Milaka argi Nafarroan: IKAren kanpaina

milaka-argi-nafarroan-logoaKanpaina: Milaka argi Nafarroan.

IKA: Araba eta Nafarroan helduen euskalduntzean ari diren euskaltegien koordinakundea. Ikas eta Ari, herritarrei euskara ikasteko bidea ematen diena eskolen bitartez, eta herritarrak euskaraz ari daitezen, euskara erabil dezaten, bitartekoak eskaintzen dituena, euskararen aldeko lanean ari diren beste talde batzuekin batean.

IKAko euskaltegietan helduen euskalduntze eta alfabetatze lanean ari gara joan den 40 urtean. Eta lan honetan jarraitu nahiko genuke gure herria osorik euskaldundu arte.
IKAren izenean 2012ko azarotik 2013ko Aste Santu bitartean eginen dugun kanpaina honek bi helburu nagusi izanen ditu:

1.- Nafarroa Garaiko euskaldunen sarea zabala dela adieraztea.
2.- Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzea.

Nafarroa Garaiko euskaldunen sarea zabala dela adieraztea.

Nafarroako Euskararen Legeak eremu euskalduntzat hartzen duen horretatik kanpo bizi diren nafarrei euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubideak ukatu arren, ekimen honen bidez erakutsi nahi dugu Nafarroa guztian euskaldunak badirela eta euskaraz bizitzeko ahaleginetan ari direla, gainera. Nafarroa Garaiko herri batzuetan euskaraz aritzeko eta bizitzeko aukera handiagoa da, euskaldunen dentsitatea handiagoa baita, beste herri batzuetan baino. Euskaraz bizi nahia, ordea, guztiona bera dela agertu nahi dugu ekimen honetan. Nafarroako Hego eta Ipar, Ekialde eta Mendebaldeko herrietan euskaldunak badirela agerian jarri nahi dugu. Baietz hori agertzeko gauza izan!

Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzea.

IKA euskaltegien sarea Nafarroan arras kezkaturik dago euskara dela eta. Ezagutzari dagokionez, irakaskuntza arautuan ez ezik, helduen euskalduntzean ere aspaldixkoan ikasle kopurua ez da handitzen nahi genukeen neurrian. Ez da, bestalde, harritzekoa hau gertatzea, oztopoa besterik ez baitugu bidean.

Berrogei urtetik gora dira Nafarroan helduak euskalduntzen ari garela. Hainbat eta hainbat lagun gure euskaltegietan euskaldundu da, eta euskaraz bizitzen ahalegintzen da. Beti izan ditugu zailtasunak lan hau aurrera eramateko: helduek euskara ikasteko laguntzarik batere ez; haurrak euskaraz eskolatzeko haur eskolarik ez; euskarazko irakaskuntzarik ez Nafarroako hainbat herritan; euskarazko komunikabideek erraztasunik ez bizi ahal izateko eta administrazioak berak euskarazko komunikabiderik ez izatea; euskarazko zenbait hedabide hartzeko debekua; lanpostu ia guztietan euskarak hutsaren hurrengo balioa izatea; administrazioaren euskararen kontrako diskurtsoa; gure kultura eta aisialdia arroztea, bestelakotzea …

Helduek euskara gure euskaltegietan ikas dezaten laguntza oso eskasak jaso izan ditugu beti, eta orain egoera oraindik larriagoa da. Eta horregatik, kanpaina honen bidez dirua bildu nahiko genuke, Iruñerrian, Nafarroa Garaiko populazioaren erdia bizi den eremu honetan, helduak euskalduntzen jarraitu ahal izateko. Euskara ikasi nahi dutenei bidea errazteko, egiten duten ahalegin eder eta txalogarri horretan jarrai dezaten.

Kanpainaren ezaugarriak.

Helburu horiek kontuan izanda, Nafarroa Garaiko euskaldunak non dauden agerian utzi nahi dugu. Horretarako, euskaldun guztiak, Nafarroa Garaikoak izan edo Nafarroa Garaitik kanpokoak izan, elkarri mezuak bidaltzen jarri nahi ditugu, euskaldunen arteko katea sortzeko.

Nafarroa Garaiko euskaldun batek, mezua bidaltzen duenean, Nafarroa Garaiko mapan bere herriko argia piztuko du. Argi horrek herri horretan euskalduna badela esan nahi du eta. Nafarroa Garaiko mapa argiz bete arte bidali mezuak!

Bigarren helburua kontuan izanda, euskaltegiak hiztun gehiago atera ditzan laguntzeko, nahi duenak, izan euskaldun ala ez, dirua eman dezake. Horren bidez, ikasle gehiago euskaldundu ahal izanen dugu, eta lehen puntuan aipatu sare hori indartu.

Nola parte hartu.

www.milaka-argi.com gunean sartu,eta posta elektronikoa erabilita, nahi hainbat euskalduni agurra bidaltzea da parte hartzeko modua. Hori egin ahal izateko dirua eman behar da Iruñerriko IKAren euskaltegiak laguntzeko.

Joseba Otano

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude