Strawberry Fields Forever

straberry

Idazleak liburu argitaratu berriari bizkarra ematen dio, ez du berriro irakurriko. Margolariak ere, lientzoak saldu bitartean, estudioko bazter batean utzikeriaz pilatzen ditu, begi-bistatik urrun, inoiz ez hormetan apaingarri. Musikariak, Bob Dylan batek, adibidez, kontzertuetan gogoz kontra jotzen ditu aspaldi-aspaldi arrakasta eman zioten abestiak, ez bada bertsio berria egiteko, diskotik ezin urrunago, askotan abestia itsusteko, bortxatzeko… Eta gizaki arruntok ez dugu ulertzen artistek euren lanari usu dioten ustezko mespretxu xelebre hori. Jainkoen harrokeriatzat hartu ohi dugu.

Baina obra bukatuak, uneko miresmena edo dena delakoa gaindituta, azkar galtzen du interesa egilearentzat, bukatzea hiltzea baita, dinamismoa gelditzea. Argonauten egia da: garrantzitsuena bidaia da, prozesua, ekina, eta horixe interesatzen zaio artistari. Horregatik, egile batzuek ez dakite obra bukatzen, edo ez dute nahi. Agian, arte lanak ezin dira inoiz bukatu, agian bukatutzat baino ezin dira jo: egilea bera gogaitzen delako, hopbeto egiten ez dakielako, aurkezteko epea agortzen delako, bidean zapuzten delako… edo, besterik gabe, hasten den orok bukatu behar omen duelako. Paradoxa da: obra jaio dadin bukatu behar da, baina bukatzeak hiltzen du.

Ez da bide erraza sortzea. Hamaika zailtasunen artean, urrezko ahari-larrua aukeratzea ere ez da makala, zailena askotan, sortze bidaian bat baino gehiago agertu ohi baita. Harira ez zetozen pasarteak eta pertsonaiak, abestien bertsio alternatiboak, bertso galduak… Denak baztertuak, batzuk trebez eta beste batzuk zalantzaz. Egilearen erabakia da, zuzena ala okerra, kasu. Bestetan, moldea, bozetoa edo maketa da bidean galduko dena, morroi izateko jaioak izan arren, euren baitan jenialtasuna gordetzen duten piezak dira, lur sakonetik aterako diamente harriak.

Bukatu gabeko obrek lilura berezia sortzen dute. Batzuk, behin-behinekotasunean, osatu gabe ere, eder-ederrak dira, horretan uzteko modukoak, bukatutako obra baino iradokitzaileagoak, dinamikoagoak, Laboaren bazter lainotuak bezalakoak. Agian, maisu-lanaren erreferentzia behar dute behar bezala distiratzeko; agian, autonomoak dira; agian, ederragoak… Nola jakin? Horixe da artistaren erabaki tragikoa. Zuzen jokatu ote zuen zalantzak lagunduko dio beti.

Pasa den urrian 50 urte bete ziren The Beatles taldearen lehen diskoa kaleratu zenetik, Love Me Do singlea, eta aitzakia hartuta, omenaldi alternatiboa proposatzen dizuet, alternatiboak baitira hemen entzungo dituzuen lau piezak. “Pirata” esaten genuen lehen. Gabonetan gaudenez, denontzako oparia ere izatea espero dut.

  • Straberry Fields Forever. 1967ko otsailean argitaratu zen, Penny Lane abestiarekin batera. Biak Sgt. Pepper´s Lonely Hearts Club Band diskoan (1967) sartzekoak ziren, baina grabazioen atzerapenak merkatura sigle bat ateratzera behartu zituen. Abestiaren hamaika bertsio egin zituzten, eta azkenean biren artean geratu zen zalantza: bata, lasaia eta melodikoa, onirikoa, oroitzapenetan murgiltzekoa; bestea, azkarragoa eta indartsuagoa, tronpeta eta biolontxelo urduriek lagunduta, eldarnioak hartu balu bezala. Eta Lennon zirt edo zart egin ezinik. George Martini esan zion lehen bertsioaren hasiera eta bigarren bertsioaren amaiera gustatzen zitzaikiola. Beraz, produktore prestuak guraizeak, haria eta orratza hartu eta lehen bertsioaren hasiera eta bigarrenaren amaiera josi zituen. Emaitza ezaguna da. Baina hasiera erabat xumea zen:

ENTZUN:zomorro-01

  • Because. Abbey Road diskoan (1969) agertu zen, Beatlesek elkarrekin grabatu zuten azken diskoan. Lennon etxeko sofan etzanda omen zegoen, Yoko Onok pianoan Beethovenen 14. sonata jotzen zuen bitartean. Halako batean, akordeak atzetik aurrera jotzeko eskatu zion eta horrela atera omen zituen abestiaren hasierako arpegio ezagunak. Horien gainean melodia etorri zen gero. Baina, abestiaren jatorria oinarri armonikoa izan bazen ere, ahotsak grabatu zituzten lehendabizi (ohiko prozeduraren hurrenkera bestelakoa da, ordea: oinarri erritmikoa, ahots nagusiak, koruak eta bestelakoak). Horretarako, Johnek, Paulek eta Georgek abesbatzan kantatu zuten, eta efektua areagotzeko hiru pista egin zituzten, guztira bederatzi ahots. Hemen ahotsen pista daukazue, acapella:

ENTZUN: zomorro-02

  • Child of Nature. Abesti hau ez zen inoiz argitaratu, ez Beatlesen izenpean ez hemengo letrarekin, bederen. Indian konposatu zuen Lennonek, lau beatleak Maharishi Mahesh yogirekin Rishikesh-en egin zuten egonaldian. McCartneyk antzeko gaia hartu zuen beste abesti bat egiteko, Mother Nature´s Son, eta huraxe izan omen zen Lennonena Disko “zurian” (1968) ez sartzeko arrazoia. Argudioa oso eskasa da, disko horren ezaugarri nagusia kontenzio falta izan baitzen: beatle bakoitzak nahi zuena eta nahi zuen moduan sartu zuen George Martinen kexei entzungor. Benetako arrazoia bestelakoa izan daiteke: Lennon Maharishirekin erabat desengainaturik joan zen Indiatik, eta abestia neurri handia batean Maharishiren filosofiaren aldarrikapena zen. Lennonek yogari hartu zion herraren froga da disko honetako bertako Sexy Sadie abestia da. Nolanahi ere, Lennonek Child of Nature kaxoi batean sartu eta taldea banandu arte ez zuen berreskuratu. Imagine diskoan (1971) sartu zuen, beste letra batekin eta Jealous Guy izenpean.

ENTZUN: zomorro-03

  • While My Guitar Gently Weeps. Disko “zurian” (1968) agertu zen abesti hau, ziur aski George Harrisonen abestirik onena, eta zalantzarik gabe The Beatlesen onenetariko bat. Hasiera batean, ordea, abestiak ez omen zuen beste beatleen interesa piztu. Harrison gutxietsita ere sentitu omen zen grabazio prozesuan, eta taldekideen lanarekin asegabe Eric Clapton kontratatu zuen gitarra-soloa egiteko. Baina, Harrisonen ustea gorabehera, musikari guztien lana paregabea izan zen; ezin da abestia entzun eta gogorik gabe grabatu zutenik pentsatu. Bestelako kontua da azken emaitzak jatorrizko ideia gainditu edo hobetu ote zuen, kasu honetan urrezko ahari-larru ona aukeratu ote zuen. Zaila da ilea laztu gabe entzutea:

ENTZUN: zomorro-04

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

3 pentsamendu “Strawberry Fields Forever”-ri buruz