Gazan izandako euskal brigadistek Israelen zigorgabetasuna eta nazioartearen pasibitatea salatzen dute

MzUwMA==

Aurten Komite Internazionalistetako brigadetan parte hartu dugun 27 euskal brigadistok Israel Palestinan bertako herritarren aurka ezartzen ari den politika genozida salatu nahi dugu. Politika hau bereziki oldarkorra da Gazako herritarren aurka, eta are eta larriagoa da kontutan hartzen badugu nazioarteak paso egiten duela bidegabekeria honen aurrean.Ez da lehenengo aldia Komite Internazionalistetako brigadak Gazan sartzen direnik, sarri egin izan dugu.

Uda honetan, uztailan eta abuztuan zehar, hiru izan dira Palestinako lurraldea zeharkatu duten taldeak, Gaza eta Israelek 1948. urtean okupatutako lurraldeak barne. Ibilbide honetan zehar geure begiekin ikusi ahal izan dugu Israelgo estatuak palestinarren aurka etengabe darabilen basakeria. Horren inguruko hamaika lekukotza jaso ditugu.

Israelek lortu du nahi zuena: Gaza eta Zisjordania fisikoki eta politikoki banandutako bi errealitate izatea. Zuloz betetako lurraldea, harresiak eta koloniak ahitutakoa. Israelek aurrera darrai Jerusalemgo judeizazio proiektuarekin, familiak euren etxeetatik botaz eta euren lur eta bizimoduetatik desjabetuz. Okupatutako Zisjordania, bakandua eta ekonomikoki itotakoa.

Handik kilometro gutxira, lurrez, itsasoz eta airez erabat setiatutako Gaza. 1.500.000 pertsona konfinatuta munduko kontzentrazio eremu handienean. Populazioaren %80 errefuxiatua den lekua, zortzi errefuxiatu-gunetan bananduak. 2008ko abendutik 2009 urtarrila bitartean Israelek egindako azken sarraski handiaren ondoren, gazako herritarrak euren etxe, ospitale eta eskoletako hondakinen artean bizitzen jarraitzen dute. Argindarraren mozketak ohikoak dira, ez dute ur-edangarririk, bizirauteko ezinbestekoak diren oinarrizko produktuak ezin dituzte eskuratu. Israelek ez du uzten  pertsonak sartzea edo irtetea, osasun arazoengatik premia larria izan arren. Gaza giza-krisi larria bizi du, nazioarteko komunitatearen muturren aurrean; hala ere, honek begiak itxi eta Israeli bonbardatzen jarraitzen uzten dio, herritarrak bidegabeki hiltzea baimentzean dio. Negoziazio faltsu bakoitza, bako akordio bakoitza, aukera berri bat Israelek Apartheid Harresia eta koloniak eraikitzen jarraitu dezan, ordezkari politikoak atxilotzen jarraitu dezan, eta, azken finean, Palestina palestinarrez husten jarraitu dezan. Hori da sionismoaren helburua: Palestina historikoan soilik judutarrentzat izango den estatua sortzea, kosta hala kosta.

Baina Palestinako herritarrek euren burua defendatu eta euren lurrean bizitzen jarraitzeko duten eskubidea gauzatzen jarraitzen dute. Eta gaur, Euskal Herritik, herri eredugarri honi bidezko konponbide baten bila egiten ari den bidean gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Eta, era berean, Palestinako okupazioa amaitu arte Israelen aurkako boikot kanpainan lan egiteko gonbita luzatu nahi dugu. Boikotak dituen adiera ezberdinak kontutan hartuta, –ekonomikoa, kulturala, akademikoa edo kirol-arloa– ekintza hauei batzeko deia egin nahi diogu euskal gizarteari.

Irudia | Palestinako herria zutik! | Nobody | Creative Commons By SA
brigadak, Gaza, internazionalismoa, Palestina

Elkartasun politikorako euskal erakunde internazionalista

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude