaikak, Galfarsoroak, Gabilondoaki, Eskisabelak, Apaolazak, Otegiak… Hogeitik gora. A ze po po poza, a ze ma ma mauka, a ze ga ga gauza zentrala… hiru egunetan antolatu duguna. Nahi duenak badaki non aurkituko duen gure korapilo guztien amaren epizentroa:  Donostiako Miramar Jauregian ekainaren 29, 30 eta uztailaren lehenean.

Batzuk autonomista, beste batzuk foral. Asko burujabetzaren aldeko, edo autodeterminazioaren. Baita ere independentziaren… Zenbat gai, zenbat ñabardura argitu beharreko, eztabaidaren bidez konponduko ditugunak. Behingoz argituko gara…

Bai? Horrela ote da hori? Benetan dira garrantzizko gure arteko eztabaida hauek guztiak? Gure gizarteari benetan dio axola euskararekin gertatzen denak, independentziaz esaten dugunak, etc. etc?

Iruditzen zait, beste garai batzuetan, 70, 80 hamarkadetan eta, euskalgintza izan zela gizartearen lantzaren burnia, nola Hegoan ala Iparraldean. Haren baitan egiten ziren gogoetek egiten zutela tira, azenarioak astoari bezala. Gaur, ordea, etsipenean nabil. Egin dezakegu zarata, findu dezakegu gogoeta, aldarrika ditzakegu gauza zentzuzkoak, pentsa dezakegu unibertso oso bat dela gurea… Eta zer? Nori zaizkio horiek guztiak axola?

Zara denda bat jarriko dute aurki zure auzoan, irabazi egin zuen atzo Athetixak, senargai berria hartu du Rihannak, pentsioak jaitsi egin dira, Iglesiasek moztu egin du mototsa, nora zoaz aurten oporretan… Hemen ez da falta zertan entretenitua.

Zerbait asmatu behar dugu izan ez gaitezen garen bezain bazterreko geurean, ezinbesteko iruditzen zaizkigun gai horiek guztiek izan dezaten merezi duten arreta geure gizartean. Ez dakit zer, ez dakit nola, baina geure trenean goazenean, zerbait egin behar dugu behi horiek guztiek ez diezaguten begiratu hola.

Trenak, behiak eta geu / Trenak, behiak eta geu

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Trenak, behiak eta geu”-ri buruz

  • Sikiera gure berezko kontuei begira emango bagenu denbora … baina hori ere ez. Kanpotik etorritako kezka eta dotrinei jiraka ibili ohi gara, mende bat inguruko atzerapenaz, Mediterraneoa deskubritzen iada munduan inor gutxiri axola zaizkion gaietan. Noiz helduko da, kontu zaharrei paso egin eta munduaren erlojuarekin bat eginda biziko den euskal belaunaldia?

  • Ideia bertsua nerabilen buruan neuk ere. Eta Argian irakurritako hau hausnarketa interesgarria iruditi zitzaidan oso. Berandu ez bada, hau ere Miramarrera gonbidatzeko modukoa:

    http://www.argia.eus/argia-astekaria/2504/andoni-olariaga-filosofoa

  • Ia ekologia hasten den interesa pizten

  • “Denak elkartu ditugu, direnak eta ez direnak”… gezurra, Hasier eta Lorea. Hau idatzi duena ez dago http://sustatu.eus/1283200035 / http://sustatu.eus/1316411053 / http://sustatu.eus/luistxo/1441114011

    • Loren Errazkin 2016-04-28 15:53

      Akaso interes izugarriya izanen dute zuk argitaratutako hiru artikulu horiek, baina harroa eta fanfarroia behar da izan hiru artikulutxo idazteagatik, filosofian, soziologian, politikan edo zerbaitetan doktore izateko eskubidea aldarrikatzen hasteko edo besteen etxean derrigorrez gonbidatua izateko eskubide eske hasteko. Zerrenda horretan asko falta dira, jakina, Ibarretxe, Olariaga, Zubiaga… Bistakoa da hori. Hitz egiteko modu bat besterik ez da. Baina bai, zorrotz begiratuta, gezurra da “direnak eta ez direnak” sartu dituztela. Hala ere, soilik lupa nartzizista patologiko batekin begiratuta ikus liteke norberaren ausentzia nabarmena dela, jakina Luistxo handiaren kasuan izan ezean. Kasu horretan hanakasartze ikaragarria da, Hasier, Lorea. Zuen kurtso horrek ez du hura gabe askorik balioko. Horretarako hobe duzue deus antolatu gabe.