Let’s Twist again

Dieter Appelt-4

“Esaten dizu zerbait Santiago Cervera izenak?”

Oroitzen naiz “Twist” irakurtzen ari nintzela, halako batean izen horren pertsonai bat agertzen zela ikustean pentsatu nuela: Harkaitz Canoren irristaldia izan da, naski. Gero harrigarri egin zitzaidan Susako inor ez ohartzea, Nafarroan bagenuela izen bereko politikari ezagun bat. Nafarroan soilik, ezaguna? Ez ote zen desegokia ikusiko fikziozko pertsonai bati Carlos Iturgaiz edo Gorka Maneiro izena jartzea? Batez ere, izenak den-dena, fikziotik zein errealitatetik dagoen guztia kutsatuko lukeelako…

Holako kontuak pasa zitzaizkidan burutik, inondik inorako bidean. Azken batean, eleberriko 430 orrialdeetan hiruzpalau aldiz baino agertzen ez den izena da –pertsonaia bera ez da agertzen-. Nahiz eta paper garrantzitsu bat jokatu bai protagonistaren patuan –aitaren aldetik-, bai kasua argitzeko oztopoan.

Aparte, izen bereko politikariaren izena ere gutixko agertzen zen Nafarroako lehen lerroetara, Madrilgo bidea hartu zuenetik. Berriki arte ez da lerro-buruetara itzuli, istorio arras xelebre batekin –auskalo noraino erreala, baina edozein fikzio gainditzen duena-. Ez nintzen harrituko EAEraino ere oihartzuna iritsi bada.

Kontuak kontu, nire kasuan ez zen aski izan izen hori “Twist” eleberriarekin berriz lotzeko. Harik eta duela astebete egunkarietan agertu zen arte politikariaren aita hil dela. Izen handiko psikiatra, neurologian aditua, omen.

Nik –aitor dut- ez nuen ezagutzen. Ordura arte ez nekien bezala semearen bigarren abizena –Soto-, eta bera ere medikua dela –eta Osasunbideko buru izandakoa, hori ere ahaztua nuen-.

Gai delikatuak daude tartean, eta ez nuke fribolizazioan erori(tzea). Baina ustekotan nago ez zela Harkaitz Canoren irristaldia izan “Twist” nobelako mediku psikiatrari izen hori jartzea. Arrazoi jakin bat ez bazegoen, edo iritzi publikora iritsi gabeko informazio klasifikaturik, kointzidentzia hutsa ere ez zela izan. Baizik eta gure garuneko neuronek, modu inkontziente –edo are maila paranormal- batean gure ordez –baina gure oniritzia nolabait lortuta- hartzen duten erabaki horietako bat.

 

(47. orr.) “Eta heldu zen, azkenean, diagnosia. Santiago Cervera, familiaren aspaldiko lagun baten eskutik etorri zen susmoen baieztapena. Dallasko ospitale bateko memoria unitatearen buru zen Cervera aspaldian, eta Donostian pasatzen zuen udaldia baliatu zuten beste egoera batean haien lehen kontsulta izango zenaren iritzia biltzeko.”

(336 orr.) “–Zure aitaren laguna. Konfiantzazko medikua. –Zer zerikusi dauka Cerverak honetan? Fontechak, apurka-apurka, kartoi-paper hutsez egindako txorimalo izateari utzi dio (…) –Ofizio guztietan dago horrelako jendea, Lazkano. Jende iluna eta makurra, zaborrontziak miatzen trebea, era guztietako mesedeak egiteko prest beti (…) “Cerverak zor asko dauzka nonbait partiduarekin, ez galdetu zergatik.”

(337. orr.) Fontechak gutunazal bat luzatu dio. –Ez noa hau negoziatzera, Lazkano. Jarrai dezala aurrera epaiketak eta bedi Jainkoak nahi duena… Nekatuta nago ni ere beti gauzak ezkutatzeaz. Maskarak eranztea zer den jakin nahi dut, azpian maskara gehiago besterik ez ditugula jakin arren.”

2 pentsamendu “Let’s Twist again”-ri buruz