Saharar herriaren espoliazioan oinarritutako slam poetry bat

Saharar herriaren espoliazioan oinarritutako slam poetry bat –

Webgune bat, slam poetry bat eta merkatu-postu ibiltari bat dira «Elikatu eskubideak, gelditu espoliazioa» kanpainak garatuko dituen hiru jarduera nagusiak, Espainiako Estatuko merkatuetan saltzen diren elikagai batzuk Mendebaldeko Saharatik modu irregularrean datozela, lurralde horren okupazioa ikusezin bihurtzen dutela eta baliabideen espoliazioak sahararren giza eskubideak urratzen dituela salatzeko.

«Elikatu eskubideak, gelditu espoliazioa» MUNDUBAT Fundazioaren kanpaina da. Kanpaina horren bidez, kontsumitzen diren elikagaien jatorriari, horiek sortzeko baldintzei, eragindako pertsonei eta horiek giza eskubideetan duten eraginari buruz sentsibilizatu nahi da, eta erosleen erabaki-ahalmenak garrantzi handia du horretan.

Kanpainaren lehen ekintza www.alimentacionelexpolio.com web orria argitaratzea da, dagoeneko sarean eskuragai dagoena. Sahara okupatuaren egoera historikoari buruzko datuak eskaintzen ditu web orriak, eta informazio garrantzitsua ematen du Sahara okupatutik gure merkatuetara iristen diren eta bertako biztanleen giza eskubideak urratzen dituzten produktu batzuen ekoizpenari eta komertzializazioari buruz. Hala, kontsumitzen diren produktuen jatorria ezagutzearen garrantzia azpimarratzen du, alegiazko merkatu-postu bat birsortuz.

Kanpainaren bigarren etapa apirilaren 30ean izango da, Bretxa azokaren inguruetan, 17:30ean. Slam poetry ekitaldia izango dugu bertan, hau da, mikrofono irekian egiten den poesia-errezitala. Bertan, parte-hartzaileek saharar herriaren espoliazioan oinarritutako beraiek idatzitako testu bana interpretatuko dute.

«Te lo contamos, cantando» izeneko kontzertu horretarako, Apazlabrando elkartea gonbidatu dute, zeinen kideak (Psico eta Dyso) nazio mailako slam poetry ekitaldiaren irabazleak izan diren. Beste rap-kantari ekintzaile batzuk ere gonbidatu dira, besteak beste, Hijo del Desierto Yslem sahararra eta La Basu rap-kantaria.

Slam ekitaldiarekin batera alegiazko merkatu-postu ibiltaria antolatuko da. Bertan, merkatuetako ohiko kontsumitzaileek eta saltzaileek hainbat produktu (arraina, olagarroa, tomatea, etab.) erosi ahal izango dituzte irudiz, eta, horrela, produktu horien jatorria eta horiek saharar biztanleengan eta giza eskubideetan duten eragina ezagutu ahal izango dute.

Saharar herriaren espoliazioan oinarritutako slam poetry bat

Saharar herriaren espoliazioan oinarritutako slam poetry bat