Teleadikzio baskongadoa

Teleadikzio baskongadoa

 

Ai, ene!!

Eta ni ohartu gabe!

Zenbat gustatzen zaizkidan ETBk ematen dizkigun teleberriak!

Haien adiktoa naiz dagoeneko.

Ezin haiek ikusi gabe igaro eguna. Ez eta oporretan ere!

Herenegun hasi udako oporrak, eta gaur, goiz erdian, kafea baino lehen, monoa nabaritzen nuen ene baitan.

Zeren eta ETBk badu barne-monoak eta tximinoak sorrarazteko ahalmena. Batez ere teleberriek.

Nolako teleberri ederrak!

Urkullu hasteko, Urkullu jarraitzeko eta, ustekabean, gaur bezala, Alava generalaren ezpataren misterio misteriotsua eta garrantzitsua!

Oso irizpide onez erabakita, amaierarako Gazako sarraskiarena. Eta Argentinako krisi latza. Eta afrikarrei besterik ez doazkien ebolaren txikikeriak.

Hori bai kazetaritza eta berriak ondozkatzeko irizpide garbia!

Hori bai orgasmoa izan dudana!

Ez Ukrainarik, ez Libiarik, ez Irakekorik, ez ekonomi arazorik, ez buruko minik…

Ia TVE1eko Madril paradisiakoan bezala, txo!

Han, jakina, Rajoyrekin eta besterekin atondua entsalada.

Hemen, atzoko saninazioak eta Urkulluak eta ezpatak eta wifi arriskutsuak!

Eta Irun eta Arminoiko kotxe-erretentzioekin, gainera! Gu geu ere bai! Azkenean! Madrilen bezalatsu!

Nolako erreportaia luzeak Laredo eta laredotar baskongadoez!

Eta, Europako Herri bat garela erakusteko, Frantziako Landetara ere joaten garela erakusten duen erreportaia sakona!

Eta teleberria amaitzear dagoela, Muna-munilla, el obispo abispilla, arazo guztien maratila!

Erabakitzeko eskubideaz mintzatzen!

Erredio! Nola geratuko ETBko teleberria ikusi gabe?

Nola, eguneroko adikzioa elikatu gabe?

Aurten ez noa atzerrira!

ETB behar dut bizi-irauteko!

                          (X. P.)

Teleadikzio baskongadoa

2 pentsamendu “Teleadikzio baskongadoa”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-08-02 09:32

    Egia borobila. Axalkeria, txotxolokeria, instituzionalkeria…. PSOEren barne-kontuekin eman diguten tabarra!! Eta eguneko lehenengo 4 berriak eguraldiaz, oporrez, modaz eta urtegien ur-mailaz osatzen direnean?

  • EITBren lehenbiziko irizpidea: gatazkatsua den auzietan ez busti.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude