Tapiaren autoa

TAPIAREN AUTOA –

Auto azkarra duzu, nik plan bat dut hemendik irten gaitezen. Azkar erabaki behar dugu, gaur gauean abiatu ala honela bizi eta hil. Tracy Chapmanek Fast car abesti gogoangarrian kantatzen zigun emakumen langile eta txiroaren istorioa, zeina bizitza zailetik ateratzeko bidearen bila dabilen.

Tapiaren autoa

Tapia sailburuak ere autoa dauka, azkarra ez ezik berria ere. Gasolinaz dabil, baina hala ere erosteko 2.000 euroz lagundu dio bere buruari. Izan ere, Tapiak ere bere plana dauka, Renove Plana. Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk adierazi zuen ingurumen eta klima larrialdian gaudela. Karbonoan neutroa izango den ekonomiaren helburua azpimarratu zuen, baina hori ez da erraz adosten erregai fosilak diru publikoz laguntzeko erabakiarekin.

Fast Car abestian protagonistak, duen ingurutik urruntzeko oso gogotsu dagoenez, okerreko bidaidea eta bidea hautatu ditu. Tapia ere presaka dabil, klima-larrialdiak eta COVID-19aren krisiak behartzen dutenez, erabakiak hartu behar ditu.

Auto azkarra duzu, nik txartela nahi dut, edonorakoa… edozein toki da hobea. Eusko Jaurlaritzak egingo duena, erregai fosilak bultzatzeko 10 milioi euro gastatzea, horixe da: helmuga okerrerako txartela zoro-zoro hartzea.

Deigarria bezain argigarria da ohartzea nortzuk izan diren itxialdiaren garaian Estatu espainoleko Gobernuaren aurpegi ikusiena eta Eusko Jaurlaritzarena: Fernando Simón, epidemiologo prestigiotsua, eta Arantxa Tapia, Garapen Ekonomikorako Sailburua. Tapiak aldi berean jakinarazi dizkigu bi kontu: batetik, horrenbeste txalotu ditugun osasun arloko langileen soldatak murriztu beharko direla, eta bestetik, lehentasuna autogintza arloko enpresak salbatzea dela. Horrela gogoratzen dut gindoazela, zure autoa gidatzen, abiadura, horren azkar, mozkor antzean sentitzen nintzen.

“Martxoan gasolindegiek %80 gutxiago bildu dute… Transizio ekologikoa ez da lehentasuna…”, dio nonahiko sailburuak DV-n. Eusko Jaurlaritzak ahaztu egiten du autoak erostea sustatzen duten planek ez dutela emisioak murriztea lortzen, “errebote eragina” dela eta: atuo berriak gehiago erabiltzen dira, azkenik zaharrek beste kutzatzen dute. Gainera, azken urteotan saldutako autoek CO2 gehiago irsurtzen dute, batez ere handiagoak eta astunagoak direlako. SUVak, noranahikoak, monobolumenak, crossoverrak… Gero eta auto handiagoa nahi dugu, gero eta mardulagoa. Osaba Justoren R12az oroitzen naiz, eta handia zela gogoratzen dut, oso handia gure Seat 127aren parean. Atzo campuseko aparkalekuan R12 bat ikusi nuen, askoz auto modernoagoak ziren autoen ondoan: R12ak ñimiñoa zirudien.

Zuk auto azkarra duzu, nik fakturak ordaintzen dituen lanpostua. Hortaz, igo zure auto azkarrera eta segi gidatzen. Guztion artean ordaintzen ditugu dirulaguntza horiek, zeintzuek Adda-k eta Cooper-rek (2000) erakutsi zuten ez dituztela guztizko salmentak handitzen. Izan ere, salmenten gaineko eragina hutsaren hurrengoa da: planak irauten duen artean gehiago saltzen da, gero gutxiagoa. Gainera, hasieran pentsa genezakeenaren aurka, planok ez dute automobil-parkea gaztetzen, Licandro-k eta Sampayok (2006) ondorioztatu zuten lez.

Diru apur bat aurreztea lortu dut, ez dugu oso urrunera gidatu behar. Diru pitin hori agian ez da nahikoa izango auto berria erosteko; izan ere, 2.000 euroko laguntzak autoa 2.000 euro merkeagoa izango dela uste izaten dugu; baina ez da horrela. Diru-laguntza publikoei buruzko ikerketa batean Lehiarako Nazio-Batzorde delakoak fabrikako ateko prezioak erkatu zituen, auto berriak erosteko laguntzen plana hasi aurretik eta ostean. Planean sartutako autoen artean erdia garestitu egin zela frogatu zen; prezioak 400 euro garestitu ziren batezbeste. Planetik at geratzen ziren autoen prezioa jaitsi egiten zen.

Maiatzean atmosferako CO2aren azken hiru milioi urteetako errekorra gainditu da, 417 ppm. Klima-aldaketa azkar doa, gasolina eta gasolio autoaren laguntzarekin, berori baita Euskal Herrian negutegi-gas gehien isurtzen duen elementua. Eta sustatzen jarraitzen dugu. Har itzazue, 10.000.000 euro; diru-laguntza ikaragarriak iraganeko teknologiei. EAJk hauteskunde kanpainan klima-aldaketaren aurka borrokatzea agintzen duen arren, enpresarioen lobbyen presioei men egin eta gustura zapaltzen du azeleragailua. Goazen, azkarrago! Kantabriarantz, hondartza sasoia da eta! Ez dugu zertan urrutira gidatu, muga zeharkatu baino ez.

Europar Batasuneko herrialde ausartenek, Danimarkak eta Norvegiak esaterako, argi dituzte lehentasunak: mugikortasun eskaria kudeatzea, eta garraio publikoa sustatzea. Aldi berean, auto elektrikoa sustatzen dute, diesela eta gasolina baztertzeko asmoz. Hala ere, Tapiak bereari ekiten dio, teknologia kutsakor eta zaharkituaren alde eginez. Auto azkarra duzu, baina hegaz ateratzeko bezain azkarra? Erabaki egin behar duzu, gaur gauean abiatu ala honela bizi eta hil.

Tapiaren autoa
Tapiaren autoa
Tapiaren autoa
Tapiaren autoa

Tapiaren autoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude