Danborradaren burrunba nazioartera zabaldu zen Sydneytik Argentinara

Amaitu da, ixildu dira danborrak Donostian eta Azpeitian, 24 orduko zoramenaren ostean. Euriak eta haizeak ezin izan zuten San Sebastian eguneko jai handia zapuztu, eta Euskal Herritik nazioartera zabaldu zen danborren hotsa, munduko euskal etxeetan izan zuen oihartzunari esker. Argentinan, Arrecifeseko Euskal Etxeak aurrenekoz ospatu zuen jaia, Mexikon DFko Euskal Etxeko danborrariek hainbat urteko eskarmentua erakutsi zuten eta Madrilen Txikien Danborradak txalo zaparrada eskuratu zuen. Jarraian, jai horietako zenbait argazki eta bideo.

Mexikoko Euskal Etxeko danborrariak

Mexikoko Euskal Etxeko danborrariak pozik elkartearen jaian Sarriegiren doinuak jo eta gero (argazkia VascosMexico)

San Sebastian egunak urtetik urtera zale gehiago biltzen ditu, bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere. Aurten, gainera, bezpera larunbatean izateak euskal etxea askotan festa antolatzeko aukera bikaina eman zuen. Horrela izan zen Argentinako Arrecifesen, izan ere euskal etxeak aurrenekoz antolatu zuen jaia ospatzeko afaria. Eta ederki ospatu ere!

[Arrecifeseko Euskal Etxeko bazkideak San Sebastian martxa jotzen]

Arrecifes Tamborrada 2013

[Danborrada jo eta gero giroak alai jarraitu zuen Arrecifeseko euskal etxeko tabernan (argazkia: ArrecifesEE)]

Mexikon, DFko Euskal Etxea jaia antolatzen duten elkarteen artean beteranoa da, eta aurten ere mexikar danborrariek maila bikaina erakutsi zuten, Alfredo Jover Danbor Nagusiaren zuzendaritzapean. Elkartea lagunez bete zen jaia giro onean ospatzeko.

Mexiko Tamborrada 2013

[Mexikar danborrariak, jotzeko prest (argazkia: VascosMexico)]

Australiaraino ere heldu ziren danborradaren hotsak, Sydneyko Gure Txoko elkarteari esker. Euskal Etxeak primerako bazkaria antolatu zuen, Peru Almandoz sukaldari donostiarrak prestatuta eta elkartea jendez bete zen. Madrilen Euskal Etxeak afaria egin zuen bezperan, eta igandean Txikien Danborrada atera zen elkartearen inguruko kaleetara, erakustaldi ederra eskainiz.

Madrid Tamborrada Txiki 2013

[Madrilgo Txikien Danborrada euskal etxearen ondoko plazara irten zen jotzera (argazkia: MadrilEE)]