Topikoak edo (HABE eta AEKren inguruan)

“Hor goian aipatzen dugun “euskaltegien mundu” horretaz mundu-munduak dakiena eta uste duena ez zaigu  beti  bat etortzen barruan dugunarekin edo nahi genukeenarekin. Hala bada, erratuta dauden ideia batzuk agertzen dira lantzean behin, topikoak esan daiteke.

Bat aski zabaldua. Euskaltegiak HABE edo AEK dira. “Ez dakit nor HABEn dabil ikasten”, edo AEK-kook batzuetan entzuten ditugu honakoak: “HABEkoak dira horiek, konpetentziakoak”, beste edozein euskaltegigatik esanda.

Bistan dago euskaltegien munduaren mapamundia ez dagoela oso argi bazterrotan. Akaso jende gehienarentzat ez da hil ala biziko kontua izango,eta sinplifikazio hori nahikoa zaiola. Apur bat kezkagarriagoa izaten da berriz  honetaz hobeto informatuta espero zenukeen jendearengandik datorrenean: hedabideak, euskaltzaleak… Atzo, lankide batek erakutsi zigun Euskararen Berripaperaren azkenengo alea. Hau hain zuzen ere:

MTM2Ng==

MTM2Nw==

Eta komentarioa egin zuen. “Ematen du HABEk berak hartu dituela matrikula horiek guztiak”. Eta egia esanda, HABEn ez da inor matrikulatzen, zuzenean behintzat. Alegia, matrikula horiek EAEko euskaltegi homologatuetan izena emandako ikasleak dira, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Udal Euskaltegiak eta abar.

Guk badakigu jakin, eta jende gehiagok ere bai. Baina erakunde publikoetatik datorren informazio-orria, horrek hiritar askori ematen dion zehaztasun bermearekin, euskararen gainean informazioa ahalik eta gehien hedatzea asmo duena eta ele bitan banatua, eta  hor horrela idatzita “HABEren matrikulazio datuak / datos de matriculación de HABE”, ba, seguru nago batek baino gehiagok hala pentsatu duela, horiek guztiak HABEren balizko euskaltegietan ibili direla euskara ikasten.

Ez da kontu larria izango, baina sektore honetaz dabilen informazio-hutsune hori estaltzen ez du asko lagunduko. Eta seguru laster batean berriro entzungo diogula ahots serioren bati “En los euskaltegis de HABE” edo horrelako zerbait.

Topikoekin hasita, gaur beste bat irakurri dudala uste dut. ETBk prestatu duen “Kerman mintzalagun bila” saio berriaren aurkezpenean hau irakurri dut (azpimarra nirea):

“Kerman ahozko euskara behin betiko menderatzeko helburuz kalera irtengo da. Helburu horrekin, Kermanek liburuak dauden-daudenean utziko ditu eta kale aldera abiatuko da euskara eguneroko bizimoduan erabiltzeko helburuz: euskaltegian urteetan irakatsi dioten teoria guztia benetan aplikatzeko garaia iritsi zaio”.

Topikoa da, ala topikoa izatea nahi genuke?

Hainbeste urte “komunikatibo” adjektiboa hamaika substantiborekin ezkontzen, hainbeste paradigma aldaketa, HEOK, EEM eta enparau, eta oraindik “teoriari” bueltaka gabiltzala uste du munduak?

Ez da izango.”

cc-by-sa Benito. Karrajua.org

Irudia | Haberen datuak | pantailakadazz | Creative Commons By SA
Irudia | Haberen datuak2 | pantailakadazz | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.