Superbat, pila bat

Programazio Estrategiak ikasgaian ETB1-en inguruan egindako gogoetatxo bat:

Euskal telebistaren lehenengo katea, bere anaia gaztearen mende bizi denaren sentsazioa areagotu egin zait azken urteotan. Euri asko egin du sortu zen 1982 ez oso urrun hartatik eta urteekin etb 1 nabarmen aldatu dela esango nuke. Ez beti onerako gainera. Kate honekin hazi zen belaunaldikoa naiz. Bertan ikusten genituen marrazki bizidunak. Programazioaren zati handi bat hartzen zuten. Superbat klubekoak izan ginen lehenengo eta Betizu klubeko kide ere egin ginen beranduago. Hiru komunitatea sortu zuten duela urte batzukĀ eta bertako kide egiteko heldutxoak baginen ere, gugan ere eragina izan du klub honek. Etb 1en ikur eztabaidaezin izan diren marrazki bizidunak kate honetatik desagertu eta etb 3ra eraman zituzten, nahiz eta oraindik ere, goizetan etb 1en zer ematen duten galdetzean marrazki bizidunak ematen dituztela baino erantzun hoberik bururatzen ez zaidan. Hauek utzitako hutsunea, programa zaharren errepikapenek hartu dute.

Kirolak dira euskarazko katearen bizkarrezurra osatzen duten bertebren heren bat inguru. Kirol emankizunak euskaraz ematea aurrerapauso izugarria izan zen hizkuntzarentzat, egun baina, kirola, beste programen gainetik egon ohi da. Euskararen normalkuntzan lagundu beharrean programazio normal eta egonkor bat ez izatea ekarri du horrek nire ustez. Erabiltzaileak nekatzerainoko errespetu faltak dira aldaketa hauek eta bigarren katearekin alderatuta parrilla bati eta besteari ematen zaion tratua zeharo ezberdina da. Zuzeneko emankizun guztiek gainera ez dute tratu bera, bertsolari txapelketaren finaleko azken saioak, saskibaloi partida batek baino garrantzia gutxiago du antza (baten batek jakingo du zertaz ari naizen).

Goenkale, Mihiluze eta Hitzetik Hortzera dira agian, albistegiak kenduta, egun geratzen dien programarik beteranoenak. Fikzioaren aldeko apustu txikia egin da azken urteetan, saiakera batzuk egon badira ere, ikusleak bereganatu edo gatibatu orduko bertan behera geratu dira. Urte batzuetan pelikularen bat edo beste ematen bazen ere, gaur egun, bigarren katean ez bezala, salbuespen izan ohi dira etb 1en parrillan. Eta, ez da txarra izatearren edo bikoizketa lana gutxiestearren, baina marrazki bizidunetako pertsonaiekin lotzen ditugun ahots ezagun berak izateak pelikula ikusten jarraitzeko gogoa kendu izan dit baten baino gehiagotan.

Euskal Telebistaren lehenengo kateaz galdetzerakoan beraz, errepikapen ugari eta berri gutxi datorkit burura. Berri gutxi hitzaren zentzurik zabalenean, izan ere, bigarren katean baino informazio tarte gutxiago egon ohi da lehenengo kate honetan. Bigarreneko albistegiak ordu bete ingurukoak direnean, euskarazkoek ordu erdi eskas irauten dute eta kirol emanaldiren bat egonez gero nahieran mugitzen dira (kasurik onenean) eta murriztu gehienetan. Eguraldiaren tarteak Gaur Egun albistegiak baino iraupen luzeagoa izan ohi du.

Izan zitekeena eta behar lukeena baino gutxiago da euskal telebistaren lehenengo katea.

eitb, ETB1, ikus-entzunezkoak, telebista
Ander Barinaga-Rementeria

IZAN ALA EZ IZAN