Sortu legezko… ekainean

20 eguneko epea zuenean, bi besterik ez ditu behar izan  estatutuak eta Barne Ministerioak bidalitako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak ikusi ostean ebazteko ezker abertzalearen alderdi berriak ezin duela erregistratu. Bi egunetan hartu du erabaki hori, Sortu legeztatzearen aldeko manifestazioaren bezperan justuki, baina martxoa arte ez du egingo eskaera hori ofizial. Fiskaltzak horretarako daukan hogei eguneko epea martxoaren 11n amaitzen da. Bestetik, Estatuko abokatuak martxoaren 4aren aurretik aurkeztu behar du Sorturen erregistroaren aurkako eskaera, hala ikusiko balu beharrezko.  

Epeak muturrera eramanda, Sortu maiatzeko hauteskundeetan egon litekeen ala ez erabaki gabe igaro daitezke hauteskundeak martxa honetan. Horrela, Espainiako Estatuak PSOEren Gobernuarekin ez luke alderdi berria legez kanpo uztearen ardurarik izango, baina de facto ez litzateke hauteskundeetan egongo, eta horrek hainbat herritan edo diputaziotan gauzak erraztu ahal izango dizkie.

ASBren erabakia hilabete eta erdira

Fiskaltzak martxoan dagoeneko erabakia duen eskaera aurkeztuta, denbora askorik ez dago Auzitegi Gorenak Sortu legezkoa dela ebatziko balu alderdi berria hauteskundeetarako garaiz erregistratzeko. Abertzale Sozialisten Batasunaren kasuan hilabete eta erdi behar izan zuen Auzitegiak (kontrako) epaia emateko. Beraz, epea muturrera eraman eta martxoaren 11n egingo balio Auzitegi Nazionalari eskaera, hilabete eta erdiko epean apirilaren 25a izan liteke Auzitegi Nazionalak bere erabakia jakinarazteko. Alegaziorik balego bost-hamar eguneko epean horiek aurkeztu ostean, auzi saio bat egingo litzateke, eta bertan erabaki. Auzitegi Nazionalak erregistroa ukatuko balio, Konstituzionalera jo lezake Sortuk.  

Alderdi berria udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko apirilaren hasierarako legeztatuta egon beharko luke. Izan ere, apirilaren 13tik 18ra bitartean aurkeztuko dira hautagaitza zerrendak, eta hilaren 20an egingo dira publiko. Apirilaren 25ean aurkeztu beharko lirateke maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan  parte hartuko duten zerrenda definitiboak.

Sortu legezko izan liteke hauteskundeak pasa eta gero

Irudia | Sortu legezko izan liteke hauteskundeak pasa eta gero | x | LGPL
ezker abertzalea, hauteskundeak, Legalizazioa

3 pentsamendu “Sortu legezko… ekainean”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague
    Gonzalo Etxague 2011-02-19 12:21

    Barne Ministerioaren joko zikinak arazo larria izan lezake, ordea: Ezker Abertzaleak “b plana” (koalizioa, herri-plataforma…) aukeztekotan, pentsatzekoa da Sorturen oinarri bereberekin aurkeztuko duela, hau da, bortxakeria politikoaren eta ETAren balizko atentatuen arbuio argiarekin; orduan, Auzitegi Gorenak zein Konstituzionalak hauteskundeak baino lehen oinarri horiek epaitu beharko dituzte, mamian sartu beharko dira; eta, gainera, geroxeago, Sorturen inguruan erabaki behar dutela ahaztu ezinik. Estatua egon liteke larri, ez Ezker Abertzalea, gakoa ez baita alderdi berria legeztatzea ala ez, baizik eta Alderdien Legea zorrotz betetzen dituzten oinarri politiko berriak epaitzea, Estatuak inposatu dituen horiexek beraiek.

  • Ez nago oso ados Gonzalok planteatzen duenarekin: Barne Ministerioak berdin-berdin jokatuko du ‘B plana’-rekin, egongo balitz. Koalizio nahiz herri plataformetan Sortu tarteko bada ez dira legezko izango. Beste kontu bat da zerrenda “garbietan” ezker abertzaleko jendea sartzen bada.
    Rubalcabaren hasierako hitzak entzunda Sortu hauteskundeen aurretik legezko izango zela pentsatzen nuen, baina orain gero eta argiago ikusten dut A.Etxanizek planteatzen duena gertatuko dela: hauteskundeen ondoren legeztatuko dute. Orduan, zein izango litzateke C plana? Alderdien legearen aurka dauden alderdi guztiek uko egitea hauteskunde ez-demokratiko horietan parte hartzeari. Ez dut beste irtenbiderik ikusten.

  • Gonzalo Etxague
    Gonzalo Etxague 2011-02-19 13:41

    Ez dut planteatu nola jokatuko duen Barne Ministerioak, horretaz zalantza izpirik ez daukat eta: Estatuak beti normalizazioaren aurka jokatuko du, beti. Hori argi ez badaukagu, jai daukagu. Argi eduki behar dugu estatu antidemokratiko baten aurrean gaudela, bereak eta bi egingo dituela gure miseria lortu arte. Bestelako kontua da legezko izateko eztabaida (baldintzak eta) hauteskudeen aurretik edo ondoren etorriko den, eta orduan nik esaten dut ezinbestez aurretik etorriko dela, eta ez dakit hori Rubalcabari eta epaileei komeni zaien ala ez. Ez dut uste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude