Sagardo Astea, urriaren 7tik 16ra bitartean, Igartubeiti Baserri Museoan

Sagardo Astea, urriaren 7tik 16ra bitartean, Igartubeiti Baserri MuseoanGipuzkoako Foru Aldundiak, Igartubeiti dolare-baserri hau zaharberritu du, baserriaren urrezko aroko, hau da, gure historiako garai jorienetako, adierazle bikaina berreskuratzeko eta gure arbasoen bizimodura hurbiltzeko asmoz.

Museo bizia izateko sortua denez, eta aurreko esperientzien arrakasta kontuan harturik, Yartu kultur elkartearekin eta Ezkio-Itsasoko Udalarekin lankidetzan, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura jarraituz, dolareko lana berreskuratu eta jendeari jarduera haren berri zuzenean eta zehatz-mehatz eskaintzea erabaki dugu.

XVI. mendeko zurezko egitura hau indarrez bihurritzea, sagarraren usaina eta lehen muztioaren lurruna, aspaldiko lan baten lekuko izatea…. jardun honetan dena da zirraragarri.

.

EGITARAUA:

Hasiera ekitaldia eta aurkezpena, urriak 7, asteazkena, 18:30etan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sariak XIV. Sagardo Lehiaketako irabazleei diplomak ematea

 

Zanpaketak

Sagar zanpaketak egunero izango dira, goizez, 11:30etatik aurrera. Asteburuan eta jaiegunean, 12:00etan zanpaketa bat egingo da, eta arratsaldez, 17:00etan beste bat izango da.
Aurten lehen aldiz bisitariek sagar prentsaketaz gozatzeko aurrez izena eman ahal izango dute.
Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50 kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuan ordea, Jo ala Jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150 kg sagar gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik.

 

Antzezpenak

Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute.

XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitzegingo diete. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira.

Larunbatean, urriak 10ean, igandean, urriak 11ean eta astelehenean, urriak 12an:
11:30-12:00; 13:00-13:30
16:30- 17:00; 18:00-18:30

 

Sagardoa kirikoketa erritmora

Arizkungo Jo ala Jo taldeak sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatuko ditu, larunbatean eta igandean, urriak 10ean, 11ean eta 12an, 12:00etan eta 17:00etan. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da.

Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.

 

Sagar erakusketa

Ezkio-Itsason bildutako sagar bariedadeak ikusgai izango dira sagardo astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste.

Yartu elkarteak, Ezkio-Itsasoko udaletxearen laguntzaz antolatutako erakusketa, baserriaren atarian kokatua.

 

Bisita gidatuak San Migel Ezkioko elizara

Urriak 10, 11 eta 12an bisita gidatuak eskainiko dira XVI. mendeko San Migel Ezkioko elizara. Aipagarriak dira, arku zorrotzeko ataria, erretaula errenazentista, San Migelen irudia eta Germano mendiko agerraldien erliebeak, besteak beste.
Bisitak 10:30etatik 11:30etara izango dira eta aurrez izena ematea beharrezko da igartubeiti@gipuzkoa.eus, 943 72 29 78.

 

Sagar mota ezberdinen dastaketa

DATA: Urriak 9, 18:30etatik aurrera.

Ezkio-Itsason bildutako sagar barietate ezberdinen kata gidatua Jakoba Errekondoren eskutik..
Toki mugatuak. Izen ematea igartubeiti@gipuzkoa.eus, 943 72 29 78.

 

Bertatik Bertara sukaldaritza tailerra eta dastaketa.

DATA: Urriak 16, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Igartubeitiko Interpretazio zentroan.
Santa Barbara jatetxeko Manex Buronek bertako baserri produktuekin zenbait errezeta egingo ditu.
Toki mugatuak. Izen ematea igartubeiti@gipuzkoa.eus, 943 72 29 78.

 

“Sagardo Astea” Menu berezia

Ezkioko Argindegi ostatuan, Labekoa Jatetxean eta Itsasoko ostatuan Sagardo Astea menu berezia eskainiko da urriaren 7tik 16ra bitartean.

 

ASTE OSOAN ZEHAR:

VIII. Sagardo Astea Argazki Lehiaketa

Sagardo Astea kamaratik edo mugikorretik! Parte hartu eta lortu saria!
Informazioa eta oinarriak: www.igartubeitibaserria.net
Sagarra & Sagardoa errezeten lehiaketa

Bidali zure errezeta igartubeiti@gipuzkoa.eus-era eta irabazi 2 lagunentzako bazkaria.
Informazioa: www.igartubeitibaserria.eus/eu/agenda/sagar-edo-sagardoarekin-egindako-errezeten-lehiaketa-1

 

OHARRAK:

Jende kopuru murriztua. Erreserbak aurrez egiteko aukera.

Segurtasun arrazoiak direla eta, prentsaldia egiten den gunean, lehen solairuan, sarrera murriztua izango da eta lehen aldiz erreserbak egiteko aukera izango da, urriak 10ean, 11ean eta 12an izango diren bi prentsaketetarako, 12:00etan eta 17:00etan.