Llanos eta Berasategi, Hawaiiko triatloian

1978an jokatu zuten lehen urtez proba hau Hawaiin. John Collins infanteak zalantza bat zuen: igerilariak, txirrindulariak ala korrikalariak? Kirolari osoenak zeintzuk ziren jakin nahi zuen, eta horregatik antolatu zuen Ironman-a –burdinazko gizona esan nahi du ingelesez- Urte hartan baina, Waikikin egin zuten, eta 1981an lekuz aldatu zuten Kona irlara. Bertan egiten da gaur egun ere. Probaren irabazleen zerrendari begiratuta, gizonezkoetan Dave Scout eta Mark Allen estatubatuarrak goraipatu behar dira, seina bider nagusitu baitira Hawaiin. Emakumezkoetan, Zimbabueko Paula Newby Fraserrek zortzi aldiz irabazi du proba.Joan den urtean, Craig Alexander australiarra gailendu zen gizonezkoetan eta Christie Wellington ingelesa emakumezkoetan. Virginia Berasategik balentria egin zuen, hirugarren bukatu baitzuen.

Eneko Llanos -34 urte ditu-, bere aldetik, 14. postuan helmugaratu zen. Aurreko bi urteetan, bosgarren eta bigarren bukatu zuen, hurrenez hurren.Aurten biak sasoi betean iritsi dira triatloi famatuenera. Eneko Llanosek zortzi triatloitan parte hartu du eta haietako bostetan nagusitu da: Abu Dhabin, Lanzaroten, Zarautzen, Gasteizen eta Mallorcan –duela egun gutxi-. Gainerakoetan, bigarren edo hirugarren sailkatu da.  Hawaiira irabazteko, edo behintzat podiumera itzultzeko asmoz abiatu da Llanos. Biek irabazi zuten Gasteizen udaberrian jokatutako Europako Txapelketa. Virginia Berasategirentzat -35 urte-, dena dela, oso denboraldi zaila izaten ari da, erorikoek bere prestakuntza hankaz gora jarri baitute.Euskal Herriko beste zenbait kirolari Hawaiin izango dira, helburu apalagoekin bada ere: Zumarragako Jon Azpiazu, Errezilgo Andoni Ibarbia, Atauneko Iker Baztarrika, Urretxuko Aritz Egea…

Eneko Llanos bizikleta saioan

Irudia | Eneko Llanos bizikleta saioan | Ezezaguna | Creative Commons By SA

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.