Sagardo Astea abian

Inaugurazio ekitaldiarekin hasiera eman zaio Sagardo Asteko bederatzigarren edizio honi. Urriaren 7tik 14ra bitartean, ekitaldi ugari izango ditugu.  Inaugurazio ekitaldian, Maria Jesus Aranburuk, Kultura eta Euskara Diputatuak, Juan Carlos Zuloagak, Nekazaritza eta Landa Ingurunearen Garapenenerako Zuzendari Nagusiak, Aitziber Etxezarretak, Ezkio-Itsasosoko Kultura zinegotziak, Mikel Serranok, Urola Garaia Eskualdeko lehendakariak, Patxi Plazaolak, Goierri eskualdeko lehendakariak eta Arantxa Eguskitzak,  Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko lehendakariak parte hartu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren IX. Sagardo Lehiaketako irabazleei sariak banatu zaizkie. Lehen saria Adunako Zabala sagardotegiko Martin Zabalak eskuratu du, Hernaniko Altzueta sagardotegiko Juan Goikoetxea bigarren sailkatu da eta hirugarren saria, berriz, Astigarragako Astarbe sagardotegiko Jose Manuel Astarberentzat izan da.

Sagardo Asteko ekitaldi programa aurkeztu ondoren, ganbarara igo eta sagarraren usaina, lehen muztioaren lurruna eta aspaldiko lan baten lekuko izateko aukera eta esperientzia honetaz gozatzeko aukera izan dute Igartubeitira bertaratu direnak. Hauen artean, Carlos Ormazabal, Garapen Iraunkorreko Departamentuaren Diputatua, Lenbur Fundazioko Aurelio Gonzalez, Jakoba Errekondo Zerain Dezagun Fundaziotik, Xabier Lasaga, Aquariumetik, Mertxe Urteaga, Oiasso Museotik, Angel Garcia Ronda hurbildu dira inaugurazio ekitaldira.

Sagardo Asteko programazioa

Zanpaketak

Sagar zanpaketak egunero izango dira, goizez. Asteburu eta Pilarika egunean eguerdian, 12:00etan zanpaketa bat egingo da,  eta arratsaldez, 17:00etan beste bat izango da.Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuan ordea, Jo ala jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150kg sagar gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik.

Antzezpenak

Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute. XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete.  Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira.

Sagardoa kirikoketa erritmora

Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatuko ditu, larunbat, igande eta astelehenean, urriaren 9, 10  eta 12an. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da,  usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik. 

Hiru zentzuekin sagardo dastaketari buruzko jardunaldia

Ez da gauza bera edatea eta zaporea hartzea, probatzea eta dastatzea… Hurbildu zaitez sagardoaren mundua, bere berezitasunak, bere sekretuak ezagutzera, sagardogintzan aditu ezagunen eskutik.

Sagardoa, freskagarria edo edari noblea?

CARLOS DELGADO. Kazetaria, El País-eko ardo kritikaria, Sicer-eko Muestra Internacional de la Sidra de Calidad-eko Komisarioa, MIVino eta Vinum-en sortzaile eta zuzendaria 2009rarte, “Manual del Santo Bebedor” (Amargord) eta “El nuevo Libro del Vino (Alianza Editorial), dibulgazio liburuen egilea.

Sagardoa, ohitura baino zerbait gehiago

OIHANA GANZERAIN. Zelaia Sagardotegiko Nekazari Teknikaria. Hernani.

DASTAKETA-KATA GIDATUA ETA IREKIA, jardunaldiaren ondoren Koldo Mitxelenako atarian.

Urriak 13, arratsaldeko 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean

.III. Sagardo Astea Argazki Digital Lehiaketa

Sagardo Astea zure mugikorretik! Parte hartu eta saria lortu!

Sagar edo Sagardoarekin egindako errezeten lehiaketa

Bidali igartubeiti@gipuzkoa.net-era eta lortu 2 lagunentzako afaria. 

Sagar erakusketa

Ezkio-Itsason bildutako sagar bariedadeak ikusgai izango dira sagar astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, golden, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste. Yartu elkarteak, Ezkio-Itsasoko udaletxearen laguntzaz antolatutako erakusketa, interpretazio gunean kokatua.

Igartubeiti baserriko dolarean sagarra jotzen

Irudia | Igartubeiti baserriko dolarean sagarra jotzen | Igartubeiti | Creative Commons By SA