Loturak

Begiak ixtean 2012ko oroitzapen ugari datozkit burura: Bartzelona, Madril, Kanariak, Bordele, Paris. Etxetik kanpo bizitako une izugarriak. Baina egia da ikusitako paisaia eta bisitatutako monumentu ederrak baino, aurpegiak ikusten ditudala, 1000 m/s-ko abiaduran. Munduko ostatu zatarrenaren harreragile argentinarra, zaharrunoentzako diskoteka bateko RRPP fitxa-sartzaile gaya, kubatar taberna bateko euskal jatorriko DJ errusiarra. Eta horien artean ni, ez naizela ez 1’60m-tara, ez 20 urteetara iristen.

Gizakien jokaera behatzea eta aztertzea asko gustatu izan zait beti, gehiegi agian, eta aurten pixkatxo bat ikasi dut honetaz: zeinen desberdinak garen hurbilkotzat dugun gunean edo ziurgabetasunean; nortasun bikoitza dugula esan genezake. Ikasi dut ere gaur lagun ona dena, bihar ezezagun bilaka daitekeela. Ikasi dut luzez maitalea izan dena, segundo erdia irauten duen oroitzapen izaten amaitzen duela. Eta alderantziz, gau bateko maitalea burmuinean iltzaturik gera daitekeela betiko, bizipenarekin tatuaia egin izan bagenu bezala.

Ikasi dut gerta litekeela barre algara zoroetan laguntzen zintuena ez errekonozitzea kaletik; eta norbaiti zeinekin ez duzun inoiz hitz egin, besarkada izugarria ematea larunbat gau baten. Ikasi dut maite duzun norbait topatzean hilabetez urrun izan ostean, zoriontsu izan zaitezkeela berdin maitatzen segitzen duzulako. Ikasi dut espero ez zenuenak lagun zaitzakeela, eta ordea, espero ez zenuenak bazterrean botata uzteko jainkozko gaitasuna garatu duela. Ikasi dut bizitzan zehar zerbait jaso nahi izanez gero, lehenengo zuk eman behar duzula.

Ikasi dut besterik gabe prest egon beharra dagoela etorkizunak zuretzat pentsatua duenerako, zure eskuetan dagoenarekin moldatuz, gauzak ez baitira beti espero bezala irteten. Ikasi dut denboraren poderioz gizakiok aldatzen garela, eta hortaz, baita geure harremanak ere. Ikasi dut hau onartu behar dugula, eta aurrera jarraitu, benetan merezi dutenen aurpegiak ondo gordeta dauzkagulako bihotz izeneko kaxatxo baten. Eta lotura horiek, lagunok… lotura horiek ezin izango ditu inork desegin.

2012, ikasi

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...