Searching for Sugar Man, Malik Bendjelloul
Iraupena: 86 min.
Urtea: 2012
Searching for Sugar Man-i buruz irailean entzun nuen estreinakoz, New Yorken nengoela. Ea Rodriguez izeneko kantaria ezagutzen nuen eta nik ezetz; ea espainiarra zen nik eta hark ezetz, estatubatuarra zela, Bod Dylanen garaikoa. Ideiarik ez nuela. Ba ikusteko hari buruzko dokumentala, ez nintzela damutuko.
Eta iritsi zen Dock of the Bay jaialdia, jada Donostian nengoela, eta hutsik ez egiteko mandatua ipini nion nire buruari. Ordurako banuen informazio gehiago. Sundance jaialdian egon zela, hainbat sari emanak zizkiotela eta abar (Oscar sarietarako izendapena zenbait egun beranduago etorriko zen). Eta, baiki, gustura asko ikusi genuen filma Trueba aretoan.
Filma, funtsean, istorio on batek goratzen duela iruditu zitzaidan. Adibide egokia da frogatzeko istorioak, plot-ak, zelako indarra duen, bereziki zineman. Ez du aparteko material grafikorik eskaintzen, ezta kontamolde berezirik ere. Rodriguezen beraren istorioa da filmaren erdigune, eta noski, taxuz kontatua dagoen arren –emaitza ezin halakoa izan bestela- publikoa Rodriguezen istorio ezezaguna deskubritzeak liluratzen du batez ere.
Izan ere, istorioa kultura modernoko topiko baten biribiltze perfektua da nolabait. Hots, nola artista bat bere garaian guztiz ezezaguna izan, arrakastarik batere ez eduki –medio guztiak eskura izan arren-, erabat ahaztua izan eta handik urte batzuren buruan berraurkitzen den. Kultuzko bihurtzen den artista bazterreko baten istorioa, alegia. Eta topiko horri zehazkiago pop kulturakoa den beste topiko bat gehitzen zaio: zendua uste den artistaren berragerpenarena (Elvis, Jim Morrison, Jesús Gil eta abar).
Sixto Rodriguez Detroiten lekututako folk kantaria zen 60. hamarkadaren hondarrean eta 70.naren hastapenetan, eta esan bezala, apenas izan zuen arrakastarik orduan argitaratu diskekin –Cold Fact eta Coming from Reality-. Patuaren jira eta birekin, ordea, Apartheid-aren Hegoafrikan haren jaioterrian erdietsi gabeko sona lortu zuen askatasunaren aldeko sinbolo bihurtzeraino, baina, musika-industriaren zekenkeria eta ustelkeria medio, kantaria jakinaren gainean egon gabe. Haren musika Hegoafrikan aski ezaguna izanagatik, ostera, apenas ezer ezagutzen zen han ere kantariaren beraren inguruan. Hilik zegoela jakiteaz gain –heriotzaren inguruan hainbat teoria, zein baino zein dramatikoagoarekin- ezer gutxi zen ezagun. Alabaina, halako batean kazetari gazte batek Rodriguez delakoaren inguruan ikertzea deliberatzen du (Parental advisory, spoiler coming), oraindik Detroiten bertan bizi den aita familiakoa dela deskubritzen duelarik. Hala, 90etan hainbat bira antolatuko dizkiote Hegoafrikan, bertako zale ugarien zorion eta Rodriguez beraren harridurarako.
Filmaren alderdi indartsuenean, istorioan alegia, daude, halaber, ahulgune nagusiak. Uste dut zuzendaria, istoriagatik sobera liluratuta-edo, filmari biribiltasun biribilegia ematen nahasten dela momenturen batean. Pieza guztiak ondoegi ahokatzen direla dirudi, eta ez da zaila ikusleari punturen batean gehigizka ari direlako susmoa piztea, filmaren beraren sinisgarritasunaren kaltetan. Bestetik, hastea gehiegi kostatzen zaiola iruditu zitzaidan, eta erabilitako baliabide bat edo beste –animazioak ditut orain gogoan- apur bat patilleroak zirela.
Edonola ere, ziur aski, eragozpen hauek adostasun hain erabatekoaren aurrean bilatutako keriak besterik ez dira, zeren, ezbairik gabe, dokumental gomendagarria da Searching for Sugar Man, behin harrapatzen zaituelarik ia oharkabean eramaten zaituen istorio horietako bat. Amaitu aurretik esan dezadan Nick Draken kasua gogorarazi zidala filmak, garai antzetsuetakoak izateaz gain, bien musikak ez zeudelako hain urruti ere –batez ere zenbait moldaketetan-. Iban Zalduak badu ipuin bat (Playa Negra, Biodiskografiak liburuan) Nick Drake oraindik bizi delako hipotesiarekin jolasten duena. Bada, bai, Sixto Rodriguezen istorioa Nick Drake berpiztu izan balitz bezala da, baina Cadizeko kostaldean izan beharrean Hegoafrikan.
Puntuazioa: 7.6
(Jatorrizkoa Separata blogean)
RT @zuzeu: ‘Searching for Sugar Man, Malik Bendjelloul’ @bsarasola-ren kritika http://t.co/IR4tkIMH